Hasita eskola zaharra berritzeko lanak

Guaixe 2023ko aza. 14a, 09:00

Eskola hartu zuen eraikinean eraberritze lanak egiten hasi dira.

Eskola zaharren eraikina berritzeko lanak hasi dira. Lanak heldu den urteko udarako despedituta egonen dira. Kultur jarduerak eta bestelakoak egiteko bideratuko da. Parte hartze prozesu baten bidez eraikinaren barne araudia zehaztu nahi du udalak.

Azaroarekin batera hasi ziren Arbizuko eskola zaharra hartu zuen eraikina eraberritzeko lanak, eta heldu den agorrila akaberarako despedituta egon behar dute. Ikastetxea izateari 2019an utzi zion, urte hartako irailaren 9an eskola berria mustu baitzuten. Arbizuko Udalak sustatuta, parte hartze prozesua egin zen 2021ean, eskola zaharrei eman beharreko erabilera zehazteko. Haren bidez arbizuarrek erabaki zuten kale Nagusiko 1. zenbakiko eraikina kulturara bideratzea. Eskola zenak 299 metro karratuko azalera du. Han areto handi bat eta bi gela txiki eginen dira. Eraikina ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, proiekzioak, kontzertuak eta beste hainbat ekintza eta bilera egiteko leku izanen da. Lan horietaz aparte, sotoan gaur egun dauden egurrezko eta gasolioko galdarak kendu eta pellet galdara jarriko du udalak. Sotoaren gainontzeko espazioan, altuera txikia duenez, biltegi gisa erabiltzea aztertzen ari da udala. 

Lanak egin bitartean, Arbizuko Udalaren asmoa da eraikinaren barne araudia landu eta adostea. Horretarako, parte hartze prozesua eginen du heldu den urtean. Haren metodologiaren eta egutegiaren berri aurrerago emanen du. Hala ere, bakarren batek dagoeneko ekarpenen bat egin nahiko balu partehartzea@arbizu.eus posta elektroniko helbidera idatzi dezake.

Obra Noveleta enpresak du eta 370.000 euroren truke eginen du. Europar Batasuneko Next Generation funtseko Eraikin Publikoen Birgaitzea Bultzatzeko Programatik (Tokiko Pirep) dirulaguntza jaso du udalak. Francisco Javier Razkin Flores alkateak azaldu duenez, "jasotako dirulaguntzarekin lanen %100 ordainduko dugu, haiei dagokien BEZ zerga salbu". Razkinek nabarmendu duenez, "aldea dago orain arteko dirulaguntzarekin. Dagoeneko dirua jasoa dugu. Badakigu ondoren lupaz begiratuko digutela, eta gauzak eskatuko dituztela. Baina orain arte dirulaguntzak lanak egin ondoren jaso ditugu". 

Razkinek gogorarazi du udalak Nafarroako Gobernuari hiru lan egiteko dirulaguntzak eskatu zizkiola. "Alde batetik, udaletxeko bulego eta artxibategiko solairua birmoldatu nahi genuke, espazioa berrantolatu eta tokia hobe aprobetxatzeko. Izan ere, artxiboa txiki gelditu zaigulako, eta gaur egungo beharretara egokitu behar delako. Laguntza eskaera hori erreserban utzi digute". 

Eta beste bi eskaerak erreserban utzi ditu gobernuak. Hau da, udalen batzuk bere laguntzari uko eginez gero, Arbizuko Udalak laguntza jasotzeko aukera luke. Erreserban dagoen lan horietako bat kiroldegiko klimatizagailua berritzea da. Bestea, berriz, Fernando Urkia kaleko sareak eta zoladura berritzea da. Bestetik, alkateak jakinarazi du udaletxeko galdara izorratuta dagoela eta hura berritzeko pausoak ematen hasiak direla. 

Etxebizitzak
Arbizuko Udalak eta foru gobernuaren Nasuvinsa enpresa publikoak hitzarmena egin zuten San Joan bidean alokairuko bost etxebizitza eraikitzeko. Razkinek azaldu duenez, "udalak egin beharrekoa egina dago. Aurrera doa dena. Ongikoz, lanak hasi daitezke. Baina Nasuvinsak nahi duenean izanen da hori", azaldu du. Bestalde, gogorarazi du udalaren jabetza den Agonia etxea oraindik ere salgai dagoela. Argibideak nahi dituenak udaletxean jaso ditzake.