Astekaria

"Atera ahala, tiroka hasi ziren, benetako balak"

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko mar. 4a, 11:00

Felix Razkin Mendinueta. OSATUBERRI

Felix Razkin Mendinueta arbizuarra 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko sarraskiaren lekuko izan zen. Gasteizko langile mugimenduan ari zen orduan.

Gasteizko sarraskia gisa ezagutzen dena izan zenetik 48 urte beteko dira igandean. Data hurbildu ahala gertaera haiek burura etortzen zaizkio Felix Razkin Mendinuetari. Poliziari aurre egiten egon zen martxoaren 3 hartan. Polizien tiroekin lagun bat erortzen ikusi zuen. "Hura ez da nolanahi ahazten", esan digu. Baina gertaeren aurreko urtea ere ezagutzeko modukoa da. 

Orain bezala, orduan ere Gasteizen lan egiten zenuen. Non? 
Gasteizen bizi eta BH fabrikan lan egiten nuen. Sarraskia baino lehen hiriburuko lantegi handietako langileak antolatzen hasi ginen. Lantegi guztiak bat egin eta patronalari eskaera plataforma bat aurkezteko. Zeren ordura arte enpresa bakoitzean egiten zen lan hitzarmena. Gu bildu eta plataforman aldarrikapen ekonomikoez aparte, langileen ordezkariak zirenak arras bota nahi genituen. Orduan Sindicato Verticaleko enlaces y jurados delakoak zirelako langileen ordezkariak. Asanbladak aukeratutakoak gure ordezkariak izatea nahi genuen. 

Asanbladak aukeratutakoak gure ordezkariak izatea nahi genuen

Orduan Sindicato Verticala besterik ez zegoen, ezta?
Bai, Francok martxan jarri zuen. Haiek aukeratzen zituztenak aurkezten ziren. Jendeak ez zuen parte hartzen. Urte bat lehenago enpresa handietako ordezkariak biltzen hasi ginen. Oraindik aukeratu gabe geunden, enpresetan pixka bat mugitzen ginenak ginen. Horrela hasi zen. 

Zein ziren orduko lan eskaerak?
Emakumezkoek eta gizonezkoek berdin irabaztea, lan beragatik soldata bera jasotzea, orduak jaistea, asanbladetan aukeratutako pertsonekin enpresak negoziazioak egitea.

Langile mugimendua, beraz, antolatuta zegoen?
Ordurako klandestinitatean sindikatu batzuk zeuden: CCOO, ELA eta UGT. LAB oraindik ez zegoen. Baina haiek ez zuten ezer antolatzen. Asanbladak aukeratutakoak negoziatzea nahi genuenak, fabriketan mugitzen zen jendea eta ardura hori genuenak, biltzen hasi ginen, beste enpresa batzuekin koordinatzen. Astero egiten genuen bileraren bat, batzuetan basoan, bestetan parrokiaren batean. Horretan 1975ean hasi ginen. Uste dut hamabiren bat enpresa bildu ginela, denak “ilegalak”. Plataforma egin eta aldarrikapen batzuk egitea erabaki genuen. Denok aldarrikapen plataforma enpresa guztietan egun berean aurkeztea erabaki genuen, eta gurekin negoziatzea eskatu genuen. 

Astero egiten genuen bileraren bat, batzuetan basoan, besteetan parrokiaren batean

Enpresa txikietako langileek ere bere egin zituzten aldarrikapenak? 
Bai, babesten zuten. 

Aurkeztu eta gero, zer pasa zen? 
Plataforma aurkeztu genuenok “ilegalak” ginen, ez ginen ez enlace eta jurado, ez Sindicato Verticalekoak ez ezer. Horien guztiz kontrakoak ginen, hori botatzea nahi genuenak ginen, beste negoziazio mota batzuk eta beste jende batzuk sartzea nahi genituenak ginen. Hasiera batean behintzat, enpresa guztiek ez zuten onartu. Horretarako, enpresetan enlace eta juradoak zeudela, eta haiek negoziatu behar zutela esaten zuten. Guk, tematuta, ezetz. Guk geuk deituta, enpresetan plataformaren aldeko asanbladak egiten hasi ginen. Horretarako eskubidea bakarrik enlace eta juradoak zuten, Sindicato Verticalekoek. Jendea enpresetan biltzen hasi zen. Orduan “ilegal” geunden guztiok aurpegia eman genuen, jende guztiaren aurrean aurkeztu ginen. Eskaerak aurkeztu genituen. Asanbladetan hasieran jende gutxi zegoen, baina denborarekin enpresa guztia biltzen zen. Aldarrikapen plataforma aurkeztea erabaki genuen. Baina enpresariek ez zuten onartzen guk aurkeztea, gurekin negoziatzea. 

Zein izan zen hurrengo pausoa?
Hor urtebeteko bidea egin genuen: asanbladak egiten enpresetan, asanbladak aukeratutako pertsonekin negoziatu behar zuela eta gu onartzeko enpresarekin borroka... Greba dezente egin genituen, batez ere borroka horretan sartu ginen enpresak, hamar greba-edo bai. Eta emaitzarik ez zegoenez, greba orokorra deitzea, beste biderik ez genuen ikusi. 

Nola prestatu zenuten?
Enpresa bakoitzean asanblada bat egin genuen, zuzendaritzarekin gauza nola zegoen aztertu zen: onartzen zigun edo ez. Zaramagako San Frantzisko elizan 18:00etan biltzen ginen. Enpresa bakoitzean zer egin genuen, enpresariekin negoziazioak nola zihoazen eta holakoen berri ematen genuen. Egunero biltzen ginen. Han koordinadora bat sortu zen. Enpresa bakoitzetik jende guztia manifestazioan eliza horretaraino joaten ginen, borrokan geunden langile guztiok biltzeko eta elkarren berri jakiteko. Polizia gure martxa horiek debekatzen hasi ziren. Hamar egun izan ziren greba egin genituenak. Joaten ginen, eta izugarrizko enfrentamenduak lehendabiziko manifestaziotik. Goraka zihoan dena, errepresioa ere bai, egun osorako greba deitu genuen maiatzaren 3rako. Ordurako zenbait enpresa hasiak zeuden guk aukeratutako jendearekin negoziazioak izaten. Baina ez ginen akordio batera iristen. 

Guk geuk deituta, enpresetan plataformaren aldeko asanbladak egiten hasi ginen

Zer erantzun izan zuen zuen deialdiak?
Azkeneko borroka egunean, greba orokorrean, martxoaren 3an, Gasteiz osoa gelditu zen. Goizean fabrika guztiak itxi zituzten. Ondoren, Gasteiz guztia aurrera, dendak-eta ixtera joan ginen. Denek itxi zuten. Goizean bildu ginen denak. Orduan ere polizien kargak izan ziren, gu nora joan haiek tiroka. Eta arratsalderako, beti bezala, 18:00etan. Arratsaldekoa izugarria izan zen.  

Bilduta zeundetela agertu ziren. 
Bai. San Frantzisko elizan bilduta 2.000 edo 3.000 geunden, ez dakit. Batzuk barruan 5.000 ere egonen ginela esaten dute. Jende asko kanpoan gelditu zen, ezin sartu, ez baitzegoen tokirik. Ordezkarien batzordea osatua genuen, oholtza gainean geunden, hitz egiteko asmoz. Poliziak eliza erabat inguratu zuen. Asanblada hasi berri zela, poliziak tiroka hasi ziren. Aurrean zuten jendea pixka bat sakabanatu zuten. Jende guztia handik ateratzeko agindua zuten eta leihoetatik eliza barrura ke poteak botatzen hasi ziren. Keagatik, jendea atera behar, ezin jasan. Eta atera ahala, tiroka hasi ziren, benetako balak. Beldurra izanen zen, baina jende guztiak harriak hartu eta beraien aurrera joaten ginen. Jende asko ginelako, behartu genituen furgonetan sartzera. Hala ere, tarte horretan bost lagun hil zituzten. Eta zaurituak ehundik gora. Hildakoak gertukoak ziren, greba guztietan egoten zirenak. Enpresa desberdinetakoak. Gure fabrikan hildakorik ez baina zaurituak bosten bat bai. 

Nolakoa izan zen hileta? 
Bost eguneko dolu egun izan ziren. Hildakoen aldeko kristoren hileta egin genuen. Eta orduan agertu ginen estalita geunden ordezkari gehienak. Orduan ere bakarren bat atxilotzera joan zen polizia, baina jendea kontra jarri zen. Lortu genuen denak handik onik ateratzea. 

Bestelako errepresio modurik izan zen? 
Bai, ondoren enpresek gehien mugitu ginenak kaleratu gintuzten. Baina, azkenean, hori ez zuten lortu. Zeren jende guztiak, atzera ere, greba egin zuen kaleratuak berriz onartzeko eskatuz. Gure fabrikan eta beste batzuetan ere bai. Eta, berriz, onartu gintuzten. 

Jendeak greba egin zuen kaleratuak berriz onartzeko eskatuz

Plataformako eskaerak lortu zenituzten?
Greban geunden lantegietan hirugarren egunean-edo enpresari guztiek onartu zituzten eskatzen genituen gauza gehienak. Dolu egunak pasa ondoren lanean hasi ginen. Hortik aurrera gure aldarrikapen nagusia onartu zuten: gure ordezkariak asanbladak aukeratutako jendea izatea. Eta Sindicato Verticaleko ordezkariak kanporatzea ere onartu zuten. Pauso hori Espainiako Gobernuak eman zuen. Eta orduan hainbat sindikatu legeztatu zituzten. 

Bost hildako eta ehundik gora zauritu. Bakarren batek horregatik pagatu zuen? 
Ez, ez, ez. Martxoak 3 koordinakundea sortu genuen. Eta bilatzen genuen gauzetako bat hori zen: masakre horren arduradunak epaitzea eta holakoak. Ez genuen lortu. 

Arduradunek badute izenik? 
Bai. Bat Rodolfo Martin Villa zen (Sindikatuekiko Erlazioetako ministroa). Baita Manuel Fraga Iribarne (Gobernazioko ministroa). Fraga PP aurreko Alianza Popularreko burua izan zen. Haiek epaitzea nahi genuen, baina ez genuen ezer lortu. Azkena, orain urte asko ez dela, Argentinako Gabriela Servini epaileak Martin Villa epaitu nahi zuen. Jakina, ez zen Argentinara joan. 

1976ko gertaera horiek Gasteizen memorian daude?
Bai. Urtero martxoaren 3an kontzentrazioa eta manifestazioa egiten ditugu. Gero ere badaukagu Martxoaren 3ko plataforma. Ni ez nago barruan, baina egon ziren nire lagun asko bai. Hori osatzen dute parte hartze nabarmena izandakoak, zaurituak eta erail zituztenen senideak.  

Zerbait eginen da eliza horretan? 
Bai, lortu da. Orain dela gutxi akordio batera iritsi dira eliza hori museo bezala jartzeko. Memoria kontua da. Historia memoriaren kontu horrekin hasi zirenean Espainian eta Euskadin guk ere nahi genuen gure alor hori memoria horretan agertzea: martxoaren 3ko sarraskiaren memoria. Azkeneko urteotan horretara bideratuta daude borroka guztiak.