Disko berria, betiko Nafarroa 1512

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko abu. 2a, 13:00

Nafarroa 1512 taldea. UTZITAKOA

Nafarroa 1512 Arbizuko taldeak lau abestiez osatutako disko berria kaleratu du: 'Askatasun haizea'. Betiko letrak eta musika oinarri ditu, baina musikaren "kalitatea" hobetu du boskoteak. Irailean eszenatokietara itzuliko da.

Askatasun haizea disko berria kaleratu du Nafarroa 1512 talde arbizuarrak. Taldearen estiloa mantendu dute, baina musikan "kalitatea" bilatu dutela esan dute kideek. Martxoan taldea sortu zenetik abeslaria izandako Txirri agurtu zuten, eta Gaizkari ongi etorria eman zioten. Harekin batera, Rayo bateria joleak, Ulon gitarra joleak, Haritz gitarra joleak eta Estane baxu joleak osatzen dute Nafarroa 1512 taldea. 

Azken hiru urteak "gogorrak" izan direla aitortu dute Rayok, Aritzek eta Estanek. 2020. urtean, pandemiaren urtean, Iraungo du diskoa kaleratu berri zuten, eta ezin izan zuten zuzenekoetan aurkeztu. Denbora pasata, "gauza berriak jo nahi dituzula konturatzen zara" eta jendeak ere "zerbait berria" nahi duela azaldu dute, eta disko berria kaleratzeko momentua zela erabaki zuten. "Disko horrek berea eman duela ikusten duzu, eta pixkanaka konturatu gabe hasten zara hurrengorako gauzak pentsatzen". 

Letra eta gai aldetik disko berria besteekin alderatuta "antzekoa" da: "Letrek memoria historikoaz eta gertuko historiaz hitz egiten dute; iraultzaileak dira, kalekoak". Musika aldetik "polita" egiten saiatu dira: "Detaile gehiago sartzen saiatu gara, belarrira polita egiteko". Lan melodikoa eta estilo aldetik "klasikoa" dela esan dute musikariek; Street punk eta Oi! estiloen artean mugitzen da taldea, "eta horren baitan musika kalitate hobeagoa" bilatu dute. "Orduak sartu" dizkiote lan berriari.

Iraultzaren metxa, Askatasunaren haizea, Hemen gaude, Arkada Sozial taldeko Hodeirekin, eta Matxakatu ezin dira Nafarroa 1512 taldearen EP berria osatzen duten lau abestiak. Bideoklipa grabatzeko asmoa dute ere eta diskoa kontzertuetan eta Irurtzungo Pikuxarren, Arbizuko Kiroldegiko tabernan, Etxarriko Xapateron eta Altsasuko Lezea tabernan eros daiteke, baita Ir uñean eta Gizpuzkoako eta Arabako zenbait tabernetan ere. Binilo formatuan ere kaleratuko dituzte.

Sorkuntza
Diskoaren sorkuntza "prozesu natural bat bezala" izan dela esan dute musikariek, musika berria sortzeko eta jotzeko nahitik sortua. "Konturatu gabe hurrengo diskorako gai berriak pentsatzen hasten gara". Disko berriaren abestiak Aritzek landu ditu, gehienbat, abestiak; aurrekoetan Esatek egin zituela azaldu dute. Aritz: "Lehenengo basea egiten nuen, lokalera eraman eta aldatzen hasten ginen". Ordenagailu programa batekin muntatzen zuten eta "denon gustura" zegoenean ixten zuten abestia. 

Askatasunaren haizea Gaizka Nafarroa 1512 taldeko abeslari berriaren lehenengo diska izanen da. "Hamahiru urte izan dira Txirrirekin taldean, badira urteak; etapa hau ixteko garaia heldu zen". Aingura eta Sustrai berriak taldean abesten zuen Gaizka "entzunda" zuten, eta bilatzen ari zirena zela ikusi zuten, "ahotsaren aldetik antzekoa da". Proposatu zioten, pentsatu zuen eta onartu zuen. Sustrai berriak taldearekin eta Nafarroa 1512 taldeekin aritzen da Gaizka. 

Taldeak "eboluzio naturala" izan du. "Musika, ideologia, asmo eta gauza horiek antzeko mantentzen dira. Borroka ideologikoa egiten dugu eta ongi pasatzen dugu". Zuzenekoetan sorreratik dauden zaleei belaunaldi berriak batu zaizkiela esan dute, baina kontzertu gutxiago ematen dituzte orain: "Lehen gazteagoak ginen eta deitzen ziguten toki guztietara joaten ginen. Orain, beharbada, kontzertuak filtratzen saiatzen gara beste eginbehar batzuk ditugulako. Bestela, saturatzen zara asteburuero hemendik hara ibilita".  


Nafarroa 1512 taldearen kontzertua Arbizuko Argi Bidea elkartearen 55. urteurren jaialdian. ARTXIBOA

Maiatzaren 27an Arbizuko Argi Bidea gazte elkartearen urteurrenerako antolatutako jaialdian Nafarroa 1512 taldeak herrian egiten zuen "fundamentuzko" lehenengo kontzertua eman zuen. "Aurretik jo izan dugu, baina elkartean modu xumeago batean". Gainera, elkartearen urteurrena zenez eta "denak" kideak izan zirenez, "bereziagoa" izan zen, "emozionantea". Gaizkak "gertu" ematen zuen lehenengo kontzertua izan zen ere. 

Sanferminetan Oinez Txokoan emandako kontzertuaren ondoren lasai hartuko dute uda, eta Nafarroa 1512 taldea irailean itzuliko da. Momentuz, irailaren 22an Donezteben egingo den Gazte burrunban egongo da, irailaren 23an Amurrioko gaztetxean eta irailaren 29an Bibo Rock Aretoan.