Berrikuntza batekin dator Sakanako Mankomunitatea, azaroaren 5ean, igandearekin, emakumeei zuzendutako Padel Ate Irekiak antolatu baititu Arbizuko Sakana Padel egoitzan, 10:30etik 13:30era. Haurrendako zaintza zerbitzua egongo da, eta behar duenak taxi zerbitzua izango du. Izena ematea zabalik dago, eta ekitaldia doan da.
Sakanako Mankomunitateak padel ekitaldiren bat antolatzen duen lehengo aldia al da?
Bai, Mankomunitateak padel topaketa bat antolatzen duen lehen aldia da. Zerbait berria antolatzeak jendea erakarri dezakeela iruditzen zaigu, baita jende berria ere. Bi ekintzailek Utzubar industriagunean jarri dute martxan Sakana Padel egitasmoa, eta horrek kirol horretan aritzeko aukera eskaini digu.
Padela pala berezi batekin jokatzen den tenisaren antzeko kirola da. Zer berezitasun dauka?
Leku itxian jokatzen da. Kristal batez itxitako lauki luze bat da kantxa, tenisekoa baino txikiagoa. Erdian sare bat du. Bikoteka jokatzen da, eta esango nuke tenisa baino errazagoa dela, bai ikasteko eta baita jokatzeko ere. Pala nahiko zabala da. Askoz gehiago ere ezin dut kontatu; ate irekietara joango naiz ikastera.
Zergatik da emakumeei zuzendutako ekitaldia?
Sakana Padelek urte pasa darama martxan, eta gehien doazenak gizonezkoak dira. Emakumeei halakoetara joatea gehiago kostatzen zaie. Bestalde, emakumeok gure gain hartzen ditugu zaintza lanak askotan. Horregatik, emakumeek kirol hau ezagutzea nahi dugu. Padel Ate Irekien jardunaldietatik aurrera, emakumeak euren kabuz joan daitezke. Agian topaketa batzuk antolatu ditzakegu, beti ere interesa badago.
Zaintza aipatu duzu; Padel Ate Irekietan haurrendako zaintza zerbitzua jarri duzue.
Bai, umeak zaindu behar izatea ez izateko ekitaldira joateko oztopo bat. Sakana Padelen bi pista daudenez, 5 urtetik gorako haurrei ere padel ikastaroa eskainiko zaie. Hau da, pista batean emakumeak egongo dira, eta bestean umeak. Eta txikitxoak direnei bere adinera egokitutako zaintza eskainiko zaie.
Ekimenaren bidez padela ezagutarazi eta sustatu nahi duzue?
Beste kirol mota bat egiteko aukera dugu eskualdean, eta horrelako ekintzak aprobetxatu nahi ditugu. Praktika atsegina izango delakoan nago, eta espero dut emakumeen artean harremanak sortzea. Ea taldetxoak sortzen diren elkarrekin kirola egitera joateko. Sakana Padelen bakoitzak nahi duen ordutegia aukeratu dezake. Sarrerak sistema elektronikoa duenez, gaueko hamarretan edo goizaldeko zazpietan joan zaitezke.
Olaztiko Erburua kiroldegiak ere padel pista du
Bai, ez da estalia, baina pista du, eta arrakasta duela uste dut.
Finean, helburua ariketa fisikoa sustatzea da, sakandarrak aktiboak izatea, Mankomunitatearen erronketako bat.
Bai, ariketa fisikoa egitea, eta ongi pasatzea. Gozatzen baduzu, ziurrenik jarduera hori egiten jarraituko duzulako. Hori da asmoa.
Emakumeen Padel Ate Irekietan izena ematea zabalik dago, eta dohainik da.
Bai, urriaren 25era arte eman daiteke izena, Sakanako Mankomunitatean (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus). Sakanako emakumeei deia egiten diegu, ea animatzen diren. Azaroan egunak ere motzak izaten dira, eta barruko jarduerak egiteko oso garai ona da.