"Zeinen ederra izango den, eguzki izpiak zure itzalak belarretan marrazten..." 2020ko apirila zen ZETAK taldeak Zeinen Ederra Izango Den abestia kaleratu zuenean. Koronabirusaren pandemiaren eta itxialdiaren erdian. Abestia ia ereserki bat bihurtu zen, garai horretan bizi zenaren "itxaropen" kantu bat. Handik gutxira eta esperantza mezuarekin jarraituz Pello Reparazen musika proiektuak jaialdi bat antolatuko zuela jakinarazi zuen. Hasiera batean data bat baino ez zuen jarri, eta tokia jakin gabe ere sarrera asko saldu ziren. Festibalaren izena ZEIDFEST: Zeinen Ederra Izango Den Fest. Pandemia egoera zela eta, festibalaren ospakizuna atzeratuz joan behar izan zuten 2022ko apirilaren 2ra arte; lehenengo ZEIDFEST jaialdia egin zuten Barakaldoko BECen, oso arrakastatsua. Gelditzeko sortutako jaialdi bat zela ikusten zen, eta, momentuz, bigarren edizioa ospatu zuten apirilaren 1ean.
"Pello Reparazen buruan sartu behar gara jaialdiaren sorrera ulertzeko. Hainbeste urtetan beste musika talde batean ibili ondoren, proiektua amaitu, zenbait urte ikasten egon, dirua aurreztu proiektu batean inbertsioa egiteko, ZETAK munduratu eta hiru hilabetetara pandemia". Julen Hernandez ZEIDFESTaren komunikazioa eta estrategia arduraduna da, eta azaldu duen 2023. urtetik eta "nire ikuspegitik" jaialdiaren sorrerara joatea "zaila" egiten zaio
Kontzertu guztiak bertan behera gelditu ziren eta itxialdiaren garai horretan, jarraitu du Hernandezek, Reparazek bere buruari proiektu berri horrekin zer gertatuko zen galdetuko ziola esan du: "Egun horietan bere lehengusinarekin, Iratxe Reparazekin, hitz egin zuten abesti bat egin zezaketela etorriko zenari buruz hitz eginez, pentsatuz agian horrela zulo beltz horretatik atera zezaketela". Euskal Herriko zaleei udako bideoak bidaltzeko eskatu zieten eta 24 ordutan Iratxek bideoklipa egin zuen: "Zeinen Ederra Izango Den abesti bat izatetik garraxi bat izatera pasa zen, itxaropen oihu bat". Horrenbesteko arrakasta izan zuenez, "hainbeste konektatu zuen jendeak abestiarekin", bilakaera "logikoena" jaialdi bilakatzea zela pentsatu zuten. "Horrela sortu zen ZEIDFEST".
Berezia
Lehenengo edizioan itxaropen oihua luzatu zuten, eta helburua bete zen. Baina jaialdiaren inguruan askoz gehiago sortu dela esan du Hernandezek: "Gauza batzuk lantaldearen hautuak eta landutako gauzak izan dira, beste asko zoriz gertatu dira eta eskerrak gertatu direla izugarrizkoa izaten ari delako". 2022ko apirilean, lehenengo edizioa ospatu zenean, esaterako, oraindik musukoa eramatea beharrezkoa zen, "eta pentsatzeko denbora gehiago eta askatasun gehiago izan dugunez, gure filosofiarekin bat egiten duen jaialdia prestatzeko garaian hautu politiko asko sartu dira ere: aniztasuna, eszenatokiaren gainean gertatzen denaz gain publikoan ere animazioa egotea, euskal trabestiak behar ditugu eta haiek behar duten eta merezi duten espazioa eman nahi diegu eta beste hainbat gauza".
Jaialdian parte hartu zuten musikariendako ere ZEIDFEST berezia izan dela esan du komunikazio arduradunak: "Bat-batean aurkitu gara non musika talde oso-oso handiek publikoki esan zuten haien abesti berriak lehen aldiz ZEIDen joko dituztela". Nogen taldeak Interneten estreinatu zuen single berria bihar jo zuen lehenengo aldiz taularen gainean; Kerobiak berdina egin zuen; Esne Beltzak-en abesti berri bat aurkeztu zuen jaialdian eta Zaharak esan zuen biran Internetera igo aurretik abesti bat jotzen ariko dela eta abesti esklusibo hori ZEIDen jo zuen lehenengo aldiz. "Gertatzen ari dena guk ez genuen aurreikusten".
Duela zenbait aste konfirmatu zuen Pello Reparazek ZETAK taldea ZEIDFESTen egongo zela. Harekin batera La M.O.D.A, Vicco, Nögen, Don Patricio, Zahara, Esne Beltza, Samantha Hudson, Hemendik At! taldeari omenaldia egin zioten, Gozategi, Doctor Deseo, Eñaut Elorrieta, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Olaia Inziarte, Kerobia, Mirua, Skabidean, Motxila 21, La Furia, Txiltxoko, La Fumiga, Elektropottotte, Kukai eta Lucho SSJ taldeek eta abeslariek osatu dute 2023ko ZEIDFESTaren kartela. "Altxor pila bat daude". Lehenengoa ateak ireki orduko izan zen, Hernandezen esanetan, "hamabost minutu aurretik BECeko atetik ZEIDFESTeko ateraino Hondarribiko Jaizkibel konpainiak desfilea egin zuen". Ekimen horrek ZEIDFEST zer izango den, zer izan nahi duten eta zer komunikatu nahi duten markatzen duela esan du komunikazio arduradunak.