"Niri oso luzea egin zait, baina esan didate inoiz baino bizkorrago lortu dutela"
Aspaldian esaten ari zen Jon Arretxe bazegoela Toure ikusentzunezko bihurtzeko proiektu bat, eta orain konfirmatu egin da: Toure errealitate izanen da, eta Malcon Treviño-Sitte aktoreak gorpuztuko du. "Niri oso luzea egin zait, baina eurek esaten didate errekorra izan dela, inoiz baino bizkorrago lortu dutela". Hiru hilabetez Arretxeren nobeletan oinarritutako Detective Touré miniseriea grabatuko dute; eta 2024ko lehenengo sei hilabeteetan mustuko dute, ETB1en euskaraz lehenengo, eta RTVEn, ondoren. Besteak beste, Itziar Ituño, Unax Ugalde, Loreto Mauleon, Lander Otaola, Ayoub El Hilali eta Jon Olivares aktoreek osatuko dute aktore zerrenda.
"Bi ekoiztetxe handik erakutsi zuten interesa Toureren nobeletan oinarritutako serie bat egiteko. Duela bi edo hiru urte izango da. Horrelako proiektuak, maiz, bidean pikutara joaten dira gauza bat eta besteagatik. Ez, hobeki esanda, diruagatik". Serie bat egiteko diru asko behar dela azaldu du Arretxek; eta, azkenean, Deaplaneta eta Tornasol ekoiztetxeek eta RTVEk eta EITBk proiektua aurrera ateratzea lortu zuten. "Oso tratu polita egin dute". Azkenean, proiektuari buruz hitz egin dezake Arretxek, "eta gustura, gainera".
Arretxerendako dena berria izaten ari da. Duela pare bat urte "hau egin nahi dugu" esan zioten. "Opzio bat esaten zaiona sinatzen da, non urte bat eta erdi daukaten ekoiztetxeek proiektu hori gauzatzeko, eta ni konprometitzen naiz proiektua beste inori ez ematen". Hortik aurrera "denak abiadura hartzen du", eta harrigarria izan dela esan du idazleak. "Orain, barrutik ikusita, flipatzen ari naiz zer den serie bat egitea . Kanpotik seriea ikusten dugu, baina barrutik dagoen mugimendua eta tratuak izugarriak dira". Arretxek aurretik opera mundua ezagutzen zuen, "hibrido baten modukoa dela esaten dute", opera kantatu izan duelako eta kanpotik ikusten dena "antzerkia" da, baina atzetik dagoena izugarrizkoa da. "Ekipoa eta abar. Serie bat hori bider ez dakit zenbat da. Kristoren montajea, oso interesgarria eta polita". Asko ikasten ari da.
Pertsonaia
Pertsonaiak erakarri ditu, Tourek berak. "Nik argi daukat. Nobela hauek idazten hasi nintzenean, nobela beltzak ziren aspalditik modan zeudenak, batzuk poliziakoagoak, sozialagoak, thrillerragoak... mila definizio daude, eta milaka istorio idatzi dira, aldaera txikiekin; baina, azkenean, aldaerak dira, gauza berberaren inguruan. Tramatxo bat sortzen da, ikertzaile batek ikertzen du...". Baina Arretxek sortutako sagan protagonista nagusia bestelakoa da: "Etorkina, ilegala, afrikarra, oso egoera berezian bizi dena eta sekulako xarma berezi duena. Berehala lortzen du irakurleen enpatia. Kristoren astakeria egiten dituen arren, jendeak jarraitzen du maitatzen".
Proiektua aurrera eraman dutenek liburuak irakurri zituzten, batez ere lehenengoak, eta ikusi zuten "kristoren pertsonaia" dela serie original bat sortzeko: "Kontua hori da, originaltasuna, denok bilatzen duguna. Idazleok, zinemagileek... Irakurlea edo ikuslea harrituko duen zerbait, berria, eta hortxe ikusi zuten Toure". Historian lehenengo aldiz, serie batean, protagonista beltza dela esan du Arretxek: "Ez nintzen horretaz jabetu; baina, agian, egia da". Idazleak esan du garrantzitsua dela serie batean afrikar beltz bat izatea protagonista.
Liburuetan agertzen den bezala hartu dute pertsonaia, baina tramak asko aldatu dituzte. "Baina pertsonaia bera seriearen eta sagaren ardatza dena, bere horretan mantendu dute. Aktore egoki bat topatu dute, ez da nobeletan bezain handia fisikoki, nobeletan handiegia zelako". Malcon Treviño Site izanen da Toure. "Hispanoginearra esaten dena da, Madrilen bizi da, eta serie batzuetan parte hartu izan du. Oraingoz ez da oso aktore ezaguna, baina, serie honi esker, hala bihurtzea espero dute". Idazleak azaldu duenez, Euskal Herrian ez dago aktorerik paper hori egiteko modukorik; eta Espainian, gutxi. "Beraiek hasieratik ikusi zuten: hau izan behar da. Ni pozten naiz, oso tipo jatorra da". Aktore ezagunek parte hartuko dute seriean, tartean Itziar Ituño basauriarrak, Arretxeren herrikideak: "Poz handia hartu nuen. Ekoizleek esan zidatenean Itziar konbentzitu zutela eta asko poztu ninduen. Aktore oso ona da, sariak dauzkana; gaur egun, puntakoa. Pertsona bezala ere maitagarria eta miresgarria da, betiko Itziar izaten jarraitzen du, eta hori ez da erraza".
Grabazioa
"San Francisco auzoan grabatzea niretzako oso garrantzitsua zen, asko zor diot"
Sei kapituluko miniseriea hiru hilabetetan grabatzen ari dira, eta urte amaierako postprodukzioa eta muntaia eginen dituzte. 2024an emanen dute pantailetan. Bilboko San Francisco auzoan grabatzen ari dira ikusentzunezkoa: "Niretzako oso gauza garrantzitsua zen. Hor izan zedin. Serie bat eginen zutela esan zidatenean eta kontratua sinatutakoan, berez, nahi dutena egin dezakete, Bartzelonara, Madrilera, Parisera... eraman. Baina San Franciscon grabatuko zutela esan zidaten, eta ni oso pozik nago, auzo horrekin zorretan nagoelako".
San Francisco auzoa "oso estigmatizatuta" egon da; eta, prentsan agertzen denean, "zerbait txarragatik" izan ohi da. "Gauza on batengatik agertzen ari dira, eta oso pozik daude. Gainera, taldeak bertako komertzioetan erosten ari dira...". Auzotarrak "flipatzen" ari direla esan du idazleak.
Arretxe "nahiko inplikatu" da. "Haiekin harremanetan jarraitu dut, eta ni pozik egoten ahalegindu dira beti". Gidoiak irakurri ditu, eta seriean "kameo" bat izanen du, "Arriagan kantatuz". Atikilt eta Mai Linh Arretxe, idazlearen semealabak ere agertuko dira. "Figurante pila bat behar dira, baina ez gure moduko txuriak, kanpoko jatorri itxura dutenak behar dituzte, San Franciscoko biztanle naturalak. Gure semealabak, jatorriz, kanpokoak dira. Haietako bat figurante moduan aterako da eta aktore lantxo bat izanen du. Toureren laguna izanen da alabatxoa". Grabazioa oso esperientzia polita izaten ari dela esan du Arretxek.