Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatura ikasten ari zela istripu batek bere ibilbide profesionala aldatu ziola esan du Martin Larraza Kintana arbizuarrak. Enpresa zientzietan diplomatua, Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua, Ekonomian doktorea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedratikoa, duela lau urte Ramón Gonzalo García NUPeko errektorearen zuzendaritza taldean sartu zen. Gonzalo beste lau urtez izanen da errektore, eta Larrazak Kalitatea, Ekonomia eta Estrategia errektoreordezkaritzako buru izaten ere jarraituko du.
Zer da errektoretza?
Errektorea unibertsitateko burua da, eta berak bere taldea osatu du. Gu errektoreordeak gara. Errektoretza errektoreak, errektoreordeak, idazkari orokorrak eta gerenteak osatzen dugu. Nafarroako Gobernuan lehendakaria eta kontseilariak daude, bada horrelako zerbait. Gure unibertsitatean eskolak edo zentroak daude, fakultateak, eta horietako bakoitzean dekanoa edo, gure kasuan, zuzendariak daude. Egitura matriziala da: errektoretza, eskolak eta departamentuak.
Nolako esperientzia izaten ari da errektoreordetza?
Ni berez ikertzailea eta irakaslea naiz, eta horretan ibilbidea egin dut. Kudeaketa kontuetan ere ibili naiz, baina hau beste zerbait da. Kudeaketan zentratutako lanpostu bat da. Ezberdina eta interesagarria da. Unibertsitatea beste ikuspuntu batetik ikusten duzu. Beti egon naiz nire klaseak ematen, nire bulegoan nire gauzekin, eta orain unibertsitatea bere osotasunean ikusten dut; gauzak nola elkartzen diren eta nola konektatzen duten.
Irakasle izaten jarraitu duzu?
Errektoreorde sartu nintzenean ikusi nuen ez zela oso bateragarria. Oso zaila da klaseak eman, gehienbat graduetan, eta lan hau. Urte pare batez doktoretzako masterrean klaseak ematen jarraitu nuen, baina azkenean utzi behar izan nuen.
Enpresa zientzien diplomatura ikasten hasi zinen. Zergatik?
Batxilergoa edo garai horretan UBI zena amaituta argi duzu zer ez duzun egin nahi, baina ez oso argi zer egin nahi duzun. Selektibitatea gainditu nuen, eta ekonomiaren eta kudeaketaren arloa erakargarria iruditu zitzaidan. Argi neukan hiru urterekin nahikoa nuela; diplomatura batekin nahikoa nuen. Ingeniaritza bat ikasteko nahiko traketsa ikusten nuen nire burua marrazteko orduan, eta enpresa eskola Iruñean zegoenez...
Diplomatura amaituta, ikasten jarraitu zenuen.
Hiru urteak egin eta momentu horretan Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzan Lizentziatura, LADE izenez ezagutzen dena, hasia zegoen Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Zuzenean hirugarren mailara sartzen utzi ziguten. Anekdota gisa kontatzen dut unibertsitate irakasle naizela kotxe batek harrapatu ninduelako: lizentziaturako azken urtean gelakide batekin Aste Santuko oporren aurretik fotokopia batzuk egitera joan behar ginen eta kopisteria beteta zegoen. Kotxea hartu eta beste batera joan behar ginen, presaka eta korrika, eta ongi begiratuta ere kotxe batek harrapatu ninduen; hanka hautsi zidan. Hurrengo egunean Laboral Kutxatik deitu zidaten bertan lan egiteko. Esan nien justu hori gertatu zitzaidala baina hogei egunetan kenduko zidatela, itxoiteko. Lan aukera hori galdu nuen. Ikasketak bukatu nituen eta denboraldi bat lana bilatzen ibili nintzen eta ez nuen ezer aurkitu. Doktoretza ikastaroak egiten hasi nintzen. Beka bat eman zidaten eta lana banuela pentsatu nuen. Kotxeak harrapatu ez banindu, Laboralean sartuko nintzateke lanean eta, nork daki, banketxe langilea izango nintzateke. Orduz geroztik ibilbide xelebrea izan nuen.
Enpresa zientzietako ikertzailea zara, zer esan nahi du horrek?
"Badago zer galdetu eta zer erantzun; azkenean, ezagutza sortzea da"
Gizarte zientzietako ikertzaileak gara. Normalean zientzia aipatzean laborategiak eta horrelakoak datozkigu burura. Guk ikertzen dugu jendeak zer nolako erabakiak hartzen dituen enpresa batean daudenean; zerk bultzatzen duen jendea enpresa baten barruan gauza batzuk edo beste batzuk egitera, motibazioak eta abar; zergatik enpresaburu batek erabaki batzuk hartzen dituen; zer eragin eta pizgarri dauden ekonomian; zergatik egiten duen pertsona batek enpresa bat... Badago zer galdetu eta zer erantzun, eta horretan aritzen gara. Azkenean, ezagutza sortzea da.
Zer nahiago duzu ikerketa edo irakasle lana?
"Unibertsitatea definitzen duen zerbait ikerketa da; horrek bereizten du"
Bi lanak lotuta dauden lanak dira, nahiz eta desberdinak izan. Ikerketa lan bat egiten dugunean sortzen dugun ezagutza hori gelara eramaten saiatzen gara. Ez dakit bat aukeratuko nukeen. Ikerketa asko gustatzen zait; unibertsitatea definitzen duen zerbait ikerketa da, bestela beste ikastetxe bat bezalakoa izango litzateke. Hori da bereizgarritasuna, horrek bereizten du unibertsitatea. Beste aldea ere oso interesgarria da, eta beharrezkoa. Sortzen dugun ezagutza hori besteei pasatzeko nahia eta joera dugu. Nola egin daiteke hori? Modu bat klaseen bidez da.
Ikasleek behar hori jasotzen dute?
Aurrekoan lankide batek esan zidan: "Bi ikasle bereizten ditut: ikastera datozenak eta bakarrik gainditzera datozenak". Hori nabaritzen da. Ikasi eta irakatsi prozesu horretan bi elementu daude: irakatsi nahi duena eta ikasi nahi duena. Bietatik batek ez badu nahi...
Ikerketa lan asko egin dituzu, aldizkari garrantzitsuenetan publikatu dituzu eta atzerrian ere ikertzaile izan zara.
"Carlos III.-go doktoretza programan beste mundu bat zabaldu zitzaigun"
Bai, jendeak ez ditu aldizkariak ezagutzen, baina gure arloan oso garrantzitsuak dira. Garai horretan doktoretza egiteko ikastaroak egin behar ziren, tesia egiteko. Bi lagun geunden, eta departamentuko katedradunak esan zigun ea zergatik ez gindoazen Madrilgo Carlos III. edo Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitateetara, bertako doktoretza programa zorrotzagoa zelako, atzerriko jendea zegoelako... Gazteak ginenez, zergatik ez? Carlos III.en hartu gintuzten, eta beste mundu bat zabaldu zitzaigun. Mundu osoko jendea zegoen, baita irakasleak ere. Klaseak ingelesez ziren. Momentu horretan Luis Gomez Mejia Errepublika Dominikarreko jatorria duen baina oso gazte zela AEBetara migratu zuen irakaslea egonaldi bat egiten ari zen Madrilen. Arizona Stateko irakaslea zen, akademia gizon oso ezaguna. Nire tesia nork zuzenduko zuen aukeratu behar nuen, eta berari proposatu nion. Esan zidan AEBetara itzultzen zirela eta ea berarekin joan nahi nuen. Bekak joateko aukera ematen zidan, eta hasieran hiru hilabeterako zena urte eta erdi izan zen. Oso aberasgarria izan zen; pertsonalki interesagarria eta profesionalki funtsezkoa. Kanpotik ikusita, gure mundua pixka bat xelebrea da.
Orain, zein da zehazki zure lana?
"Kanpotik ikusita, gure ikerketa eta akademia mundua pixka bat xelebrea da"
Ekonomia, Plangintza eta Estrategiako errektoreordea naiz. Ekainaren 2an kargua hartuko dugu eta izendapena aldatu behar diogu: Kalitatea, Ekonomia eta Estrategia. Hiru arlo horietan lan egiten dut eta laugarren bat ere badut, Tuterako kanpusa, estrategiaren barruan sartzen dena. Ekonomiaren arloan arduratzen gara, gerentearekin eta ekonomia zerbitzuarekin, unibertsitateko aurrekontuaz. Plan estrategiakoa ere nire ordezkaritzatik egiten da. 2019an orain arteko plana egin dugu eta orain berria egingo dugu: zuzendu, indarrean sartu eta jarraipena egin. Zeharkakoa den beste gai bat analisia eta programazioa da; unibertsitateko datuen eta informazioaren kudeaketa. Kalitateari lotutako prozesu guztiak ere nire errektoreordezkaritzatik egiten dira. Lan hau ez dut nik bakarrik egiten, noski. Administrari bat eta arlo bakoitzean bost bat pertsona egoten dira. Nik bi laguntzaile ditut: Monica, plangintzako alorreko zuzendaria eta Ignazio, Tuterako kanpuseko alorreko zuzendaria, bertatik bertara lan egiten duena.
Nola iritsi zitzaizun aukera?
Gonbidapena erabat sorpresa izan zen. Aurreko hauteskundeetan bi hautagai egon ziren: Ramón eta María José Beriain. Ramonek irabazi zuen. Egun batean nirekin hitz egin nahi zuela esan zidan. Gutxi ezagutzen nuen, kudeaketan ibilia nintzen, selektibitatearen zuzendaritzan, baina unibertsitatea oso handia da eta ni ekonomiakoa naiz eta bera ingeniaritzakoa. Ez dugu bat egiten. Taldea osatzen ari zela esan zidan eta errektoreorde sartzea proposatu zidan.
Asko pentsatu zenuen?
Ez nekiela zer esan gelditu nintzen. Galderaren bat egin eta pentsatuko nuela esan nion. Etxean ere komentatu behar nuen, aldaketa bazelako. Ez zegoen nire ibilbidean edo planifikazioan, baina momentu onean iritsi zitzaidan katedra justu atera berria nuelako. Ibilbide akademikoaren azken pauso horretan nengoen, eta horrelako zerbait probatzeko momentua zen. Egunero ez dizute horrelako zerbait eskaintzen, eta nahiko saltseroa eta kuriosoa naizenez, animatu nintzen. Zure ustez onerako diren gauzak egiteko aukera gehiago ematen dizu, nahiz eta gero trabak egon. Erronka hor zegoen. Lana eta exijentzia bada, baina ez naiz damutzen. Ramónek jarraitu nahi zuen eta bakarrik aurkeztu da. Pandemiarekin ez dugu astirik izan gauza asko bukatzeko, eta lege berriarekin aldaketa sakona dator. Jarraitu nahi bagenuen jarraitzeko aukera genuela esan zigun. Zuzendaritza talde oso indartsua dugu.
Katedratikoa zarela esan duzu, zer esan nahi du horrek?
Unibertsitateko ibilbide profesionalean kategoriak daude; enpresetan lehen mailako ofiziala, bigarren mailakoa, espezialista eta abar. Batetik bestera aldatzen da, baina orain, gutxi gorabehera, irakasle laguntzaileak daude, gero funtzionario izan aurretik finko egiten zaituzte, doktore kontratatua eta hurrengoa titularra izatea da. Goi mailan katedratikoa izatea da.
Zeintzuk dira unibertsitatearen erronkak?
Aldaketa handiak datoz. Marko juridikoaren aldaketa izan da, eta hainbat gauza egokitu behar dira. Horrekin lotuta langileen egonkortzearen kontua dago, eta horretan murgilduta dago unibertsitatea. Erregelamenduak eta estatutuak egokitu behar dira, eta era berean bide eta aukera berriak sortzen dira. Eztabaida tartea ere zabalduko da. Datozen bi urteak oso mugituak izango dira. Aurretik genituen proiektuekin aurrera jarraituko dugu; eskaintza akademikoan gradu berriak sortu ziren eta azken urteetan finkatuta gelditu dira. Orain gradu ondokoak definitzen joan gara. Geroz eta ikasketa gehiago eskatzen dituzte ere. Unibertsitatearen eta gizartearen konexioa ere landu behar da, eta horretan ari gara. Bestetik, Europa mailan ere aldaketak izaten ari dira; Unibertsitate Europarrak deitzen direnak. Europar Batzordeak bultzatutako prozesu bat da, non unibertsitateen arteko epe luzeko harremanak edo taldeak bultzatzen diren. Gu orain sartu gara, aurretik Espainiako, Frantziako bi, Italiako eta Portugaleko beste bat zeuden. Komisioak egiten dituen hainbat funtsa horretara bideratuta daude, elkarlanean proiektuak egiteko. Esaterako, gradu bat Torinoko eta Pauko unibertsitateekin sortzean datza. Aukera bat eta erronka bat da. Igo beharreko tren baten modura ikusten genuen. Dena gara mugetatik gertu gauden lurraldeak eta lurraldearekin oso konprometituak.
Euskara betiko eztabaidagai bat izan da.
Ez dago nire arloan, baina esan daiteke aurrerapausoak eman direla. Euskararen plana egina dago, ahal den neurrian ikasketetan sartzeko. Esfortzu bat egin da eta geroz eta kreditu gehiago egin dira euskaraz. Planteatu genuen ea nondik hasi behar ginen. Non da beharrezkoagoa euskaraz jakitea? Jendeari zuzenduta dauden ikasketetan. Saia gaitezen hor esfortzua egiten. Plana hortik doa. Geroz eta eskaintza gehiago dago, eskaria badago, aurre egiteko. Baina baliabideak daudenak dira, eta ez da erraza. Nik uste aurrera egingo duela. Plan estrategikoaren jarraipena egiten dugunean departamentuak etortzen dira eta denak adierazten dute euskaraz eman dezaketen irakasleak aurkitzeko zailtasunak dituztela. Orokorrean irakasleak aurkitzea ez da erraza; zaila da doktoretza egin nahi duten pertsonak aurkitzea. Orduan, euskaraz emango dutenak aurkitzeko zaila izaten dugu. Formula desberdinak probatzen ari gara.
Jendea ibilbide akademikoan sartzera animatzen duzu?
Ni sartu naiz, eta ez da erraza, baina bizitzan dena ez da erraza. Hasieran ibilbidea ez da oso argia, finantziazioa eta bekak daude... Unibertsitatean karrera egiteko aukera daude. Lana egin behar da, tesia egin, bukatu, eta horrek ere zailtasunak ditu. Dena dela, doktoretza bat egiten baduzu balio profesional bat ere izan dezake, ez da bakarrik unibertsitatean karrera egiteko.
Ikertzea gustatu behar zaizu.
Bai. Galderak egitea eta erantzuten saiatzea. Karrera horretan ere jendea bultzatzen dugu kanpora joateko. Nire esperientzia oso polita izan zen, eta jendea animatzen dugu.
Selektibitatea gertu dago, zer gomendio egiten dituzu?
Arlo hori kudeatzen nuenean eta galdetzen zidatenean esaten nien lasai egoteko. Batxilergoan asko eskatzen da. Nik orain etxean ikusi dut. Gainera, zenbait ikasketa garesti daude. Gehienbat osasun zientziekin zerikusia duten ikasketetan eskari handia dago, eta horrek nota igotzen du. Lan pila bat egin dute bi urtetan, beraz, lasai; selektibitatean ez dizute aurretik ikasi ez duzun ezer galdetuko. Jendea nekatuta egongo da, baina pare bat aste esfortzu txiki bat, eta aurrera.