Pilota

Ezkurdiak Buruz Buruko lehen galbahea gainditu du

Guaixe 2023ko api. 17a, 09:52

Ezkurdiak garaipen garrantzitsua lortu zuen. ASPE

Buruz Buruko final laurdenetako ligaxkako lehen puntua lortu du arbizuarrak, Jakaren kontra meritu handiko garaipena lortuz

Apirilaren 16an, igandea, Eibarko Astelena pilotalekuak Buruz Buruko final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldiko partida hartu zuen, Joseba Ezkurdiaren eta Erik Jakaren artekoa. Behar bezala entrenatu gabe iritsi zen Ezkurdia partidara, bi aste inguru lesio batengatik geldirik egon ostean, baina, hala ere, meritu handiko garaipena eta puntu garrantzitsua lortu zuen arbizuarrak, Erik Jakari 22 eta 14 irabazita. 

Erik Jakak ekin zion hobe lehiari. 1 eta 4 aurreratu zen, gantxoei eta sake bati esker. Baina hurrengo tantoa, partidako gogorrena, Ezkurdiak egin zuen eta sakea berreskuratu zuen, arbizuarrarendako ezinbestekoa izan zena. Izan ere, Ezkurdiak min handia egin zuen sakearekin eta partidako gako garrantzitsuenetako bat izan zen. Sakeari esker, pilotakada gutxirekin markagailuari buelta eman zion eta 13 eta 5 aurreratu zen. Guztira, sakez sei tanto egin zituen, eta bakarra Jakak. Ez genuen ohiko Ezkurdia indartsu eta esplosiboa ikusi, baina arbizuarrak ongi mugitu zuen pilota, ongi atzeratu zuen eta Erik Jaka bere erosotasun gunetik atera zuen. Deseroso ibili zen lizartzarra, baina ez zuen amore eman eta 17 eta 14 gerturatu zen. Baina une erabakigarri horretan ez zuen asmatu, eta Ezkurdiak, aldiz, zituen aukerak aprobetxatu zituen eta zuzenean joan zen 22ra, 17 eta 22 irabaziz. 

Ezkurdia pozarren pozez zegoen. “Sufrituz irabazi dut, baina puntu honek asko esan nahi du niretzat. Berehala konturatu naiz erritmo honetara jokatzeko ez nengoela, eta eskerrak sakearekin asmatu dudan. Horri esker, eta ahaleginak dosifikatuz, 22ra iristea lortu dut. Hankan ez dut minik sentitu, ez dut sentsazio txarrik izan, eta horregatik ere oso pozik nago” azaldu zuen. 

Ligaxkako lehen jardunaldiko gainontzeko partidei dagokienez, Elordik 19 eta 22 irabazi zion Elezkanori eta Dariok 22 eta 19 hartu zuen mendean Peio Etxeberria. Azken partida apirilaren 23an jokatuko dute, Bilbon, Lasok eta Altunak. Buruz Buruko final laurdenetako bigarren jardunaldian Ezkurdiak Darioren kontra jokatuko du, apirilaren 21ean Gasteizen.