Sanjuanetan hogei urte beteko dira Cristina Fernandez ilustratzailea Arbizun bizi dela. Arte Ederrak Diseinu Grafikoaren espezialitatean eta Artearen Historia ikasi zuen, eta lehenengo ikasketak amaitu aurretik diseinatzaile lanetan aritu zen enpresa bateko marketin departamentuan. Zorte ona eta txarra izan zela aipatu du; lana eta soldata izatea oso ongi zegoen, baina "hain goiz aurkitu nuen, formakuntza handiagoa eta sakonagoa egin ahal izan nuela sentitzen dut". Horretaz "aspertu" zen sorkuntzarako toki gutxi zuelako, eta ilustrazioaren munduan barneratu zen. Besteak beste, Erein argitaletxeko Uzta Gorria bildumaren liburuen azalak sortzen ditu.
Zein izan da ilustrazioan zentratzerako zure ibilbidea?
Ilustrazio teknikoak egiten hasi nintzen eta pentsatu nuen niri gustatzen zitzaidana diseinu editoriala eta literaturan lan egitea zela. Ipuinentzako ilustrazioak egiten eta abar. Argitaletxeetan bidea bilatu nuen, eta lan txiki bat argitaratzeko aukera izan nuen. Jon Arretxeren Tubabu liburuaren barruan agertzen den mapa bat egin nion fabore bezala, ez zen enkargu bat izan, eta ez neukan kobratzeko asmorik. Argitaratzean ikusi zuten ni han nengoela, existitzen nintzela eta zer edo zer gehiago agindu zidaten. Lehenengo azalak Elkaren argitaratzen hasi nintzen; gero beste batzuk etorri dira. Azalak ez ezik album ilustratuak, testu liburuentzako ilustrazioak eta abar ere egin ditut. Gaur egun lan handiena Ereinekin egiten ari naizena da. Uzta Gorria izeneko nobela beltza bilduma dauka eta horren diseinuak nik egiten ditut, eta liburuak ere irakurri ditut.
Liburu horiek gustuko dituzu?
Irakurtzea gustuko dut; zaletasun handia daukat. Batzuetan irakurtzen ari naizena ez zait hainbeste gustatzen, baina profesional ona izan nahi dudanez, irakurtzen ditut. Bateratzen ditut nire bi zaletasun handiak: marraztea eta irakurtzea. Zorte handia da.
Nola da liburu azal baten sortzeko prozesua?
Bi atal nagusi ikusten ditut. Hasteko sorkuntza dago, ideia sortzea eta asmatzea nola gauzatu marrazki batean . Hori da gehien kostatzen dena; batzuetan pisu handiagoa dauka pentsatzeko lan horrek eskuko lanak baino. Lehenengo gauza irakurtzea da; arkatza eta libreta batekin irakurtzen dut hitz gakoak edo ideia nagusiak apuntatzeko. Beste aldetik, erabaki behar dut zer teknika erabiliko dudan, marrazketa edo argazkia. Hibridoak izaten dira; ordenagailuan asko moldatzen dut. Baina saiatzen naiz ahalik eta gutxien nabaritzea ordenagailuan egiten dudan moldaketa. Tresna bezala erabiltzen dut, eta nire helburua da eskuz lortu ez ditudan gauzak ordenagailuaren bidez osatzea edo zuzentzea; modu naturalean. Ez zait gustatzen ordenagailuak ematen duen estetika hotz hori. Eskuaren aztarna gustatzen zait.
Zer da ilustratzailea izatea?
"Ilustratzailea komunikatzailea izan behar da; ilustrazioak ez dira apaingarri hutsak"
Definizio asko egin daitezke. Gakoa komunikazioa da. Ilustratzailea komunikatzailea izan behar da. Ilustrazioak ez dira apaingarri hutsak. Gehiago eman behar dute; batzuetan testua osatzen dute, interpretatzen dute, beste ikuspegi bat eman... Komunikatu behar dute. Hori da inportanteena. Oso behatzaile onak izan behar gara inguruan dugun mundua irudien bidez interpretatzeko. Batzuetan kontzeptu abstraktuak, sentimenduak edo materialak ez diren egoerak dira, eta horiek materializatu behar ditugu.
Gora eta behera dabiltza Adimen Artifiziala eta sortzaileak. Zer iritzi duzu?
Adimen Artifiziala aspalditik erabiltzen dugu, telefonoetan eta itzultzaileetan dago. Teknologia ongi dago eta bizitza errazten du, eta oso baliagarria da lan monotonoak eta mekanikoak egiteko. Arazoa sortzen da saiatzen denean artea edo kultura sortzen, zerbait berria balitz bezala. AAk trebakuntza bat behar du, eta trebatzeko Interneten dagoen datu asko zurrupatzen ditu, hortik edaten du, hori da bere informazio iturria eta hor dago sortzaile guztien lana. Zerbait eskatzen diozunean dena biltzen du eta horrekin koktel bat egiten du. Arinago egiten da dena. Arazoa da egiletza eskubide batzuk apurtzen direla. Niri modu pertsonalean ez dit beldurrik ematen AA batek nire marrazki bat hartzea, nahiago dut ezetz; hori ez da kezka nagusia. Kezka modu kolektiboan dago. Guk egiten dugun lana ez dago berez oso baloratuta, oso polita esanez bai, baina ekonomikoki ez. Bokaziozkoa da. Kulturan orokorrean gertatzen da. Badirudi kultura gustatzen zaigulako egiten dugula, eta esfortzurik eta sakrifiziorik ez duela eskatzen. Kontrakoa da. Lehentasuna ez da dirua, baina bizitzeko dirua behar dugu. Jarduera horrekin profesionalen esfortzua, trebakuntza eta lana lapurtzen ari zara.
Webgunea ere sortu duzu. Zer duzu hor?
Webgunea sortzea baino online denda sortu dut orain, eta horrekin batera lehen neukana berriztu dut; crisfernandez.com. Hor azaltzen da nor naizen, nire ibilbidea, portfolioa eta blog bat egiteko asmoa dut bertan nola egiten dudan lan azaltzeko. Webgunea ikusgai egoteko behar nuen; irudiak babestuago daude. Pandemiaren ondotik pisu handia hartu zuen komertzio elektronikoak eta dendatxo bat sortu dut. Nire lanak eskura daude, eta beste bizitza bat ematen diet horrela. Bestela, bizitza laburra dute, hor gelditzen dira.