Pilota

Ezkurdia, finalerdietara

Guaixe 2023ko mai. 8a, 11:40
Partida luze eta gogorra lehertuta despeditu zuten bi pilotariek. J. M. GARZARON

Partida oso gogorrean Peio Etxeberriari 22 eta 15 irabazita Buruz Buruko finalerdietara sailkatu da arbizuarra. Finalerdietan Jokin Altuna izango du aurkari

Asteburuan Buruz Buruko final laurdenetako ligaxkako azken jardunaldia jokatu zen. B multzoan, Dario dagoeneko sailkatuta zegoen finalerdietarako, eta beste hautagaia nor zen jakitea falta zen. Larunbatean Labriten Ezkurdiak eta Peio Etxeberriak jokatutako partidatik atera zen beste hautagaia. Zorionez, Joseba Ezkurdiak 22 eta 15 irabazi zion Peio Etxeberriari eta finalerdietarako sailkatu da. Finalerdietan Altuna izango du aurkari, maiatzaren 20an Labriten jokatuko den partidan. 

Ezkurdiak eta Etxeberriak jokatutako partida oso gogorra eta luzea izan zen. Akituta bukatu zuten bi pilotariek, ezinean. Joseba Ezkurdiak hasieratik hartu zuen aurrea, 6 eta 0 aurreratu zen, eta nahiz eta Peio Etxeberria tarteka hurbiltzen saiatu, merezitako garaipena lortu zuen Ezkurdiak.