Pilota

Ezkurdiaren eta Mariezkurrenaren zanpagailua

Maider Betelu Ganboa 2023ko urr. 2a, 10:40

Ezkurdiak eta Mariezkurrenak euren bigarren Mastersa irabazi dute, jarraian. ASPE

Erabateko nagusitasunez, Altuna eta Imaz 6 tantotan utzi zituzten CaixaBank Masterseko finalean. Gipuzkoarrek ez zuten tanto bakarra egin, bildu zituztenak nafarren akatsak izan zirelako

Asteburu pilotazalea bizi izan da Nafarroa Arenan. Iruñeko eraikin ikusgarriak irailaren 29an, ostirala, CaixaBank Masterseko finalerdiak hartu zituen, eta, urriaren 1ean, igandea, final handia.

Finalerdiak estuak izan ziren. Ezkurdiak eta Mariezkurrenak gogoz izerditu behar izan zuten Jakari eta Martijari 22 eta 20 irabazteko. Aldiz, Altunak eta Imazek garaipen lasaiagoa lortu zuten, Peñari eta Rezustari 13 eta 20 irabazita. Beraz, 2022ko final berbera errepikatu zen: Ezkurdia-Martija Altuna-Imazen kontrakoa. 

Kolore gorria
Ezkurdiari eta Mariezkurrenari irabazteko gogoa hasieratik antzeman zitzaien. Sendo hasi ziren, eta estrategia agerikoa zen: Imaz estutu, Altuna ekiditeko. Imazek nahikoa izan zuen etorri zitzaion erauntsiari ahal zuen moduan aurre egiteko. Hasieran ongi erantzun zuen, baina tantoak erori ahala, bere ezina geroz eta nabarmenagoa zen. Mariezkurrenak zanpagailua atera eta behin eta berriz errebotera bidali zuen Imaz. Gipuzkoarrari ere ezin zitzaion gehiago eskatu, erauntsia izugarria baitzen. Ezkurdiak, jokoan sartu zenean, erremate bikainak egin zituen, eta Altunak ezin izan zuen bere magia egin. Partidan gutxi sartu zen, eta sartu zenean ere, amezketarra ez zen bere mailan aritu. Kolore bakarra izan zuen partidak, Ezkurdiaren eta Mariezkurrenaren gorria. Datuek, kasu honetan, argi erakutsi zuten gertatutakoa: 22 eta 6. Urdinen 6 tantoak, gainera, Ezkurdiaren eta Mariezkurrenaren akatsak izan ziren. Altunak ez zuen tanto bat ere egin. Ez dakigu hau noizbait gertatu izan den. 

Partidako jokalari onena Mariezkurrena izan zen. Sekulako jotzea erakutsi zuen Berriozarkoak, Nafarroa Arena dardarka jarri zuena. Euren bigarren Mastersa lortu zuen jarraian bikoak, guztiz merezitakoa. Pozik zeuden nafarrak, eta jota, aldiz, Altuna eta Imaz, bereziki azken hau, ezinaren ezinean aritu baitzen.