Pilota

Di-da batean

Guaixe 2023ko urr. 16a, 11:55

Ezkurdiak lezio ederra eman zuen Lekunberrin. ASPE

Joseba Ezkurdiak Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxka ezin hobe hasi du. Aitaren batean 9 tantotan utzi zuen Iker Salaberria

Lau eta Erdia ezin hobeki hasi da Joseba Ezkurdiarendako. Urriaren 15ean, leporaino beteta zegoen Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan Iker Salaberria izan zuen aurkari kaiolako final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian. Ezkurdia Lau eta Erdiko egungo txapelduna da, eta egungo Promozioko txapeldunarekin, Salaberriarekin, lehiatzea egokitu zitzaion. Lekunberrin bildutako zale asko goizuetarrak ziren, Salaberriaren aldekoak. 

Ezkurdia faboritoa zela jakina zen, baina arbizuarrak sortutako urakana ikusgarria izan zen. Arbizuarra Salaberriaren gainetik pasatu zen eta di-da batean, ia konturatu gabe, 37 minutu iraun zuen partidan 22 eta 9 irabazi zion. Partidan 144 pilotakada gurutzatu ziren. 

Sakea izan zen Ezkurdiaren armetako bat, 9 tanto egin baitzituen sakez. Tanto bakarra, aldiz, Salaberriak. Partida hasi eta aitaren batean, 18 eta 1 aurreratu zen aurrelari arbizuarra, goizuetarrari aukerarik eman gabe. Bukaeran, zuen amorrua aterata Salaberriak zazpi tanto egin zituen takadan, airez eta errestoan bikain arituz eta 18 eta 8 gerturatuz, baina partidari buelta emateko beranduegi zen eta, azkenean, ordu erdi pasatxo iraun zuen partidan 22 eta 9 gailendu zen Ezkurdia, nagusitasun osoz. Jota bukatu zuen Salaberriak, eta puntu garrantzitsua poltsikoan, aldiz, Ezkurdiak. 

Peio Etxeberria, hurrena
Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldian, A multzoan Joseba Ezkurdiak Peio Etxeberria lagun mina izango du aurkari, Bilboko Deportivo Klubean, urriaren 20an, ostirala, 21:15ean. Biak lehen jardunaldia irabaztetik datoz eta jokoan dagoen puntua lortu nahi dute.