Ikastolak Arbizun mende erdia egin du

Guaixe 2024ko ots. 21a, 09:00

Gloria Lopez Urmeneta irakasle ohia, Olatz Arbizu Garmendia ikasle ohi eta gurasoa eta Marta Lopez Urmeneta irakasle ohia.

Arbizuko ikastolak 1974an abiarazi zuen guraso talde batek eta irakasle batek. Ikastola batzordeak urteurrena ospatzeko hilero zerbait antolatuko du. Hasteko, ikastolari buruzko argazki erakusketa ikusgai jarri zuten ilbeltzeko azken asteburuan.

Frankismo bukaeran euskararen egoera zein zen ikusita, guraso arbizuar batzuek elkartu eta ikastola proiektua egitea erabaki zuten. Emakumezko eta gizonezko arbizuar sustatzaileen zerrenda luzea da. Euskararekiko kezkaz aparte, haien seme-alabak bertako kulturan hazi nahi zituzten guraso haiek. Ordurako inguruan bazuten eredua 1969an Etxarri Aranatzen martxan jarri zen, eta Lakuntzakoa 1971n. Horiek ikusita, guraso haiek pausoa ematea erabaki zuten. Ordurako Arbizuko haurren bat Altsasuko Iñigo Aritza ikastolan ikasten ari zen. 

Kezka eta beldur askorekin eman zituzten aurreneko pausoak, baina, aldi berean, ausart jokatu zuten, helburuaren alde borrokatu eta lortzeko. Orduko eskolako irakasleak, Solek, liburutegian gela bat egokitzeko baimena eman zien ikastola sustatu zuten gurasoei. Arbizuko ikastolako aurreneko irakaslea Berueteko Maite Arangoa izan zen. Han urte eta erdi inguru egon ziren. Hezkuntza Ministerioaren kexen ondorioz, gela utzi behar izan zuten eta gurasoak espazioak bilatzeari ekin zioten. 

Miltxonea eta Hilarion (egungo banketxea) etxeetatik pasa ziren. Ondoren udaletxeko goiko solairuan izan zuen egoitza ikastolak. Udaletxean kartzela izandakora lekualdatu zuten ikastola (gaur egun medikuaren kontsulta), bi gela txiki sortuz. "Izugarrizko ibilbidea egin zuen ikastolak", azaldu du Gloria Lopez Urmenetak, urtetan ikastolako irakaslea izandakoak. Handik eraikin berrira pasa zen ikastola 1982an. Eraikina udalarena da, eta han jarraitzen du. 

Lekualdaketa bakoitzean lokala egokitu beharra zegoen. Horregatik dio Gloriak ikastola abiarazi zuten gurasoen inplikazioa "izugarria" zela. Auzolanean egiten zituzten lekualdaketak. "Gurasoak horretan pozik ibiltzen ziren", gogoratu du Marta Lopez Urmenetak, irakasle izandakoak. Gloriak 18 bat urte egin zituen Arbizuko ikastolan irakasle, Martak 15 bat. Gaineratu duenez, "edozein gauza eskatu, eta han zeuden gurasoak. Berehala mugitzen ziren. Gugan sinisten zuten. Genituen proposamenak ez zituzten zalantzan jartzen. Harea behar zela, harea bila; negutegia jarri behar zela, aurrera; gortinak behar zirela, polit batzuk jarri zizkiguten. Pasada bat".  Gurasoak irakasleendako gertukoak izan ziren. 

Lekukotzak
Irakasle ikasketak gaztelaniaz eginak, eta etxeko euskara, euskalkia, "ahaztu xamarra". Horrekin hasi ziren Gloria eta Marta. Kartzela izandakoan egoitza zuela hasi zen Gloria irakasle. 1979n edo 1980an hasi zen Marta, ikasketak bukatu berritan, irakasle plaza bete beharra baitzegoen. "Erronka potoloa izan zen", ziurtatu du Gloriak. “Oso urte politak” izan zirela azaldu du Martak. Eta, aldi berean, "oso gogorrak. Militantzia hutsa zen, oso gutxi kobratzen genuen. Esaterako, Gloria urtetan gizarte segurantza gabe urtetan egon zen. Dena egiteko zegoen". Materiala falta zen. "Udaletxean egon nintzen lehen urtean apal batzuk eta aulki luze bat besterik ez nituen. Horrekin zer egin zenezakeen? Ezer ez". Materiala egin behar izan zuten aurreneko irakasle haiek. 

Gainera, Pedagogikoki prestatu behar izan zuten, horretarako udak baliatzen zituzten. "Garai hartan Pedagogian bultzada izan zen. Pedagogia berritzailea hasi zen. Saiatu ginen hor murgiltzen, interesa jartzen eta gelan aplikatzen", azaldu du Martak. Gloriak gogoratu duenez, "gure garaian asko ateratzen ginen herrira. Izugarri. Naturarekiko izugarrizko harremana genuen. Gela barruan jatekoak prestatzen genituen". Bartzelonan Rosa Sensaten metodologia ikasten egon ziren ere, gogoratu du Gloriak. Eraikin berrian txokoak antolatu zituzten irakasleek: matematika txokoa, irakurketa eta idazketa, sukaldea... Azken horretarako egurrez berotzen zen estufa bat baliatu zuten. "Txoko guztiek helburuak zituzten eta oso-oso gustura ibiltzen ginen", azaldu du Gloriak. 

Aldi berean, "gure, andereñoen artean, koordinaketa asko egiten genituen. Guztia koordinatzen genuen. Ilusio eta gogo hori zegoen", azaldu du Gloriak. "Oso talde polita osatu genuen", borobildu du Martak. Hasiera hartan Arbizuko ikastolak bi gela zituen: 2 eta 3 urteko umeena eta 4 eta 5ekoena. Marta txikienekin aritu zen. 10-15 ikasle zituen. Gloria besteen irakaslea izan zen, 19-21 ikasle artean zituen. 

Gaur egun 
Arbizuko ikastolak bi gela handi ditu, bakoitza bere terrazarekin, baita psikomotrizitatea lantzeko erabiltzen den ganbaratxoa ere. Gaur egun Arbizuko ikastolan hamar haur daude, 3 eta 5 urte artekoak. Gloriak azaldu duenez, "ikasle talde txikia, harreman aldetik, oso aberatsa da". Olatz Arbizu Garmendia gurasoa da, eta azaldu duenez, berak ikasle gisa bizi izandakoa "orain, gutxi gorabehera, berdina da: kanpora ateratzea, naturarekin kontaktua...". Gaineratu duenez, "ikasle guztiak elkarrekin gela batean asko egoten dira. Familia giroa dute, eta haien arteko lotura izugarria da. Luxua da adin desberdinetakoak elkarrekin egotea. Haiek artean dituzten harremanak gero kanpoan ikusten dira. Nire semea txikiena da orain eta zaharrenen babesa sentitzen du". 

Berta Moriñigo Encina da tutorea eta irakaslea. Gainera, Nagore Urdangarin Agirre egunero joaten da Andra Mari ikastolatik, eta Igone Razkin Lazkoz ere. "Esaterako, 3 urtetakoak ingelesa ikasten ez dutenez, laurekin hasten dira, bada, beste gelara pasatzen dir". Gurasoak azaldu duenez, "kalera asko ateratzen dira. Herriko bizian asko mugitzen dira. Esaterako, jubilatuekin asko elkartu dira, eta denak oso pozik. Gakoa da: herria oso txertatuta dago Arbizuko ikastolan. Bertako gurasoek sortutakoa da. Nortasun handiko ikastola da, bertan oso finkatuta dagoena, eta ikusten da". 

Sei urterekin ikasleak Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolara joaten dira, autobusez. "Etxarriko gelako ikasleekin hilabetean behin etorri izan dira autobusean. Kattuka haur eskolatik ezagunak zirenak daude, harreman batzuk badituzte. Eta Etxarrira autobusez etortzen direnean iruditzen zaie ez dakit nora joaten direla", azaldu du Arbizuk. Herrian sortutako "klima oso euskalduna, denak euskaraz hitz egitea, haien arteko loturak mantentzea, Andra Mari ikastolan mantentzen da". Berriki guraso arbizuar batek esan dionez, "hasieran, beharbada, pixka bat kostatzen zaie, baina berehala egokitzen dira". Arbizuk gaineratu duenez, guraso askok “penaz” hartzen dute, herriko ikastola "oro familiartekoa" delako, "horren zortea dugu. Eta heldu den urtean joan behar duen ikasle batek esaten du: ni hemen geldituko nintzateke". 

Urteurrenaz
Arbizuko ikastolako batzarrean "urte esanguratsua denez", 50. urteurrenagatik "ospatzeko" zerbait egin behar zela aipatu zuten joan zen urtean. "Herriarendako eta adin guztiendako" jarduerak zituzten buruan, baita hilero zerbait egitea ere, "festa handixeago batekin bukatzeko eguraldi hobea dagoen garaian", azaldu du Arbizuk. Horretarako, herriko gurasoek lantaldeak osatu dituzte. Jardueren egitaraua prestatzeaz aparte, ikus-entzunezkoa egiten ari dira. "Belaunaldi bakoitzeko  ikasle ohi, irakasleak elkartzen saiatu eta bakoitzaren esperientzia, oroitzapenak bilduko dituen bideoa izanen da. Ez dakit noiz izanen den emanaldia", azaldu du Arbizuk. 

Guztia "auzolanean" egiten ari direla nabarmendu du, Arbizuk. "Hori baita ikastolen izpiritua. Herritik sortu da, eta herriarendako da, denok elkarlanean. Helburu tinko batekin: gure nortasuna, euskara erdigunean daukana eta ezinbestekoa dena". Gurasoak gaineratu duenez, "ikastolak daukan proiektu propioa Euskal Herriarendako da, zazpi probintziendako, euskara erdigunean daukana eta metodologia propioa daukana. Balore horietan hazten diren haurrak etorkizuneko helduak dira. Jarraipena nahi badugu, hori da bidea", borobildu du. 

Egitaraua
  • Otsailak 23, ostirala 
    18:00 Ikastola hasierako guraso, irakasle, ikasleekin eta egungo ikasleekin kafe tertulia, udaletxeko batzar aretoan. 

  • Martxoak 15, ostirala
    Haurrendako ipuin kontalaria.

  • Apirila
    Helduendako bakarrizketa saioa.

  • Maiatza
    Egun beteko ospakizuna.