Arbizuko Utzubar industrialdean kokatuta dagoen Sakana Padelek eta Attsf eta VG erakundeek Sahara aske baten aldeko padel txapelketa solidarioa antolatu dute ilbeltzaren 21ean, igandean, egun osoan barna, hainbat babesleren laguntzarekin. Sakana Padeleko Joseba Alzueta dago ekimena koordinatzen.
Laburrean, zer da padela?
Txikia nintzela padela lehenengoz ikusi nuenean iruditu zitzaidana azalduko dizut: padela tenisa bezalakoa da, baina zelaia txikiagoa da, eta lau pareta dauzka zelai eremu horretan. Palak ere bereziak dira, ezberdinak. Definizio horrekin geratu naiz.
Nola sortu zen padel txapelketa solidarioa antolatzeko ideia?
Ni Attsf (Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkartea) Gobernuz Kanpoko Erakundeko kidea naiz. Beste ekimen batzuen artean gure taldeak Saharan proiektu bat du martxan, Garraio Basea izenekoa. Denok dakigun bezala Saharako kanpamenduen egoera oso larria da, laguntza handia behar dute, eta gai honen inguruan oso kontzientziatuta nago. Jon Echaiderekin batera Sakana Padela sortu genuenean Sahara nola lagundu hausnartu genuen, eta txapelketa solidario bat antolatzea erabaki genuen. Eta horretan gaude.
"Txapelketa solidarioak harrera ona izan du. Bikote ia guztiak sakandarrak dira"
Padel txapelketan parte hartu nahi dutenek aurretik eman behar dute izena, lekuak mugatuak direlako.
Bai, oso toki gutxi geratzen dira, ekimenak harrera ona izan duelako. Goizeko hamarretatik hasita, egun osoko ekimena izango da, baina hala ere egunak bere ordu mugak ditu, eta antolakuntzari begira ezin daiteke parte hartzaile kopuru amaigabea hartu.
Nola jokatuko da padel txapelketa? Ligaxka izango da?
Izena ematea ixterakoan ikusiko dugu nola antolatzen dugun, parte hartuko duten bikoteen araberakoa izango baita, baina litekeena da hasieratik kanporaketa zuzenak izatea eta partidak hiru setetara jokatzea. Dena den, oraindik ez dugu formatua guztiz zehaztu.
Zer nolako bikoteek parte hartuko dute? Maila handiko txapelketa izango da?
Bikote ia guztiak edo denak sakandarrak direla uste dut. Duela urte bat hasi ginen Sakana Padelen. Bazegoen aurretik Iruñera, Gasteizera edo Beasainera padelera jokatzera zihoan jendea, baina jende gehiena zerotik hasi zen padelean Sakana Padel ireki genuenean. Epe labur honetan askok maila nahiko handia lortu dute. Txapelketa solidarioan bikote batzuk gizonezkoek osatutakoak dira, eta beste batzuk mistoak, emakumeek eta gizonek osatutakoak.
Hortaz, jende gehiena zerotik hasi zen zuenean.
Bai, nik esango nuke ia jende gehiena hutsetik hasi zela. Sakana Padelean hainbat zerbitzu daude, eta tartean padel eskola dugu. Padel trebakuntza eskaintzen dugu, eta astero klaseak daude. Hor ikusten da ikasleen maila eta garapena, baina bereziki Sakana Padelen ikasturtean barna antolatzen dugun padel torneoan edo rankingean nabaritzen da hobekuntza hori. Oso polita da hobetu dutela ikustea, gehienak hutsetik hasi zirelako.
Sakana Padelen bezero bakoitzak bere aukeraketa egiten du. Batzuk prestakuntza ikastaroetara doaz, beste batzuek zuen txapelketan parte hartzen dute, gainontzekoak lagun kuadrillarekin nahi duten orduan joaten dira partidaren bat jokatzera... Zerbitzua, kartara.
Bai, denetatik. Sakana Padeleko erabiltzaileek zenbait aukera dituzte. Bazkide izan daitezke, erabilpen bonuak edo txartelak eros ditzakete... norberak hautatzen du bere interesekoa. Erabiltzaileek txartela dute, eta egoitza Iruñean duen Nubapp enpresak garatutako Resasports aplikazioaren bidez pistak erreserbatzen dituzte, bakoitzak nahi duen edo interesatzen zaion orduan. 24 orduak ditu bezeroak aukeratzeko. Txartelarekin sartuko da, eta guztia automatizatuta dago. Oraingoz bi pista ditugu.
"Ate irekiak izango dira igandean. Sakandar guztiak gonbidatuta daude. Polita izango da"
Sakana Padelek izan duen erantzunarekin kontentu zaudete?
Oraingoz bai, baina soilik urte bat daramagu martxan. Oraindik hobekuntzak edo aldaketak egin behar ditugu, aurrera segi. Prozesu bat da, ibilbide luzea, eta oraindik gauza asko daude egiteke.
Ilbeltzaren 21ean Sahara aske baten aldeko padel txapelketa solidarioa ikustera hurbil daiteke?
Jakina! Edonor hurbil daiteke, ez soilik padelean jokatuko dutenak. Ate irekiak izango dira, eta sakandar guztiak gonbidatzen ditugu giroa ikustera, edo, besterik gabe, gure instalazioak ikustera. Oso polita izango da, egun bikaina pasako dugu. Txapelketa jokatzen den bitartean ekitaldiak eta sorpresak egongo dira, Attsf GKE-ko kideak ekimenak antolatzen ari dira, eta ni guztia koordinatzen.
Hurbiltzen den jendeak Sahararen aldeko ekarpena egiteko aukera izango du?
Bai, ekarpenak jasoko dira. Bestalde, Gobernuz Kanpoko Erakunde gisa Attsf erakundeak, esaterako, Bizum aktiboa martxan du dohaintzak jasotzeko. Laguntzeko beste modu bat da.