1960ko hamarkadaren amaieran Arbizuko gazteek udalari lokal bat exijitu zioten. Gaur egungo Arbizuko gazteek azaldu dutenez, "espazio bat behar zuten eta udalari udaletxearen hondoko espazioa eskatu zioten, erabilerarik ez zuelako". Hasiera batean udalak ezezkoa eman zien, eta liskar gogorrak egon zirela dio hemerotekak. Azkenean, 1968. urtean, udalak gazteei egoitza eman zien eta horrela sortu zuten duela 55 urte Argi Bidea elkartea. "Berezia eta pozgarria da duela hainbeste urte sortu eta oraindik bizirik egotea".
Arbizuko gazteendako erreferentzia esparru bat da gazte elkartea. "Aisialdi leku bat da, gazteak elkartzeko toki bat, baita adin desberdinetako gazteen artean harremanak egiteko tokia ere". Arbizuko Gazte Asanbladaren tokia ere bada, eta modu asanblearioan eta autogestionatuan kudeatzen dute. Astean zehar "erabilera desberdinak" ematen diote elkarteari, eta ostiraletan, 18:00etan, asanblada egiten dute. "Gazteendako elkarte bakarra da, gero beste bat dago, baina guretako bakarra".
Bost hamarkada eta erdian Arbizuko gazte asko pasa dira, hamaika belaunaldi, eta bakoitzak bere aztarna utzi du bertan. Garaian garaiko 15 urtetatik 24 urte bitarteko gazteak elkartzen dira Argi Bidean. Hamabost eta hogei gazteren artean elkartzen dira, normalean, bertan.
"Azkenean hori da pixka bat politena: etortzea eta jende zaharragoarekin edo gazteagoarekin harremana izatea. Bestela, hirietan gertatzen dena izango litzateke edo bakarrik zure adineko jendearekin izango genuke harremana". Adin desberdinetako jendearekin harremanak sustatzen ditu elkarteak, bertan adin desberdinetako kuadrillak elkartzen baitira. "Kuadrillen arteko harreman asko egin dira horrela".
Hamabost urtetik aurrera sar daitezke arbizuarrak Argi Bidea elkartean. "Blusa egiten dugun urtea, 15 urterekin egiten da blusa, kintotan, eta elkartean sartzeko esaten dugu. Nahi duena sartzen da. Aurkezpentxo bat egiten zaio, eta barna". Elkartetik atera baino, jendeak joateri uzten diola esan dute gazteek: "Adinagatik izaten da. Azkenean, gazte berri asko sartzen dira eta arraro sentituko dira. Elkartea geroz eta gutxiago erabiltzen hasten dira eta azkenean uzten dute".
Ospakizunak
Arbizu Argi Bidea elkarterik gabe ez zen ulertuko. Herriarendako zenbait ekimen antolatzen dituzte, esaterako, Olentzeroren kabalgata, pintxopoteak, sanjuanetako festetan egun bat haien esku gelditzen da, Gazte Eguna, eta neguan ere beste Gazte Egun bat antolatzen dute. Urtean zehar ere "hitzaldiren bat edo beste antolatzen dugu". Elkartea eta herria aktibo mantentzen saiatzen dira. "Lehen ere ikastaroak, tailerrak eta horrelakoak antolatzen genituen. Baina Covidarekin pixka bat gelditu da. Orain berriz ari gara".
Urteurrena modu "handian" ospatu zuten asteburuan. Arbi ibili eta Bidea eraiki lelopean bi eguneko egitaraua antolatu zuten. Ostiralean, maiatzaren 26an, haurrendako jolasak eta txokolatada, bideo emanaldia eta argazki erakustaldia eta pintxopotea izan ziren, eta larunbat goizean Arbizuko dantza taldearen emanaldia eta trikipoteoaren ondoren, bazkaltzera elkartu ziren arbizuar gazteak. Sakanako Gazte Asanbladako kontzentrazioa, brindisa eta argazkia egin ondoren, kontzertuak izan ziren.
"Hasiera batean herriko taldeen kontzertua izatea nahi genuen: Zetak, Nafarroa 1512, Alerta Gorria eta Beietz. Elkartetik pasa dira, eta herrikoa egitea nahi genuen. Baina datarekin problemak zeudela eta ez genuen lau taldeak elkartzea lortu, eta beste talde batzuk lortu genituen". Herriko Pello Reparazen Zetak taldea eta Nafarroa 1512 taldeak aritu ziren, Skabidean, Raimundo el Canastero eta DJ Fresa Morangorekin batera. Arratsaldean Skapaie elektrotxarangarekin kalejira izan zen ere. Zetak taldeak Arbizun eman zuen lehengo kontzertua izan zen, eta tartean Arbizuko musikariak gonbidatu zituen oholtzara.