Souleyman Fomba

"Gorputza erlaxatzeko egiten ditut paseoak"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko abu. 4a, 13:45

Souleyman Fomba Arbizuko Estazio bidean.

Malin jaiotako Souleyman Fomba arbizuarrak Estazio bidean, zuhaitzen artean, egiten ditu paseoak.

Maliko Bana Faladie herrian jaio zen Souleyman Fomba, "orain probintzia aldatu da, eta Bougouni da". Bere familia osoa bertan dago. Duela "urte asko" iritsi zen espainiar estatura, "hogei bat urte". Almeriatik sartu zen; eta, ondoren, Valentziara joan zen. Lanagatik Bartzelonan eta Zaragozan ere bizi izan da, "toki askotan, eta gero hona etorri nintzen". 2017. urtean iritsi zen Arbizura, lanagatik.

"Herri txikia da; hirian bizi nintzela eta lanik ez neukala, gauza eta ikastaro asko egiten nituen. Ikastaro bat zegoenean, nik egiten nuen, eta orain ere bai. Baina herri txiki batean gehiago kostatzen da horrelakoak egitea". Arbizun "pixka bat zailagoa" dela esan du, bestela, ateratzen diren ikastaro guztiak aprobetxatzen dituela. Gauzak ikastea eta jakitea gustatzen zaio, eta gaur egun gutxiago egiten badu ere, irakurtzea ere gustatzen zaiola esan du. "Lehen asko irakurtzen nuen, baina orain telefonoarekin...". 

Natura

"Etxean mugitu gabe nagoenean pixka bat molestatzen nau; natura ikustera atera behar naiz"

Souleymanek aitortu duenez, herrian ateratzeko garaian Lakuntza nahiago du. Baina Arbizuko toki gogokoenak zein dituen galdetuta, Arbizu inguruan dauden ibilbideak aipatu ditu, bereziki, Estazio Bidea. Baso artean dagoen ibilbidea da, eta bertan paseatzera joaten da Souleyman: "Gorputza pixka bat erlaxatzeko. Etxean mugitu gabe nagoenean, pixka bat molestatzen dit, eta paseatzera ateratzen naiz. Natura ikustera atera behar naiz". Souleymani kirola egitea gustatzen zaio. Kiroldegira joaten ez denez, Arbizu inguruan egiten dituen ibilbideak erabiltzen ditu kirola egiteko. 

Bertan paseatzea gustatzen zaio. "Noizbehinka" joaten dela aitortu du, ez ditu egunero egiten paseoak, "lanetik ateratzen naizenean etortzen naiz. Denbora librea dudanean, ez. Lanaren ondoren, bueltatxo bat". Malin bizi zela ere "askotan" basora ateratzen zela esan du: "Hango eta hemengo basoak desberdinak dira. Hemen mendi asko dago, eta zuhaitzak desberdinak dira". Beste paseo batzuk egiten ditu ere Souleymanek. "Lagun batekin autoan Lizarrara joaten gara. Mendia zeharkatzen dugu. Aralarko antenetara igotzen gara, San Migel santutegira".

Paseoak ere ez ditu bakarrik egiten, "paseatzeko laguna dut, auzokidea da eta berarekin konfiantza dut". Kointziditzen dutenean elkarrekin ateratzen direla esan du. "Ni ez naiz bakarrik herrikideekin ateratzen, edozein pertsonarekin ateratzea gustatzen zait. Batzuetan, kostatzen zaigu jendearekin hitz egiten hastea, baina behin erlazioa eginda, oso ongi dago". Jendearengan konfiatzen duela aitortu du Souleymanek, "nahiz eta guztiez ezin den fida". Arbizuko jendea "gustatzen" zaio, baina aitortu du harremanak egitea "pixka bat" kostatzen zaiola.