Arbizuko Udalak aurrekontua bikoiztu egin du

Guaixe 2023ko eka. 14a, 09:02

Eskola zena eraberritzeko lanak heldu den urteko irailerako despedituta egon behar dute. ARTXIBOA

Ia 2,6 milioi euroko aurrekontua udalak hainbat inbertsio jaso dituelako hazi da. Fernando Urkia kalea berritzea, eskolen eraikina zena zaharberritzea eta kiroldegiko klimatizagailu aldatzea dira jasotako inbertsio nagusiak-

Aurten 2.593.865 euroko aurrekontua izanen du Arbizuko Udalak. Joan zen urtean baino 1.328.112 euro gehiago dira. Igoeraz galdetuta, F. J. Razkin Flores alkateak azaldu duenez, "badaezpada Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsio Planera aurkeztutako lanen aurrekontua sartu genuen. Fernando Urkia kaleko sareak eta zoladura berritzea da asmoa. Baina lanak egiteko dirulaguntzarik ez digu eman gobernuak, erreserbako zerrendako lehenengoak gara". 

Urte batetik bestera udalaren aurrekontua bikoizteko beste arrazoia eskolak hartu zituen eraikinaren zaharberritzea da. Razkinek argitu duenez, "Europako Next Generation funtsetik 427.000 euro jaso. BEZa gehituta, milioi erdia da. Gure asmoa da lanak aurten hastea, 2024ko irailerako lanak despedituta egon behar baitute". 

Udal aurrekontuan, guztira, 1.275.600 euroko balioa duten inbertsioak jaso dira. Kopuru aldetik inbertsio handia da kiroldegiko klimatizagailuaa berritzea: 110.000 euro. Razkinek azaldu duenez, "klimatizagailua jarri zenean kiroldegiaren eraikina txikiagoa zen. Ondoren gimnasioa eta sauna egin ziren. klimatizagailua ez du eraikin guztirako eta zahartu da. Aldatu beharra dago". Foru administrazioaren Tokiko Inbertsio Planera dirulaguntza eskaera aurkeztu zuen udalak eta Nafarroako Gobernuak deialdia ebatzi zain daude. Deialdi beraren bidez Arbizuko Udalak udaletxeko bulego eta artxibategiko solairua birmoldatu nahi luke, "espazioa berrantolatu eta tokia hobe aprobetxatzeko. Dirulaguntza jasoz gero, lanak 2025ean eginen lirateke. Gobernuaren erabakiaren zain gaude".

Bestalde, joan den urtean dermioko bide batzuk konpondu ondoren halako lanak heldu den urterako utziko ditu udalak. Basoan, bestalde, garbitzeak eginda, baso aprobetxamenduren bat saltzea aztertzen ari da udala.  

Eguzki plakak
Beste alde batetik, Arbizuko Udalaren asmoa da Kattuka haur eskola energetikoki autosufizientea izatea. "Horretarako Kattukako teilatuan eguzki plakak jarriko ditugu. Haur eskolak beharrezko duena hartuko du eta soberan gelditzen den elektrizitatea beste norabait eramanen genuke", zehaztu du Razkinek. 80.000 euro bideratuko dituzte egiteko horretara, eta lanak dirulaguntzarekin finantzatuko dituzte. 

Bide batez, alkateak gaztigatu du udalak eguzki energia berriztagarriaren instalazioak arautzen dituen udal ordenantzan artikulu bat aldatzea onartu duela. "Orain arte Alde Zaharrean ezin ziren eguzki plakak jarri, orain bai". Salbuespen bakarra Nafarroako Gobernuaren Vianako Printzea erakundeak aitortutako babesa duten eraikinak dira. 

Bestalde, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren Askatasunez Zehazteko programatik udalak inbertsioetarako nahi bezala erabiltzeko 38.174,40 euro jaso ditu. "Hainbeste inbertsio ditugunez, haietakoren baten finantziaziora bideratuko dugu diru hori", esan du alkateak. Bestetik, basoan garbitzeak eginda, baso aprobetxamendua saltzea aztertzen ari da udala.

Etxebizitza
Arbizuarren etxebizitza premiei erantzuteko udalak hainbat pauso eman ditu azken lau urtetan. Udala Nasuvinsa enpresa publikoarekin harremanetan jarri eta hainbat aukera aztertu ondoren erabaki zuen San Joango bidea kalean duen 407,1 m2-ko lursaila haren esku utzi zuen, han gazteei zuzendutako alokairurako bost etxebizitza eraikitzeko. Razkinek esan duenez, "lanak urte akaberarako hasiz gero, pozik. Zirriborroa egina dago, baina ordenantzekin bat ez dator eta aldaketak egiteko eskatu genuen". Eraikuntza lanek hemezortzi hilabete iraunen lukete. 

Bestetik, Kale Nagusiko 43. zenbakian dagoen etxea, Agoonia edo Castejon Itxa, enkante bidez saldu nahi izan zuen, baina ez zen eskaintzarik izan. "Saltzeko asmoarekin segitzen dugu eta jendeak eskaintza egiteko libre utzi dugu. Interesa azaldu dutenen deiak jaso ditugu, baina inork ez du baiezkorik eman. Gutxi gorabehera 150.000 euro balio du". 

Azkenik, udal berriak aztertu beharko du Txistor Eguna noiz ospatuko den. Nafarroa Oinez lastailaren hirugarren asteburutik bigarrenera pasatzean bi ospakizunek bat eginen lukete lastailaren 8an.