Astekaria

"Las Palmasen dago Toure orain; ez da hain ilunpekoa"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2024ko urt. 17a, 12:52

Jon Arretxe idazlea 'Musker amarruak' azken liburuarekin.

Jon Arretxe idazleak sortutako Toure pertsonaia borroka kanariarreko borrokalaria bihurtuko da 'Musker amarruak' sagaren hamargarren liburuan, Kanaria uhartetan kokatzen dena.

Toure protagonista duen hamargarren nobela argitaratu du Jon Arretxek: Musker amarruak. Kanarietara bidaia egin du oraingoan Arbizun bizi den idazleak.

Hamargarrena, zenbaki borobila, berezia?

"Hamargarrena ez zait batere gustatzen; hamaikagarrenean lanean ari naiz"

Ez da ezer positiboa. Ez zait batere gustatzen. Edo bederatzi edo hamaika; hamaikagarrena egiten ari naiz. 

Toureren hamar istorio, baina ez hamar urtetan. 
Tartean Zazpi koloreren berrargitarapen berezi bat egin nuen, musika CD batekin eta Cristina Fernandezen marrazkiekin. Zerbait bereziagoa egin nahi nuen, eta lan potolo bat izan zen. Galdetzen didatenean zein den nire lanik bereziena hori aipatzen dut. Urte batean beste nobela beltz bat egin nuen: Arrutiren banda. Hamargarrena hamabigarren urtean atera da, gutxi gorabehera. 

Gutxi batzuk izan behar ziren, ezta?
Lehenengoa esperimentu moduan idatzi nuen, 19 Kamera. Pertsonaia bat sortu nuen; ezinezkoa zen pertsonaia bat sortzea denak hiltzen nituelako, eta ezin nuen sagarik egin. Tourerekin esan nuen: nahiko pertsonaia bitxia da eta ea jendeari gustatzen zaion. Arrakasta handia izan zuen, eta aurrera. Hiru idatzi nituenean trilogiarik ez dudanez nahi, laugarrena idatzi behar nuen eta bost nituenean ere zenbaki borobilegia zen eta sei idatzi behar nituen. Hamargarrenarekin ere hamaikagarrena idatzi beharko dut; ea noiz arte. 

Zure buruari erronkak jartzen?
Berez datoz, gustura idazten ditut nobela hauek. 

Nola aldatu da Toure?

"Toure eta gizartea asko aldatu dira; hau ez da auzo marginatu batean gertatzen"

Bai.Toure eta bai gizartea asko aldatu dira. Toureren gizartea. Gure gizartea, hemen Sakanan, badirudi gauzak astiroago aldatzen direla; aldatzen dira, baina beste martxa batekin. Hiri handietako auzo baztertuetan izugarrizko aldaketak izaten dira, azkarragoak, jendearen joanetorriak, ihes egin beharra... Toure zurrunbilo horren barruan dago. Bilboko San Francisco auzoan hasten da, eta auzo hori oso desberdina da orain dela 12 urte eta gaur egun. Hiri handi askoetako auzoetan ibili da sagan zehar: Madrilen Vallecas eta Lavapies aldean, Parisen atzerritarren auzoetan ibili da gehienbat, eta leku horietan bizi eta mugimendu handia dago. Beti saltsaren bat egoten da. Konparatzen baduzu 19 Kamera edo Lyrica garaia edo Musker Amarruak aldatuta dago, bai gizartea bai Toure. Hamargarrena Kanarietan kokatzen da; desberdina da, ez da hiri handi bateko auzo marginatu batean gertatzen.  

Erritmoa desberdina da?
Kanariarrak oso bereziak dira. Jendea Kanaria uhartetan egon da, baina hegoaldeko uharteetan, eguzkia dagoen irletan. Benetako kanariarrak iparraldeko hirietan daude batez ere, hain eguzkitsuak ez diren tokietan. Toure horra joan da, Las Palmasera. Pertsonaia oso aldatuta dago, sagaren hasieran etorkin iritsi berria, maliziarik gabea eta beraietaz aprobetxatzen ziren, eta bizitzak gaizki tratatu du sagan zehar, eta ez dauka hasierakoarekin zerikusirik. Hiltzaile errugabea izan daiteke beharrezkoa bada. 

Ia Afrikara itzuli zara. 
Iarik gabe. Kanariak Afrika da, mapan ikusten duzu eta geografikoki behintzat Afrika da. Kanariarrek esaten dute Hego Amerikako jende pila bat dagoela, geografikoki Afrika direla eta teorian Espainia eta Europa. Oso jende sanoa eta jatorra da.

Las Palmas hiriko La Isleta auzoan kokatzen da. Zergatik?

"Alexis Ravelo idazle eta lagunari omenaldia egin diot Las Palmasen kokatzen"

Bederatzigarrena amaitu nuenean gonbidatuta egon nintzen La Palma uhartean nobela beltzari buruzko jardunaldi batzuetan. Alexis Ravelo zen komisarioa, niretzat Espainian azken urtetan egon den idazle hoberena eta lagun handia. Canarias7 hedabideko kazetari batek, Victorianok, proposatu zidan Toureren nobelaren bat Kanarietara eramatea, Las Palmas hiriko La Isleta auzora, gainera. Agian egunen batean erantzun nion; ez nuen guztiz serio hartu. Aridaneko jaialdia amaitu zen eta astebetera Alexis Ravelo hil zen. Niretzako kolpe handia izan zen, ez genuelako espero. Bihotzeko bat izan zen eta pena handia hartu nuen. Orduan, omenaldi moduan Toureren hurrengoa Las Palmasen kokatzea pentsatu nuen, berari eskaini diot liburua eta Victorianoren proposamena gauzatu da. 

Aurretik horrelakorik gertatu izan zaizu? Hau da, norbaitek toki bat proposatu eta egin?  
Nik gogoa dut Toure lekuz mugitzeko. Bestela, leku berberean pertsonaia bera duten sagak oso arriskutsuak dira. Bihurtzen dira ez dakit zein detektiberen beste kasu bat. Errepikatzeko eta originaltasuna galtzeko arriskua dago. Niretako gakoetako bat hori da, desberdinak izatea. Lehenengo biak Bilboko San Franciscon; hirugarrena Irun, Hendaia eta Baionan; laugarrenean deportatzen dute eta Afrikan gertatzen da; Bilbora itzultzen da ondoren; zazpigarrenean ni Nafarroako herri txiki batean bizi naizenez Nafarroako herri txiki batean gertatzea pentsatu nuen eta Pirinioetako herri txiki bat asmatu nuen Sakanan identifikatuta ez sentitzeko eta inor ez moskeatzeko, eta gero eraman dut Parisera, Madrilera eta orain Kanarietara. Baina kanpotik proposatutako leku zehatz bat oraingo honetan gertatu zait. Egia da jendeak esaten didala, gehienbat katalanek, ea noiz eramango dudan Bartzelonara. Ailegatuko da. 

Toki oso desberdina da.

"Hiru aldiz egon naiz inspiratzeko eta ideiak ateratzeko; beti egiten dut"

Las Palmas aldea ez da hain ilunpeko girokoa edo marginala. Badago jende txiroa, etorkinak, prostituzioa, droga trafikoa eta abar toki guzietan bezala, baina desberdina da. Ez da herri giroko nobela bat ezta. Rural noir esaten zaion hori bakarra egin dut, Nafarrokoa, Ez erran deus; herri giroko nobela beltza da eta asko sufritu nuen. Hor konturatu nintzen oso zaila dela ezer gertatzen den leku batean nobela beltz bat kokatzea, kakotxen artean. Gauzak gertatzen dira, baina oso noizean behin. Hiri handi bateko auzo berezi batean begira egotea nahikoa da ideiak eta pertsonaiak sortzeko. Hemen, gure artean, jendea normalagoa edo arruntagoa da, eta zailagoa da inspirazioa sortzea. Horregatik esan nuen ez nuela inoiz horrelakorik egingo. Hiria behar dut. Las Palmas hiri nahiko handia da, eta La Isleta auzo berezia da. Kontua izan da hara joatea eta han egotea. Beti egiten dut inspiratzeko eta ideiak ateratzeko. Nobela kokatzen dudan tokian egoten naiz zentzumen guztiak erne. Lau aldiz egon naiz Las Palmasen. 

Kritika soziala ere agertzen da: harrera zentroak, etorkinak, Saharako gatazka... 
La Isleta auzoan harrera zentro handi bat dago. Etorkin ailegatu berriak han sartzen dituzte. Ez da CIE bat; CIEak kartzela modukoak dira. Harrera zentro hauetan hobeto tratatzen dituzte. Han sartzen dira eta gero estatuko beste toki batzuetara lekualdatzen dituzte. Kanarietan etorkinekin ez dute arazorik. Haiek esaten dute mende asko daramatzatela horrelakoak jasotzen, eta haiek ere erdi afrikarrak erdi hego amerikarrak direla. Gai horretan askoz irekiagoak dira kanariarrak; ospitalarioagoak, eta hobeto hartzen dituzte atzerritarrak. Handik paseatzen Las Canterasen emakume sahauriar asko ikusten dira, eta oso deigarria da bakarrik daudelako, terrazetan, eta ez delako oso normala. Deigarria da hainbeste emakume sahauriar edozein turista alemaniar edo frantziar bezala terrazetan ikustea. Bertakoek ere ez daukate oso argi zergatik den; kazetariek eta kontatu didatenez haien senarrak agian Fronte Polisarioan daude, beste batzuk penintsulan... Saharako gatazkari buruz hitz egiteko baliatu dut ere. 

Nola egiten dituzu deskribapenak?
Lehen papertxo bat eta boligrafo bat eramaten nuen eta oharrak hartzen nituen. Gero konturatu nintzen oso lan handia dela, eta orduan mugikorrarekin grabatzen dut. Nire mugikorra zapatofono kutre bat da eta lehen argazkiak ateratzen zituen baina orain ezta hor ere, baina grabatzen du. Orduan hortik joaten naiz eta klak: "Lau emakume sahauriar holako arropa jantzita batek boltso bat oso garestia dirudiena eramaten du eta beste beste bat mugikorrarekin ari da". Detailetxo horiek, begiradak eta abar grabatzen ditut, telefonoz hitz egiten banengo bezala. Horrela ez dut atentzioa deitzen. Ez dirudi inor espiatzen ari naizenik. Gero hotelera itzuli eta ohar horiek idazten ditut. Badaude toki oso bitxiak, bunkerrak edo jatetxe korearrak esaterako. Toureren begiradatik kontatzen dut.

Erraz opa daitezke txokoak?
Bai. Las Palmasera joanez gero La Isleta auzoa hortxe dago, eta horren atzean hondartza bat dago eta bunkerrak; paseoan joan daiteke edonor. 

Berriz ere Toureren bizitza korapilatuko da. 
Nobelaren hasieran Toure tomateak lapurtzen ari da jan behar duelako eta batbatean tipo handi bat zezen lepoko indartsu bat agertzen da eta jabea dela uste du, baina bera ere lapurtzen ari da. Lagunak egiten dira eta lagunak Toureri esaten dio ea noizbait borroka kanariarra probatu duen. Bera txapeldun ohia da eta ikuskizun moduan antolatzen ditu borrokaldiak, eta apustuak egiten ditu. Izenburua amarru hortik dator. Jendea engainatzeko eta apustuen bidez dirua irabazteko egiten ditu. Toureri esaten dio desafio bat egingo duela eta bera Dakarko lehoia izango dela. Baina Toure ez da Dakarkoa eta ez dauka borrokan ideiarik. Baina lagunak esaten dio jendeak ez dakiela hori eta berak esateko Senegalen borroka oso antzekoa egiten dela. Kirol nazionalak dira. Apustuen bidez dirutza irabaziko duela esaten dio, eta hor ez zaio horren erokeriarik iruditzen Toureri. Hor hasten da trama. Gero gauzak konplikatzen dira. Sagatik umoretsuena dela uste dut.

Horrelako borrokaren bat ikusi duzu?
Bai. Hemen galdetu dudanean batzuk ezagutzen dute eta beste batzuk entzun ere ez dute egin. Han kirol nazionala da. Ez dakit hemengo zerekin konparatu; pilota izan daiteke, baina agian gehiago da. Liga bat dago... Hortik tiratzea erabaki nuen. Senegalen eta Hego Korean ere egiten da. 

Hamargarren liburua eta, laster, telesaila. 
Bukatuta dago. Sei kapitulu eginda daude. Bakarrik falta da zein egunetan emitituko duten jakitea. ETB1en estreinatuko dute, euskaraz.  

Erlazionatuak