Joseba Ezkurdia

"Konfiantzarekin iritsi naiz Lau eta Erdira"

Maider Betelu Ganboa 2023ko urr. 12a, 13:20

Joseba Ezkurdia. ASPE

Bilboko Aste Nagusia, Sanmateoak eta CaixaBank Mastersa irabazita heldu da kaiolara Joseba Ezkurdia pilotari arbizuarra. Bera eta Altuna dira faborito nagusiak, kaiolako hiruna txapela baitituzte

Abian da 2023ko Lau eta Erdiko Txapelketa. Asteburuan final zortzirenak jokatu ziren, eta garaipena lortu zuten lau pilotariek lau zerrendaburuak –Joseba Ezkurdia, Jokin Altuna, Peio Etxeberria eta Aitor Elordi–, zain dituzte, final laurdenetako ligaxkari ekiteko.

Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna dira faborito nagusiak. Kaiolako azken sei txapelak euren artean banatu dituzte, hiruna bakoitzak. Ezkurdiak 2022ko txapela defendatzen du, final gogoangarrian Altunari 22 eta 21 irabazi ziona, eta lortutako koroa mantendu nahi du. Arbizuarrak asko du jokoan eta Lau eta Erdira "gogotsu" iritsi da, uda bikain bukatu baitu. Urriaren 15ean, Lekunberrin, Salaberria izango du aurkari final laurdenetako ligaxkako lehen partidan.

CaixaBank Masterseko finalean ikusgarri aritu zinen Jon Mariezkurrenarekin batera. Jokin Altuna eta Ander Imaz jota utzi zenituzten. Euren 6 tantoak zuen akatsak izan ziren, ikusgarria. Altunak tanto bat ere ez egitea, ez dakit noizbait gertatu ote den. 
Egia esan, gutxitan halakorik. Finalean hasieratik ongi hasi ginen, erabakiz. Jonek ikaragarri jokatu zuen, pilota gogoz astindu zuen, eta ni ere erasokor ibili nintzen. Beraiek egin zituzten 6 tantoak gure akatsak izan ziren, baina huts egindako tanto horiek kemenez galdu genituen. Igandean udako torneoetako partidarik hoberenetakoa egin nuen, eta pozik nago. 

Zuen nagusitasuna erabatekoa izan zen. Zuen estrategia, Altuna jokoz kanpo utzi eta Imaz kargatzearena, bikain atera zen. Imazek nahikoa lan izan zuen erori zitzaion erauntsiari aurre egiten, baina, azkenean, ezinean ibili zen. 
Aukera gutxi dituzunean asmatu beharra duzu, eta halakoetan ez da erraza. Jaun eta jabe izan ginen, Jonek izugarri jo zuen eta horren kontra ezer egitea zaila da. Ongi jokatu genuen, gustura, eta uda horrela bukatzeagatik oso pozik nago.  

Mastersaren formatua, ostiralean finalerdiak jokatu eta igandean finala, zer iruditzen zaizu? Bi partida gogor dira segidan, baina bestetik pizgarria izan daiteke?
Azkenean denendako berdina da. Partida bat edo bestea gogorrago ateratzea gerta daiteke, baina niri formatua gustatzen zait. Joan zen urtean eta aurten ere giro ederra egon zen Nafarroa Arenan, eta horrek ere asko balio du. Polita da asteburu batean torneoa eta udako denboraldia bukatzea.

Uda, agian, ez zen oso ongi hasi, baina goitik bukatu duzu, Zabaletarekin Bilboko Aste Nagusian gailenduz, Rezustarekin Sanmateotako Torneoa lortuz eta Mariezkurrenarekin Mastersa irabaziz. Lau eta Erdia ongi hasteko, ezin hobeki.
Udak denetatik izan du, partida onak eta txarrak. Sanferminetan eta Gasteizen pena, Zabaletarekin ezin genuelako finalerdietatik pasatzerik izan, baina partidaz partida hobeki sentitzen nintzen, hobeki arituz eta aipatutako garaipenak lortuz. Uda horrela bukatzea ederra izan da, eta torneoetan egindako lan onari esker motibatuta, gogotsu eta ilusionatuta iritsi naiz Lau eta Erdira. Orain helburua kaiola ongi prestatzea da. 

Bilbon eta Logroñon Elordiren partez sartu zinen torneoetara, haren ordezko. Eta begira. 
Bai, batzuetan hala suertatzen dira gauzak. Beti esaten dut beti prest egon beharra dagoela, sasoi betean, enpresak deitzen dizunean jokatzeko prest egoteko eta frontoian dena emateko.

Mastersaren ondoren nola bukatu dute zure eskuek?
Ongi, inolako arazorik gabe. Irailean sanmateotan eskuak pixka bat gaizki izan nituen, baina masaje batzuk hartuz errekuperatuta daude. 

Zer moduz doa Lau eta Erdiko prestakuntza?
Entrenamenduetan ongi ari naiz, eta astetik astera sentsazioak ere hobetzen doaz. Ea ongi iristen naizen, gerra eman eta txapela lortzeko borrokan sartu eta ena ematen dudan. Abuztuaren bukaeratik ari naiz Lau eta Erdikoa prestatzen, eta, ondorioz, tarte honetan jokatu ditudan partida batzuk gainkargarekin jokatu ditut, pesak eta entrenamendu gogorrak egin eta gero. Urtero bezala, iraila beti kargatua izaten baita. Baina sentsazioak onak dira, eta hori oso garrantzitsua da.