Astekaria

Toureren Kanariako abentura gaztelaniaz

Guaixe 2024ko mai. 29a, 10:55

Jon Arretxe 'Mañas de lagarto' liburuaren aurkezpenean. @ARRETXEJON

Toure detektibearen sagaren hamargarren liburuaren, 'Musker amarruak', gaztelaniazko bertsioa aurkeztu du Arbizun bizi den idazleak. 'Toure detektibea' telesailarekin bateran sagaren lehenengo liburua ere berreditatu dute.

"Hemendik norbaitek ez du Toure ezagutzen?" galderarekin hasi zuen Jon Arretxe idazleak Altsasuko Iortia kultur gunean maiatzaren 13an egindako solasaldian. Mañas de lagarto, Musker amarruak nobelaren, gaztelaniazko edizioaren aurkezpena egin zuen Altsasun, hilabete hasieran liburuaren aurkezpen ofiziala Donostian egin ondoren. Toureren sagaren hamargarren liburua da. 

Erein argitaletxeko Inazio Mujika editoreak prentsaurrekoan esan zuen Arretxe euskal idazle karratura dela: "Basaurin jaioa, Gasteizen ikasi zuen, Arbizun bizi da eta Donostian argitaratzen du. Lau herrialde ukitzen ditu". Iparralde falta zaiola esan, baina Arretxek esan bezala, nobelaren bat bertatik pasatzen da ere. Mañas de lagarto liburuarekin batera, eta Toure telebistako pertsonaia ere bihurtu dela kontuan hartuz, sagaren lehenengo liburuaren (19 Kamera edo 19 Cámaras) berredizio "oso zaindua" argitaratu dute ere, azalean Malcolm TreviñoSitte Toureren papera egin duen aktorea agertzen dela. Toure detektibearen sei kapituluak EITBko Primeran plataforman ikus daitezke, euskaraz, eta astelehenean ETB1n lehenengo biak emitituko dituzte. RTVEn ere "laster" emitituko dute. Gainera, audioliburuak ere plazaratzen ari dira. 

Kanariak
Mujikak aurkezpenean azaldu bezala, Toure bidaiari bat da. "Baina ahal duen moduan bidaiatzen du". Bilboko San Frantzisko auzotik, toki askotara mugitu da eta hamargarren nobelan, Las Palmas Kanaria Handikora iritsiko da detektibea. "Nik Toureri bi gauza eskertzen dizkiot: horietako bat da karga soziala, bere nobeletan ikusten den jendea eta egoerak ez dira normalean ikusten; gure elkarrizketetan edo bizitzetan ikusten ez dugun mundu bat erakusten du". Hortaz, "turismo gidetan agertzen ez diren" tokietan ibiltzen dela eskertzen du editoreak ere, "eta erreala eta sinesgarria da". 

"Gu hegazkin batean lurreratzen gara Kanariar Uharteetan, marabilla bat direla, baina Toure kasualitatez iristen da". "Praktikoki" nobela guztietan Tourek ihes egiten bukatzen duela azaldu du idazleak: "Aurrekoan, bederatzigarrenean, bere laguna eta amorante, Cristina, atxilotu zuten eta bere isiltasunari esker Tourek ihes egitea lortzen du; txalupa batean izkutatzen da, eta Las Palmaseko portura iristen da". Las Palmasera iristean Arretxek aukeratu zuen, "Alexis Ravelo idazleari omenaldia egiteko". Ravelo nobela beltza egiten "hoberenetan hoberena" zela azaldu zuen Arretxek, eta 2023ko urtarrilean ezustean hil zen. "Bertako kazetari batek aurretik proposatu izan zidan Las Palmasen, La Isleta auzoan hain zuzen, liburu bat kokatzea eta hil zenean momentua zela pentsatu nuen". 

Mañas de lagarto nobelan Toure Las Palmas Kanaria Handikora iristen denean, inmigrante zentro batean sartzen da, "inmigrante bat bailiran". Baina, azkenean, engainuaz konturatzen dira eta botatzen dute. "Baratze batean lapurtzen ari dela gizon handi bat agertzen da, Lagarto de Escaleritas, bera bezala lapurtzen ari dena. Borrokalari ohi bat da, Kanarietako kirol nazionala dela,eta esaten dio gorputz horrekin borrokalaria izan zitekeela". Lagarto de Escaleritasek borrokaldietan iruzur egiten du eta horrela diru asko lortzen dutela esaten dio Toureri: "Eta dirua entzuten duenean... Tourek lan asko izan ditu, zergatik ez honekin ere probatu". Hor hasten da trama orokorra, eta Arretxek aurreratu bezala, "ongi hasten da baina gero okertzen da, beti bezala". 

Kanariar Uharteetan turista "ez den zerbait" aurkitzea zaila dela esan zuen Arretxek Mañas de lagarto liburuaren aurkezpenean, baina La Isleta auzoan, nobela kokatzen den tokia, "oso kastizoa, jende humilarekin eta oso solidarioa etorkinekin" aurkitu zuen: "Haiek esaten dute mendeak daramatzatela jendea hartzen eta haiek ere toki desberdinetako nahasketa bat direla". 

Kontrasteak
Auzoaren kontraste handia nabarmendu zuen: "Uztailean egon nintzen eta kokatu dut nobela, festak ziren, eta goizez Karmengo ama birjina prozesioan ateratzen zuten, hunkituta, loreak botatzen eta saetak abesten, eta gauean Drag Queen txapelketa antolatzen zuten". Mentalitate oso irekia dutela esan du, "bi kontraste oso handiak; kontserbadoreenetik progreenera". Atentzioa deitu zion. 

La Isletako penintsulan ere bunker batzuk daude eta bertan okupak bizi dira. "Bertatik paseatzen batzuk ezagutu nituen eta beraiekin hitz egiten egon nintzen". Nobelako bi pertsonaiak bertako okupak dira. Liburuaren pertsonaiak, beraz, Lagarto de Escaleritas, bi okupak, jatetxe korear bateko jabe berezia eta Eladio Monroy dira. "Raveloren nobela beltzetako pertsonaia da, eta Toureren istorioarekin gurutzatu dut nobela honetan". 

"Benetako gertaeretan oinarritutako surrealismo ukituak ditu"

"Alexisen heriotza zela eta oso tristea eta transzendentala izango zela uste nuen, baina Alexis oso pozgarria zen". Sagako nobela umoretsuena da, "benetako gertaeretan oinarritutako surrealismo ukituekin".