Labritek Joseba Ezkurdiaren eta Jokin Altunaren Buruz Buruko finalerdia hartuko du maiatzaren 20an. Sarrera guztiak aspaldi saldu ziren, eta final handien giro itzela espero da Iruñeko Bomboneran. Asko dago jokoan: ekainaren 4an Bilbon jokatuko den Buruz Buruko finaleko txarteletako bat.
Bi pilotariek ostegunean aukeratu zuten materiala. Ez zen kexarik egon. Altunak azaldu zuen Ezkurdiak hautatu zituen pilotak "asko" gustatu zitzaizkiola. Buruz Burukoa hasi baino lehen Joseba Ezkurdia lesionatuta egon zen, baina aurrelari arbizuarrak egoerari buelta eman dio eta "sentsazioz ongi" dagoela nabarmendu zuen. "Eskuak ongi ditut. Fisikoki ongi sentitzen naiz, inongo arazorik gabe, eta gustura".
Ezkurdiak ezin izan zuen Buruz Burukoa nahi bezala hasi. "Hanka osatzeko entrenatu gabe egon behar izan zuen, 16 egun geldirik, eta lehiaketa erritmoa galdu nuen erabat". Baina poliki-poliki erritmoa hartzen joan zen, sentsazio onak berreskuratzen, eta Peio Etxeberriaren kontrako partidan ongi aritu zen.
Altuna arerio gogorra da. "Badakit %100 eman beharko dudala partida borrokatu nahi badut. Ez dago inolako aitzakiarik. Ongi ikusten dut nire burua. Partida luzatu eta gogortzen bada ere, ez daukat beldurrik".
Altuna pilotari aparta da, bere mago txisteratik denetariko pentsaezinezko jokaldiak ateratzen dituena. "Oso ongi ikusten dut, txispa bereziarekin. Elordiren kontrako partidan ere ikusi zen Altunak duen klasea, oso ongi irakurri zuelako partida bukaera". Elkarren kontra askotan jokatu izan dute. Lau eta Erdiko 2022ko finalean Ezkurdia gailendu zitzaion Altunari, baina beste hainbatetan Altuna nagusitu da. "Sarritan xehetasunengatik ihes egin izan zaizkit beraren kontrako partidak". Katedrak Altuna jotzen du faborito, baina arbizuarrak aukerak dituela uste du. "Partida oso gogorra dut aurretik, baina ilusionatuta nago, itxaropenarekin, eta nirea egiten badut aukerak izango ditudala uste dut. Garbi daukat zer egin beharra dudan. Ongi zentratuta jokatu, eta sakearekin asmatu, bigarren pilotakadarekin mina egiteko. Ea lortzen dudan".