Mendi lasterketak

Ander Erice, zazpigarren Hiru Haundietan

Guaixe 2023ko urr. 20a, 10:36

Hiru Haundien irteera, Murgian. FESTAK

Korrikalari arbizuarrak 12 ordu pasa behar izan zituen Gorbeia, Anboto eta Aizkorri batzeko

Urriaren 14an jokatu zen XXIII. Hiru Haundiak ultra traila, Murgian hasi zen, goizaldeko ordu batetan, eta Gorbeia, Anboto eta Aizkorri lotu ondoren Araian despeditu zen mendi lasterketa gogorra, 101 kilometroko distantzia eta 10.125 metroko desnibela zuena. 

Julen Martinez de Estibariz arabarrak (Manu Yanke) eta Alvaro Ramos salamankarrak (A4KM) lehia oso estua izan zuten, baina 80. kilometroan Ramosek ezin izan zuen Martinez de Estibarizen erritmoa eutsi eta arabarrak bakarrik egin zituen azken 20 kilometroak. Araiako helmugara heltzeko 10 ordu eta hiru ordu laurden behar izan zituen, eta oso kontentu zegoen, 2021ean lortutako garaipena berretsi zuelako eta 11 ordutik jaitsi zelako (10:44:48). 11 minutu pasa atera zizkion Alvaro Ramosi (10:56:23). Hirugarren Araiako Carlos Antonio Jimenez izan zen (11:10:13). 

Aipatzekoa da Sakana Bizirik taldeko Ander Erice Tornaria arbizuarra Top 10ean sailkatu zela, zazpigarren iritsi baitzen helmugara (12:07:05). Bestalde, Ander Iraizoz (Dantzaleku Sakana) 67. sailkatu zen (14:33:15), eta Xabier Bergera (Altsasuko Mendigoizaleak) 68. (14:33:19). 

Emakumezkoetan Ane Zabala gipuzkoarrak (Besaide) ez zuen areriorik izan (14:30:02) eta ordu erdi pasa atera zizkion Altzania klubeko Aida Delgadori (15:02:12).