Pilota

Ezkurdiak urrezko aukera galdu zuen

Guaixe 2023ko urr. 23a, 11:00

Ezkurdiak eta Jakak urriaren 24an aukeratuko dute materiala. ASPE

Urriaren 28an aurrelari arbizuarrak Jakaren kontra jokatuko duen partidan erabakiko da bietako nork egiten duen aurrera Lau eta Erdian

Lau eta Erdiko egungo txapeldunak, Joseba Ezkurdiak, eta Peio Etxeberriak esku pilota ekarri zuten bueltan urriaren 20an palaren tenplua den Bilboko Deportivo frontoira. Jokoan asko zegoen: Lau eta Erdiko finalerdietarako sailkatzea. Ezkurdia zen partida irabazteko faborito nagusia, kaiolako egungo txapelduna izateaz gain, orain arte Etxeberriaren kontra jokatutako partida guztietan bere gailendu zelako, baina Deportivon ezinezkoa izan zen; 19 eta 22 galduta, Etxeberriaren kontra lehenengoz galdu zuen Ezkurdiak. Etxeberriak, partida irabazteaz gain, Lau eta Erdiko finalerdietarako sailkatzea lortu zuen. 

Lehen txanpan aurrelari arbizuarra ez zen batere fin ibili. Sakeekin ez zuen asmatu, eta akats potoloak egin zituen. Horrela, bere jokoa eginez eta ongi arituz 4 eta 14 aurreratu zen Etxeberria. Ezkurdiak, aldiz, ez zuen bere tokia aurkitzen. Hala ere, arbizuarrak ez zuen amore eman eta gutxika partidari buelta ematen hasi zen. 10 eta 14 gerturatu zen hasiera batean, baina ondoren akats gehiago egin zituen eta bere ahalegina hor geldituko zela zirudien. Baina Etxeberria 11 eta 18 aurreratuta zegoenean eta partida erabakita zegoela zirudienean iritsi zen arbizuarraren erantzuna. Inork gutxi espero zuenean, 19 eta 21 gerturatu zen, eta partidari buelta emango ziola pentsatu zuten Deportivon bildu ziren 500 pilotazaleetako askok. Zoritxarrez, bere ekinaldia hor bukatu zen. 19 eta 22 irabazita, Etxeberriak lortu zuen Lau eta Erdiko finalerdietara sailkatzea. 

Joseba Ezkurdiak eta Erik Jakak urriaren 28an, larunbata, Bermeon jokatuko duten partida erabakigarrian erabakiko da bietako nork egingo duen aurrera Lau eta Erdian, bietako nor sailkatzen den finalerdietarako.

Beste adarrean, Jokin Altuna finalerdietarako sailkatuta dago, baina besoan min hartuta erretiratu zen gipuzkoarra eta baja egingo du aste honetan. Finalerdietarako nola dagoen ikusi beharko da. Finalerdietako beste hautagaia urriaren 29an, igandea, Artolak eta Peña II.ak elkarren artean jokatuko duten partidan erabakiko da, Elordik orain arte jokatutako bi partidak galdu baititu. 

Altsasuko jaialdiko emaitza
Ostiralean Altsasun jokatutako jaialdian Promesen Mailako Lau eta Erdian Eskirozek 22 eta 20 irabazi zion Expositori. Binakako jaialdian, Elezkano II.ak eta Martijak 22 eta 18 hartu zituzten mendean Dario eta Zabaleta.