Pilota

Asko dute jokoan

Maider Betelu Ganboa 2023ko mai. 5a, 11:00
Peio Etxeberria eta Joseba Ezkurdia, material aukeraketan. JAVIER BERGASA

Buruz Burukoan finalerdietara sailkatzea dute jokoan Joseba Ezkurdiak eta Peio Etxeberriak maiatzaren 6an Labriten. Zenozkoaren ustetan aurreko jardunaldietan baino "askoz hobe" iritsiko da arbizuarra. Ezkurdia "gogotsu eta ilusioz" dago

Buruz Buruko Txapelketako final laurdenetako ligaxkako azken jardunaldia jokatuko da egunotan. B multzoan, Dario finalerdietarako sailkatuta dago, eta beste pilotaria Joseba Ezkurdiak eta Peio Etxeberriak larunbatean Labriten jokatuko duten partidatik aterako da, Jaka aukerarik gabe baitago. 

Sentsazio onak berreskuratzen
Joseba Ezkurdiak ezin izan du Buruz Burukoa behar bezala prestatu. 18 egunez geldirik egon behar izan zuen, iskiotibialetan zuntz haustura izan eta gero. Buruz Buruko final laurdenetako ligaxkan Erik Jaka irabaztea lortu zuen, baina Darioren kontra ezin izan zuen. "Oso gaizki ikusi nuen neure burua, jokaldiak ez zitzaizkidan ateratzen eta lehiaketa erritmoa falta zitzaidan. Baina bizirik iritsi naiz ligaxkako azken jardunaldira, Peio Etxeberriaren kontra. Aurreko astean entrenamendu ona egin nuen frontoian, eta gogotsu nago, ilusioz. Ongi ikusten dut neure burua" aitortu zuen material aukeraketan. Peio Etxeberria arerio gogorra izango da. "Fisikoki oso ongi ikusten dut. Defentsan eroso dago, sufritzen ere badaki, eta disfrutatzen ari da" gaineratu zuen.

Peio Etxeberria Joseba Ezkurdiaren lagun mina da, eta Zenozkoak uste du Ezkurdia aurrekoetara baino "askoz hobe" iritsi dela ligaxkako hirugarren jardunaldira. "Darioren kontra ez zuen bere bertsiorik onena eskaini, baina orduan baino askoz hobe dago orain". Horregatik, Etxeberria ez da fio. "Partida zaila izango da, eta guztia oso ongi egin beharko dut Ezkurdia irabazi eta Buruz Buruko finalerdietara sailkatu nahi badut". 

A multzoan Altuna dagoeneko finalerdietan dago, Elezkanok ez du sartzeko aukerarik eta finalerdietako beste pilotaria Lasok eta Elordik maiatzaren 12an Bilbon jokatuko duten partidatik aterako da. Bestalde, Promozioko Buruz Burukoan, Joanes Bakaikoa finalerdietan dago, ostiralean Egigureni 22 eta 21 irabazi eta gero.