Duatloia

Pello Osororen beste erakustaldi bat Arbizun

Maider Betelu Ganboa 2023ko api. 3a, 10:50

Gizonezkoetan gipuzkoarrak hiru minutu pasa atera zizkion Altsasuko Duatloia irabaztetik zetorren Mikel Astiz ihabardarrari. Emakumezkoetan, Altsasuko Duatloiko irabazle Nuria Rodriguez gailendu zen. Sortzaileek omenaldia jaso zuten.

Arbizuko Duatloia marsuaren 25ean jokatu zen eta 25 edizio bete zituen. Proba hasi baino lehen, Arbizuko lau dantzarik aurreskua eskaini zioten Sebastian Insaustiri, sortzaileetako bati, eta orduan Arbizuko udaleko kide zen Antonio Ieregiri, duatleten eta ekitaldira hurbildutakoen txalo artean. Eguzkitsu baino fresko, hori zen eguraldia, eta duatletek bazekiten haizea kontra izango zutela. 

Arbizuko Duatloia proba gogorra da. Aurten, aldi berean, Nafarroako Duatloi Estandar Txapelketa izan zen. Hasteko, irteera hartu zuten 106 duatletek herrian prestatutako zirkuituari bi itzuli (8 km) eman zizkioten. Lehen itzulian Kirol Bat taldeko Mikel Faberrek Mikel Astiz ihabardarrari (Hiru Herri) eta Peñota Dental Alusigma taldeko Pello Osoro eibartarrari aldea atera zien. Baina gutxi iraun zuen egoerak, bigarren itzulia eman eta trantsizio gunean bizikleta hartzen lehena Bombers Vitoria Triatlon Club taldeko Alberto Diaz izan zen, ondo-ondoan, Pello Osoro eta Mikel Astiz zituela. Aurreikusten zen moduan, bizikleta tarteak erabaki zuen. 

Osorok bizikletan apurtu zuen proba
Bizikleta tartean -Lizarragako Katea igo, Etxarri Aranaztik jaitsi eta Arbizurainoko buelta, bi aldiz, guztira 32 km osatuta- Osorok hegan egin zuen. Nagusitasun handia erakutsi zuen, hiru minutu pasa atera baitzizkion Mikel Astizi. Ihabarkoaren indargunea bizikleta dela kontuan hartuta, sekulakoa. Bizikleta utzi, eta 4 kilometroko azkeneko korrikaldian Osorok aldeari eustea lortu zuen, eta txapeldun handia izan zen, Arbizuko proba 1:36:55 denboran despedituz. 3 minutu eta 12 segundora Mikel Astiz sartu zen, lehen nafarra, eta, beraz, Nafarroako Duatloi Estandar txapelduna. Hirugarren Aoiz taldeko Ion Bermejo izan zen (1:41:52). “Haizea kontra izan dugu, baina okerrago izango zela pentsatzen nuen, uste baino hobe ibili gara” zioen Osorok helmugan. Arbizun aspaldiko ezaguna da Osoro. Behin bizikletan etorri zen Arbizura Eibartik, segidan duatloi probari ekiteko. Arbizuko proba jarraitzen zeuden askok zuten pasadizoa gogoan. “Uste dut laugarren aldiz irabazi dudala hemen, ez nago ziur” gaineratu zuen, garaipenarekin pozik. 

Mikel Astiz ere kontentu zegoen egindako lanarekin. “Joan zen urteko denbora tarte berean ibili naiz, eta pozik nago. Osororena, apartekoa da” azaldu zuen Nafarroako txapeldunak. Denboraldi hasiera gogorra du, astebururo probaren bat baitauka, eta zenbait garaipen, Altsasuko Duatloia tartean. “Asteburuan, apirilaren 1ean, Zuiako Duatloian aritu eta gero atseden hartuko dut”. Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulatek ere maila bikaina eman zuen, seigarren sailkatu baitzen (1:44:15). Bera ere egindakoarekin pozik zegoen. Azpimarratzekoa izan zen ere Francisco Javier “Pitxi” Gomezen lana. Altsasuko beteranoa 18. postuan sailkatu zen, eta V2 beterano mailako txapelduna izan zen (1:50:19). 

Emakumezkoetan asteburu lehenago Altsasuko Duatloia irabaztetik zetorren Hiruki taldeko Nuria Rodriguezek ez zuen areriorik izan (2:001:59). Ia hiru minutu atera zizkion Cafes Foronda taldeko Diana Vecillasi (2:04:58). Nahiz eta korrikako lehen itzulian Vecillasek aurrea hartu, Rodriguez alde hori murrizten joan zen eta bizikletan distantzia handia hartu zion Vecillasi. Diablillos de Rivas Triatloi taldeko Carlota Perurenak itxi zuen podiuma (2:06:53). “Haizeak kontra jotzen zuen, baina bereziki korrikako tartean nabaritu dut hori, Arbizuko kanping aldera igotzen ginenean. Bizikletarekin gustura ibili naiz, ez dut haizearen sentsazioa horrenbeste nabaritu” azaldu zuen, garaipenarekin pozik eta hankak guztiz kargatuta zituela aitortzen zuen bitartean. Proba irabaztearekin batera Nafarroako txapelduna izan zen.

Mikel Astiz eta Nuria Rodriguez dira Nafarroako Duatloi Estandar txapeldunak

Erreleboetan bikote bakarrak hartu zuen parte, Hiruki taldeko Mercedes Avellok eta Erik Sebastianek (2:01:07), eta beraiendako izan zen saria.

Aurten paratleta batek hartu zuen parte, ikusmen arazoak dituen Iñaki Hernandezek. Sanchez izan zuen gidari, eta bizikleta tartea tandem bizikletan osatu zuten. 68. sailkatu ziren (2:18:22). 

Herrikoia
Proba herrikoian edo Arbizuko Duatloiko distantzia erdian (4 km korrika, 16 km bizikletan eta 2 km korrika) Añorga Kirol Elkarteko Oier Irazusta jubenila gailendu zen (52:16), Hiru Herriko Iker Lopezi 2:24 minutu aterata (54:40). Julen Ornat hirugarren izan zen (55:11). Emakumezko onena Hiru Herriko Niobe Arregi jubenila izan zen (1:03:12). Luismi Chaves lakuntzarra 13. postuan sartu zen (1:04:14). 

Beraz, beste behin, maila handiko proba izan zen Arbizuko Duatloia. 25. edizioa zenez, batzar gelan argazki erakusketa jarri zuen udalak. Guztia ongi atera zenez, udalean kontentu zeuden. Datorren edizioari begira. 


Sakandarrak 25. Arbizuko Duatloian
Proba luzea (8 km-32 km-4 km)
Gizonak
1. Pello Osoro 1:35:55
2. Mikel Astiz  1:40:07
6. Sergio Garcia Eulate 1:44:15
18. Fco. Javier Gomez 1:50:19
27. Antton Zelaia 1:51:26
42. Ruben Garcia 1:57:41
50. Jose I. Mikeo 2:00:19
59. Mikel Lakuntza 2:07:49

Emakumeak
1. Nuria Rodriguez 2:01:59

Erreleboak
1. Mercedes Avello / Erik Sebastian 2:01:07

Proba herrikoia (4 km-12 km-2 km)
Gizonak
1. Oier Irazusta 52:16
12. Luismi Chaves 1:04:14

Emakumeak
1. Niobe Arregi 1:03:12