Pilota

Bukatu da

Guaixe 2023ko urr. 30a, 11:00

Joseba Ezkurdia, burumakur. ASPE

Joseba Ezkurdia Lau eta Erdiko Txapelketatik kanpo geratu da, Erik Jakaren kontra 16 eta 22 galdu eta gero. 

Erik Jakak sorpresa eman zuen Bermeoko Artza pilotalekuan, Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako hirugarren jardunaldian egungo txapeldun Joseba Ezkurdiari 16 eta 22 irabazi, eta finalerdietarako txartela lortuz. Joseba Ezkurdia txapelketatik kanpo geratu da, joan zen urteko koroa, kaiolako bere hirugarren txapela, ezin defendatu. 

2020 urteko Lau eta Erdian Erdiko finalerdietan Jakak 22 eta 16 irabazi zion Ezkurdiari, eta historia errepikatu da, emaitza berberarekin, gainera. Material aukeraketan Jakak berak esan zuen Josebari aurretik irabazi bazion, ea zergatik oraingo honetan ez, eta hala izan da. 

Dirua hasieratik Ezkurdiaren alde atera zen. Bera zen faboritoa. Partida gogorra izan zen, eta Erik Jakak izugarri sufritu behar izan zuen Joseba Ezkurdia mendean hartzeko. Hasieran, paretsu ibili ziren bi pilotariak, bosna, seina, zortzina, hamaikana eta hamabosna berdindu baitzuten. Hasieran 11 eta 8 aurreratu zen Ezkurdia, baina Erik Jakak ongi erantzun zuen eta 11 eta 15 aurreratu zen. Ezkurdiaren beste takada eder bati esker, 16 eta 15 jarri zen aurretik arbizuarra, partida gehien gogortu zen unean. Tamalez, akats bat egin zuen, eta Jakak sakea berreskuratu, Ezkurdiaren erresistentzia gainditu eta eta zazpi tantoren takadarekin garaipen sendoa lortu zuen, 16 eta 22. 

Kolpe latza
Ezkurdia jota zegoen, presioak gaindituta. Hasieratik arriskua sortzea eta bere aukerak aprobetxatzea kosta egin zitzaion. Lotuta jokatu zuen, deseroso. Sake eta errematean ez zen fin ibili. Bai, ordea, Jaka. Jakak 5 tanto egin zituen sakez, eta Ezkurdiak bat ere ez. 

Lur jota zegoen arbizuarra, ia ezin hitzik egin. "Oso sentipen txarrak izan ditut. Ez dut ezer jokatu, eta sakearekin ez dut ezer egin. Erikek zuzen jokatuta irabazi dit. Haserre nago. 32 urte ditut. Ezin dut horrela jokatu". Kolpe gogorra izan da arbizuarrarendako, buelta eman beharrekoa. 

Aldiz, pozez zoratzen zegoen Jaka. "Niri komeni zitzaidan bezala jokatu dugu. Min handia egin diot sakearekin eta bigarren kolpearekin. Deseroso egon da. Kosta egin zait berriro maila honetara iristea. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet inguruko guztiei. Ederra da berriro halako sentipenak izatea". 

Finalerdietan, Peña II.ak Peio Etxeberria izango du aurkari, larunbatean Gasteizko Ogetan. Jakak eta Altunak igandean jokatuko dute, Eibarko Astelenan.