Udalak festen balorazio positiboa egin du

Guaixe 2023ko uzt. 25a, 11:03
Arbizuko aurtengo festetako berritasuna erraldoi konpartsa izan da. ARTXIBOA

Hurrengo urtekoak ilbeltzean antolatzen hasi nahi du.

Arbizuko Udalak San Joan festen balorazioa egitean nabarmendu du “giro polita nagusitu” dela, “gertakari larririk ez da izan, eta min handirik ez du inork hartu, guk dakigula behintzat”. Hala ere, “azken egunean, udaletxeko paretaren kontra piztutako suak kezkatu gaitu. Sua ezin da edonola edo edozein tokitan egin, arriskutsua izan daiteke eta”. Arbizuko Udalak gaztigatu duenez, “ikusi ditugu, noski, hobetu edota aldatu beharreko kontuak”. Gaineratu duenez, “hainbat ekimen garatu eta antolatzeko herritarron ideia, abilezia eta parte hartzea gehiago bultzatu nahiko genuke hurrengo urteetan”. Jakinarazi dutenez, “heldu den urteko festen antolaketa ilbeltzean hasi nahiko genuke eta elkarte, kinto eta nahi dutenen parte hartzearekin osatu egitaraua, udalak aurrez eztabaidatu eta ezarritako hezurdura mamituz. Norbaitek bere ekarpena edo balorazioa egin nahiko balu, idatzi lasai: partehartzea@arbizu.eus helbidera”.

Bestalde, Arbizuko Udalak jakinarazi du Andra Mari ikastolari baimena eman diola udan txosna zabaltzeko. Festetarako jarri zuen txosna plazan. Irailaren 16an, ostiralarekin, zabaldu zuten eta jendeak harrera oso ona egin zion festen aurretik zabaldu izanari. Izan ere, Arbizun gaur egun bi taberna besterik ez baitaude. Bestetik, udalak jakinarazi du estalpeko lanak despedituko dituztela udan. Aulkiak, mahaia, loreontzia, bizikletendako aparkalekua jarriko dira, eta haurrendako jolasak margotuko.