Mendia

Sakanako orientazio proba, euripean

Guaixe 2023ko mai. 19a, 10:00

216 ikaslek parte hartu zuten Arbizun egindako proban.

Maiatzaren 12an, ostirala, 9:30etik 13:30era Arbizuko Zubat eta Sandindegin inguruan ikasleendako Sakanako orientazio proba antolatu zuten Sakanako eta Aguraingo ikastetxeek Sakanako Mankomunitatearen eta Arbizuko Udalaren laguntzarekin. Azken hiru urtetan ez zen egin, pandemiagatik, baina aurten bueltatu da. 

DBH 3. eta 4. mailako Sakanako eta Aguraingo ikasleek parte hartu zuten, guztira 216 ikaslek, eta 20 irakasle ibili ziren antolaketan. Altsasuko Institutuko 105 ikasle, Andra Mari ikastolako 40 ikasle, Iñigo Aritza ikastolako 23 ikasle, Korazonistetako 12 ikasle eta Aguraingo Institutuko 36 ikasle aritu ziren. "Euri asko egin zuen goiz guztian zehar eta ibilbidea moldatu beharra izan genuen, laburrago eginez. Baina poz-pozik bukatu zuten gehienek" azaldu du Kirol Zerbitzuko teknikari Amaia Gerrikagoitiak.