Binakako Txapelketako ligaxka despeditzeko bi jardunaldiren faltan, oraindik asko dago erabakitzeko. Peio Etxeberria-Jose Javier Zabaletak eta Jokin Altuna-Julen Martijak play-off postuak ziurtatu dituzte, baina orain bigarren sailkatu eta finalerdietarako txartel zuzena lortzea dute jokoan. Joseba Ezkurdia eta Xabi Tolosa, ordea, play-off postuetan sartzeko borrokan daude. Irabazi beharreko bi final dituzte aurretik, baina baikor daude.
Binakako sailkapeneko hirugarren eta seigarren postuetan edo play-offetan sartzeko borrokan zaudete.
Peña II.aren eta Albisuren kontrako igandeko garaipenarekin, play-off postuen borroka betean sartu gara berriz. Zaila dugu, baina behintzat aukera badugu, eta aukera gutxi horiei eusteko asmoz gaude.
Peña eta Albisu arerio zuzenak dira play-offetan sailkatzeko lehian; eurei irabazteak puntu bat baino gehiago balio zuen.
Zalantzarik gabe. Azkenean eurek lortu ez zuten puntua guk gehitu genuen, eta puntu batera jarri ginen. Beraiekin tantoaveragea hobetzeko aukera hortxe-hortxe izan genuen; pena, ez lortzea, baina laugarren puntua zen lortu nahi genuena. Tolosak oso partida ona egin zuen. Nik, agian, ez nuen partida ikusgarri horietako bat egin tantoak bukatzeko orduan, baina taktikoki oso ongi jokatu genuen biok.
Duela bi aste, Tolosan Artolaren eta Imazen kontra 11 eta 22 galdu zenutenean, jota ikusi zitzaizun. Oso beltz ikusten zenuen guztia, eta ia etsita zeunden. Astebete barru, Peña eta Albisu irabazita, baikor sumatzen zaizu.
Irabazteak gauzak hobeki ikusten laguntzen du. Une hartan, partida galdu berritan, oso zail ikusten nuen dena. Aurretik hiru partida genituen, eta goikoekin 2 puntuko aldea. Aste honetan puntu batera jarri gara, eta irabazteak eta aldea laburtzeak baikor egoteko aukera eman digu.
"Txapelketako partida askotan ez diogu presioari eusten jakin. Hori izan da gure akatsa"
2022an ere bikotea osatu zenuen Xabi Tolosarekin. Orduan txapelketan ez zineten fin hasi, baina azken txanpan gora egin zenuten eta play-offetarako sailkatu zineten. Aurten, aldiz, gorabeheratsu ibili zarete txapelketa guztian barna. Fisikoki ongi zaudete, zer da gertatzen dena?
Zaila da azaltzen. Orain dela bi urte lehendabiziko itzuli txarra egin genuen, baina bigarren itzulian erregularragoak izan ginen. Aurten, txapelketa guztian barna gorabeherak izan ditugu. Partida batzuetan oso ongi aritu gara, eta beste batzuetan, aldiz, behera egin eta ez dugu gure maila eman. Entrenatzen oso ongi ari gara, baina uste dut zenbait partidetan gure buruek "lan gehiegi" egin dutela; hau da, markagailuan azpitik jarri garenean sarritan ez dugu egoera horri buelta ematen eta presio horri eusten jakin. Hori izan da gure akatsik nabarmenena txapelketan. Arerioek lauzpabost tantoko abantaila lortu, eta partidatik atera izan gara; tantoak oso erraz oparitu dizkiegu aurkariei, eta tarte laburrean min handia egiten ziguten. Ez diogu gure buruari gogor egin, ez dugu jakin partidak gogortzen. Horregatik nago haserre. Dena den, ongi gaude, halakoak zuzentzeko bidean. Txapelketan jarraitzeko aukerak ditugu, eta igandean irabaziz gero, borrokan segituko dugu azken jardunaldira arte. Hori da helburua.
Laso eta Aranguren dituzue aurkari Tafallan. Beraiek ixten dute sailkapena (3 puntu). Bikote mindua da, apenas aukerak dituena, baina hala ere gerra emango duena.
Beraiek irabaztera aterako dira, zalantzarik gabe, eta partida zaila dugu aurretik. Askotan ezer gutxi jokoan duzunean libreago eta lasaiago jokatzen duzu, eta askoz ere arriskutsuagoa zara. Guk gurean kontzentratu beharra dugu. Gure lana ongi egin, egin beharrekoak kontrolatu, eta beste guztia ahaztu eta lasai hartu. Sentsazioak onak dira, ez dugu minik, eta horrek ere asko balio du.
Ligaxkako azken partida Altsasun jokatuko duzue, otsailaren 16an, Jakaren eta Mariezkurrenaren kontra. Liderrak dira, finalerdietarako sailkatuta daude, eta ez dute irabazteko premiarik.
Profesionalak gara, eta dena ematera ateratzen gara; are gehiago enpresako gure bikoteei lagundu ahal diegunean. Mariezkurrena eta Jaka sekulako txapelketa ari dira egiten, bikote oso gogorra da. Ez da erraza izango. Oso gustura nago Altsasun jokatuko dugulako. Partida horretara bizirik ailegatu nahi dugu, aukerekin iritsi. Errandoneak esan zidanean azkeneko partida Altsasun jokatuko genuela, pozik hartu nuen berria. Burunda pilotalekuan gustura jokatzen dut beti. Ea bizirik iritsi, etxe ondoan partida ona egin, eta play-offetarako sailkatzeko aukera dugun.
"Azken partida Altsasun jokatuko genuela jakitean, poztu nintzen; Burundan gustura"
Binakakoa txapelketa gogorra da, luzea, azken unera arte emozioa duena.
Play-off sistema jarri zutenetik azkeneko jardunaldira arte dago emozioa, eta uste dut pilotariendako, jendearendako eta guztiendako ona dela. Aurtengo txapelketa oso polita ari da izaten; partida oso onak ikusi dira, baita kaxkarrago batzuek ere. Erregularra izatea garrantzitsua da, partida guztiak lehiatzea, eta hori lortzen dutenak goiko partean ibiltzen dira. Ez da gure kasua izan, baina oraindik ere bidean gaude.
Emozio handiko gizona zara. Irabazi beharreko bi final dituzue aurretik. Aurrekoa kontuan hartuta, hiru final.
Final gehiegi dira gauza onerako (kar-kar), baina dena ematen saiatuko gara.