Yurta Utzubar Eko Gunean

Guaixe 2023ko mai. 8a, 13:03

Utzubar EKO Gunean eraikitako yurta. MANK

Sakanako berrerabilpen gela izateko sortu du Hondakin Zerbitzuak. Jasotzen dituen eta egoera onean, berrerabiltzeko moduan, dauden objektuak han jasoko dituzte eta sakandarren esku utzi.

Dagoeneko eskaintzen duen zerbitzu bati Utzubar EKO Gunean espazio bat eman dio Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak. Utzubar EKO Gunean jasotako materialak berrerabili eta yurta bat eraiki dute. Hau da, nomadak diren Asiako herrien tradiziozko etxebizitza, borobila eta gela bakarrekoa. Egurrezko egitura du, artilea isolatzaile gisa erabiltzen du eta estalkia ere badu. Eraikin borobilak 39 metro karratuko azalera du. 

Olatz Garde Mazkiaranek hondakin teknikariak azaldu duenez, "joan zen urtean jasotako materialak birziklatuz eraiki dugu yurta. Zorua hezetasunetik isolatzeko pneumatikoak jarri ditugu, egurrekin sortu dugu egitura eta artilearekin isolatu dugu. Guztia olona batekin estali dugu". 

Eraikin borobila Sakanako berrerabilpen gela da. Gardek argitu duenez, "Sakanako Mankomunitateak berrerabilpen programa bat jarri du martxan. Haren bidez zabortegian bukatzen duen hondakin kopurua murriztu nahi dugu". Gaztigatu duenez, yurtak 21.062,15 euroko aurrekontua izan du, eta horietatik 14.145,43 euro Nafarroako Gobernuaren Hondakinen Funtsak ordaindu ditu. 

Berrerabilpen gela
Utzubar EKO Guneko eraikin borobilak bere barruan "sentsibilizatzeko espazio bat izanen da", argitu du hondakin teknikariak. Horrekin batera "berrerabiltzeko objektuak aurkezteko erabiliko dugu yurta". Gardek azaldu duenez, haren barruan objektuak hainbat kategoriatan sailkatuta aurkeztuko dituzte: eskulanetarako eta bulego materiala, sukaldeko tresneria eta beirateria, altzariak, ehungintza, jokoak eta jostailuak, dekorazioa eta liburuak. 

Teknikariak jakinarazi duenez, "zazpi motatako material horiek doan eskaintzen dizkiegu sakandarrei eta ibarreko elkarte eta ikastetxeei. Objektuak hilabete batez egonen dira yurtan. Behin denbora hori pasata, berrerabili ez diren materialak Emausko Trapuketariei emanen dizkiegu, haiek kudeatu ditzaten". Aipatu yurtarik edo berrerabilpen gelarik gabe ere aurretik horretan esperientzia bazuen Hondakin Zerbitzuak. Izan ere, orain arte jasotako pintura poteak, erabilgarri bazeuden, gorde egiten zituzten eta behar zutenek eramateko aukera zuten. 

Sakanako Mankomunitatearen Hondakin Zerbitzuaren eraikin berria astelehenetik ostiralera (jai egunetan izan ezik) zabalik egonen da, 09:00etatik 14:30era. Hara hurbiltzen denak bertan opatuko ditu zerbitzuko hezitzaileak, harrera egiteko prest. 

Nafarroako Hondakinen Funtsa 
Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko Foru Legearen bitartez sortu zen 2018an. Funtsa Nafarroako zabortegietan isurtzen diren hondakinei ezarritako zergarekin eta isunekin hornitzen da, besteak beste.