Pilota

Eta orain Dario

Guaixe 2023ko api. 21a, 11:00

Dario eta Ezkurdia, material aukeraketan. M.A.G.S.

Buruz Buruko final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldian arbizuarrak errioxarra izango du Gasteizen jokatuko den partidan. Promozioan, Joanes Bakaikoak garaipenarekin ekin dio ligaxkari

Buruz Buruko final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldia irabaztetik datozen Joseba Ezkurdiak eta Dario Gomezek elkarren kontra jokatuko dute bigarren jardunaldian, ostiralean Gasteizko Ogetan 21:00etan hasiko den jaialdian.

Dariok Peio Etxeberriari irabazi zion lehen jardunaldian, eta Ezkurdia, oraindik %100ean ez badago ere, Erik Jakari nagusitu zitzaion. Arbizukoak onartu du ez dagoela oraindik guztiz ongi, eta Dario hobe ikusten du. “Dariok buruz buru asko jokatzen du, ikaragarri, eskuin indartsua du, fisiko ona eta defentsa ona. Gauzak oso ongi egin behar dira berari irabazteko. Ni nirea egiten saiatuko naiz, badakit partida zaila dudala aurretik, Dariok Etxeberriaren kontra jokatutako partidan ikusi zelako erritmo handian jokatzen duela, partida gogorrean. Ni oraindik ez nago fisikoki puntu-puntuan, baina ea nire lana ongi egiten dudan eta, behintzat, Darioren kontra borrokatzen dudan”.

Promozioan, Bakaikoa ongi
Promozioko Buruz Burukoan final laurdenetako ligaxka ongi hasi du Joanes Bakaikoak, 22 eta 19 irabazi baitzion Zubizarretari larunbatean Labriten jokatutako partidan. Apirilaren 28an jokatuko duen bigarren jardunaldian Egiguren izango du aurkari, Baños del Rio Tobiasen.