Apaiz euskaltzale baten jardunak Arbizuk euskarari eusten lagundu zuen

Guaixe 2023ko aza. 1a, 09:01

Juan Goikoetxea Zabalo. EUSKALTZINDIA

Frankismo garaian apaizek euskararen aldeko jokabidea hartzeak hizkuntza bizirik mantentzen lagundu zuen herrietan. Sakanan bi adibide daude. Jose Mari Satrustegi Zubeldia eta Urdiain dira ezagunez. Arbizun Juan Goikoetxea Zabalo egon zen. Lastailaren 28an, larunbatean, 50 urte bete ziren arbizuarrek omendu zutela. 

Juan Goikoetxea Zabalo Larraungo Lezaeta herrian jaio zen 1905eko azaroaren 18an. Sei urterekin Ikastegietan zuen osaba apaiz batengana eraman zuten. Hamar urterekin Andoaingo Seminario Txikian sartu eta bost ikasturteren ondoren, Gasteizen beste bi eman zituen Filosofia ikasten. Teologiako aurreneko lau ikasturteak ere han egin zituen, bosgarrena eta Zuzenbide Kanonikoko ikasturtea Zaragozan egin zituen. 1928ko martxoan, 22 urte zituela apeztu zen Iruñean. Apeztu eta bi hilabetera Ilarregin zegoen apaiz. Bost urte eman zituen han, 1933an Arbizura lekualdatu zuten arte. Arbizun 40 urtez apaiz izan ondoren, Donostian hil zen 1973ko garagarrilaren 30ean. 

Euskaltzale
Arbizuko apaiza izandakoa 1965ko irailaren 24az geroztik euskaltzain urgazlea zen. Jose Mari Satrustegi Zubeldiak haren hilberria idatzi zuen eta han adierazi zuenez, Goikoetxea euskal nortasunean Nafarroako apaizetatik jatorrenetako bat zen. Euskaltzale kementsutzat zuen, eta haren euskararen aldeko lan sakonaren lekuko Arbizu bera zela adierazi zuen. 

Goikoetxeak arbizuar bat gehiago bihurtu zela eta herriko euskaran hitz egiten zuela jakinarazi zuen Joxemari Murua Goñik Diario de Navarrako Nafar Hizkuntza atalean 1997ko lastailaren 10ean. Galdera egin zuen: "zer egin ote zuen erretore jakintsu bezain apal ark, euskarak Arbizu`n berari esker, bere artan iraun zuela denak ao batez esateko; inguruko errietan atzerakada galanta egin zuen bitartean?" Erantzuna ere eman zuen Muruak: "ondo asko bait zekien euskerak asetzen duela, bete betean, euskal espirituaren mintzo bearra. Jakite orren eragina ian zuen ardatz nagusi elizgizon eta euskaltzale zen aldetik. Arbizu'ko erria jabe zedin bere nortasunaren altxorraz". 

Apaizaren jardun euskaltzalearen testuingurua ere ez zuen ahaztu: "garai ura gañera, oso neketsua eta iluna izan zen euskal kulturarentzat. Euskaldun askori bere izkuntzaz ia lotsa arazterainokoa". Muruak gaineratu zuenez, "Don Juan'ek, berriz, erriaren mailla guztietan zekien lan egiten. Eta jakiñik, zein garrantzi aundia duen Jainko bideetan ere ama-izkuntzak, bada, ain gurea dugun euskal mintzo eder au zainduz tresna izan zuen aldi berean pertsonen barne-muin sakon ori lantzen, eta kristau-sinimena txertatzen. Eta bere jarrera miresgarri artaz Arbizu'ko erria oartu egin zen; eta erderaz ikasi bazuen ere, eta ondo ikasi! Beti izan zuen leenengo Arbizu'k, eta du, euskara, nafar-izkuntza". 

Goikoetxeak Norbert Tauer txekiar euskalariarekin gutun trukea izan zuen 1956an. Arbizun euskararen alde egindakoa horrela laburbildu zuen apaizak: "emen nik egin dutena utsa da, ots, denok egin bear giñukena, euskaraz mintzatu, denakin, au´rakin batez ere, ta Jaungoikoarekin euskaraz mintzatzen erakutsi ta besterik gabe ala jarduten dute, datozen atzeritarrak berekin jolastekotan beharko ikasi, bi ilabetetarako lardakatzen asten dira, urterako jator". Eta jarraitu zuen: "nire lantxo ori aipatu bear izatea tamalgarri zait, beste hainbeste gañerakoak ezdagitelako baita. Zapuzten ta baztartzen dijoakigu dure itzkuntza erri xean arlotetzat jotzen da, naiz jakitun ta letratu batzuk ikasteari eman". 

Bestetik, Goikoetxea Nafarroako elizbarrutian liturgia gaiak euskaratzeko osatu zen batzordeko kidea zen. Satrustegi taldekia zuen. Elizbarrutiko itzulpen lanak egin zituen ondoren. Diputazioaren Principe de Viana aldizkarian hasieratik elizako gaiez idatzi zuen, sinatu gabe. 

Hil eta urtebetera Benito Ijurrak aitortu zuen Goikoetxeak erakutsi zuela euskaraz "erdaraz bezein ongi ta obeki ta gozoago esan ditezkeela egi ederrenak". Horregatik, "Arbizuko jendeari euskera atsegin izan dakio" eta arbizuarrak "euskera gauza aunditzat irui ta maitatu dute". Urte hartan bertan Principe de Vianako maiatzeko zenbakian Euskara parrokietan artikulua argitaratu zen. Idazle anonimoak Goikoetxeak esandakoak jaso zituen: "guk Kristau-ikasbidea danok emen euskaraz egin izan ba`genu, Sakana`n gure izkuntza etzan galduko".  


Elizako ateraren eskuin aldean dago Goikoetxearen omenezko plaka. ARTXIBOA

Hil ondoren
Diario de Navarrak, Nafar Hizkuntzan Orria sailean, Eskerrik asko Don Juan!! artikulua argitaratu zuen 1973ko garilaren 13an. Felipe Araña Mendinueta fraide laterandar arbizuarraren testua zen. Idatzian izenburuaren zergatia azaldu zuen: "zuk gure erriaren alde egin dituzun gauz guztiengatik erriko seme-alabak danok biotz biotzez esaten dugu". 

Testuan azaldu zuenez, "erriko seme gehienak espirituz berak egiñak gera, berak aziak. Ainbeste urtetan berak bataiatu, berak dotriña euskaraz erakutsi, berak lenengo aldiz aitortu eta lenengo Jaunartzea eman. Zenbat ezkondu ditu eta zenbati ongi iltzera lagundu die. Zenbat itzaldi eta gañera bikaiñak". Arañak gaineratu zuenez, "Or egon da beti denoi entzuteko, gure egun alai eta illunetan. Beti prest edozeiñen nekealdi eta penak kentzeko eta kontseju on bat emateko. Beti denongatik maitatua eta admiratua". Nabarmendu zuen Goikoetxea apaiz izan bitartean zortzi arbizuar apaiztu zirela eta beste horrenbeste moja egin zirela. "Apaiz bati halako gauzak aintza aundia ematen dio". 

Arañak ziurtatu zuenez, "ba giñakigun gizon aundi eta jakintsu bat zala. Nai izan balu ba zituan gure erria baño leku obeak bere apaizgintza an aurrera eramateko eta alaz ere etzen joan gu beti asko maite izan gaituelako". 


Goikoetxearen omenezko plaka. ARTXIBOA

Hileta eta omenaldia
Goikoetxearen ama Arbizun hil zen eta herrian eman zioten lur. "Ordueskeroz bertan ill eta bertan obiratzea nai zuan", argitu zuen Arañak. Garilaren 1eko arratsaldean egin zen Goikoetxearen hileta elizkizuna. "Jende erdia, barruan tokirik etzelako, eleizako atarian egon zan". Jende askok negar egin zuela gaineratu zuen. Herritar baten esanak ere nabarmendu zituen: "ze puska galdu du gaur Arbizuk". Arañak jakinarazi zuenez, ehundik gora apaiz joan ziren Arbizura. "Onek esan nai du gure artzai don Juan nor zan. Zein ospetsu. Errian aiña apaiz tartean maitatua". Zehaztu zuenez, "etxetik eleizaraño lau erriko seme apaizek eraman genduan. Eleizetik kanpo santuraño lenbizi bere illebak eta gero ayuntamentukoak eraman zuten". 
 
1973ko lastailaren 28an, igandearekin arbizuarrek urtetan herriko apaiz izandakoa omendu zuten. Bi egun geroagoko Diario de Navarrak omenaldiaren berri jaso zuen. Lehenik meza izan zen, omenduaren koadjutore eta roduko apaizenak emana. Sermoian Goikoetxearen apaiz, euskaltzale eta gizon kristau gisakoa nolakoa zen azaldu zuen. Aralarko aingeruaren irudia presente egon zen elizkizunean. Meza bukatzean, elizaren kanpoko aldean Goikoetxearen omenezko plaka ageria utzi zuten. Honakoa irakur liteke: "Goikoetxea Zabalo'tar Juan 1933'tik 1973'ra Arbizu'ko erretora berrogei urtez. Erri ontako kristau-siñismenari Euskararen bidez eutsi zion". 

Aurretik, alkateak esan zuenez, "duela 40 urte Don Juan etorri zenean herri guztiak euskaraz hitz egiten zuen. Gaur egun herri guztiak, salbuespenik gabe, euskaraz hitz egiten du, berari esker. Eskertzen dugu, baina gehiago eskertzen dugu zerurako bidea erakutsi izana". Euskararen Sustapenerako Ataleko buru Jesus Ezponda foru diputatuak esan zuenez, "ongi dakizue buru argiko gizona zela, eta biotz onekoa ere. Orregatik askotan etorri naiz gizon aren itzaren, iritziaren bila". Ezpondak gaineratu zuenez, "ez zeuden okerretan, ez gure D. Juan, ez Arbizu erriko gurasoak; beti jakin dute ta beti egin ere, euskaldun jendeak euskaraz itzegin bear duela: etxean, elizan, kalean, leku guztietan". Orduko Diputazioaren asmoen berri ere eman zuen: "euskeraren alde, denak indarrez eta garbiki egin dezagula". Txistulariek Agur jaunak jotzen zuten bitartean Ezpondak agerian utzi zuen plaka.

Apaiza zenak jaso zuen aitortza bakarra ez zen hura izan. Haren heriotzaren aurreneko urteurrena zela eta Arbizu izeneko aldizkaria argitaratu baitzuen arbizuarrek.