Buruz Buruko final laurdenetako ligaxkan A mailan hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zen. Joseba Ezkurdiak Aitor Elordi zuen aurkari. Arbizuarrak miraria behar zuen aurrera egiteko: bezperan Artolak Zabalari irabaztea (hori ziurtatua zuen), eta Elordi 2 tantotan edo gutxiagoan uztea.
Partidaren hasieratik argi zegoen arbizuarrak lehia irabazi nahi zuela. Behintzat, txapelketa itxura onarekin despeditzea. Eta lortu zuen. Sakearekin maisuki ibilita, 0-6 aurreratu zen. Tamalez, finalerdietara sailkatzeko aukera berehala zapuztu zitzaion, Elordik 2 tanto egin zituelako eta zazpina berdindu eta gero 10-7 aurreratu zelako. Baina hortik aurrera partidak Ezkurdiaren kolorea izan zuen, kolore urdina. Jaun eta jabe izan zen arbizuarra, eta zuzenean joan zen 22raino, 15 tantoko takada ikaragarrian. Aurreko bi partidetan gaizki aritu ondoren, Ezkurdiak bere benetako maila erakutsi zuen eta maisuki aritu zen: sakez sei tanto egin zituen, jokoan 10 tanto, eta ez zuen akatsik egin.
Arbizuarra, gainera, epaile izan zen, guztiz erabakigarria. Elordi 10 tantotan utzi eta gero, egungo txapeldunak ez du lortu finalerdietara sailkatzea, tantoen aldearengatik. Bezperan Artolaren kontra galdu zuen Zabalak egin du aurrera Buruz Burukoan, Artolarekin batera. Zabalak, zalantzarik gabe, bazkari bat zor dio Ezkurdiari.
B multzoan, Zabaleta aukerarik gabe
Asteburu honetan erabakiko da B multzotik nor pasako den finalerdietara. Dagoeneko Lasok bere tokia ziurtatuta du, eta, beraz, Zabaletaren kontra maiatzaren 11n Labriten kontra jokatuko duen partidan ez da ezer erabakiko, Zabaleta txapelketan aurrera egiteko aukerarik gabe dagoelako. Altunak eta Dariok maiatzaren 12an Astelenan jokatuko duten partidako irabazlea izango da finalerdietara pasako dena.