Pilota

Dario gainetik pasa zitzaion

Guaixe 2023ko api. 24a, 09:40

Joseba Ezkurdia. UTZITAKOA

Buruz Buruko final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldian Ezkurdiak ezin izan zion Darioren erauntsiari aurre egin

Buruz Buruko final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldian Joseba Ezkurdiak Dario Gomez izan zuen aurkari apirilaren 21ean Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Material aukeraketan iskionean izandako lesioaren ondotik oraindik %100ean ez dagoela azaldu zuen Ezkurdiak, lehiaketako erritmoa faltan zuela. Dariok “ikaragarri” jokatzen zuela nabarmendu zuen, eta hobeki ikusten zuela. Eta bete-betean asmatu zuen arbizuarrak, errioxarra argi eta garbi gailendu baitzitzaion. 

Soilik lehen zatiari eutsi zion Ezkurdiak, baina partida gogortu zenean aurrelari arbizuarrak ez zuen behar bezala erantzun; Darioren joko sendoaren aurrean zalantzatsu aritu zen eta bere jokoa lausotzen joan zen. Aldiz, ikusgarri aritu zen Dario: partidan oso zentratuta, bere erritmoa ezartzeko sendo borrokatu zen eta bere jokoak Ezkurdiaren defentsa suntsitu zuen. Izan ere, argi dago Buruz Buruko Txapelketa honetakoa ez dela betiko Ezkurdia. Lesioagatik geldirik eman behar izan dituen bi asteek eragin nabarmena izan dute, bai arlo fisikoan eta baita psikologikoan ere. Darioren erauntsiari aurre egiten saiatu zen, baina, azkenean, 10 eta 22 galdu zuen Darioren kontra. 

Buruz Buruko final laurdenetako B multzoko ligaxkako hirugarren jardunaldian Ezkurdiak Peio Etxeberria izango du aurkari maiatzeko lehen astean, oraindik zehaztu ez den data eta tokian. Dariok finalerdietarako txartela lortu du, Jaka aukerarik gabe geratu da, eta Ezkurdiaren eta Peio Etxeberriaren arteko irabazleak lortuko du finalerdietarako beste txartela. 

A multzoan oraindik lehen jardunaldia jokatu da. Altunak eta Elordik puntu bana dute eta Elezkano eta Laso punturik gabe daude. Bigarren jardunaldia aste honetan jokatuko dute. Apirilaren 29an, larunbata, Lasok Elezkano izango du aurkari Labriten eta apirilaren 30ean, igandea, Altunaren eta Elordiren arteko partida hartuko du Eibarko katedralak.