Joseba Ezkurdia jota zegoen Altunaren kontra Labriteko finalerdia galdu ondoren. Galtzeagatik baino, galdu zuen moduarengatik. Aurrelari arbizuarra ez baitzen fin ibili. Blokeatuta, bere jokoa ezin egin eta akatsak bata bestearen atzetik pilatuz ibili zen. Burua ez zuen bere alde izan arbizuarrak tentsio handia izan zuen partidan.
Altunak zuen lehen sakea eta gipuzkoarra sendo hasi zen. Takada ederrak lortu zituen (0 eta 4 eta 2 eta 10) eta horrek koltxoi ederra eman zion gero lasaiago ibiltzeko. Ezkurdia, aldiz, partidan ezin sartu ibili zen. Sakea izan zen bere armarik garrantzitsuena (3 tanto egin zituen sakez), baina gero opari handiak egin zizkion Altunari, akats asko egin baitzituen, 9 akats. Hasieratik atzetik ikusi zuen bere burua, eta ez zion bueltarik eman. Oso gutxitan ikusi genuen benetako Ezkurdia oldarkorra. 6 eta 12 zegoela partidari buelta emateko aukera izan zuen, baina ez zuen gauzatu, akats batengatik. Horrela, Jokin Altunak, ohi baino erosoago, garaipena lortu zuen, 12 eta 22. Labriteko zaleak alde izan zituen arbizuarrak, baina ezin izan zuen euren festa borobildu.