1. Elefanteenaren pare, zuena bizikleten hilobia da?
Hilobitik datozen erremintak dira, baina bigarren bizitza eman nahi diegu. Jendeak botatzen dituen bizikletak, txatarrera doazenak, berreskuratzen ditugu. Beraz, bizikleta hilobi baino ebakuntza gela.
2. Larri al daude?
Oso gaizki daudenak ez ditugu hartzen. Garbi guneetako langileekin harremana dugu eta esaten diegu konponketa txiki batzuk egin eta prest leudekeen bizikletak gordetzeko. Oso gaizki dagoen bizikletekin hasiko bagina, bakoitzarekin denbora asko emanen genuke eta bizikleta kopuru txukun bat egiteko denbora gehiegi beharko genuke.
3. Nola iritsi dira bizikleta gajo horiek Arbizura?
Hondakin bilketan lan egiten dut. Sakanako Mankomunitatean lanean hasi nintzen eta Arbizuko eta Altsasuko garbi guneetan agertzen diren bizikletak berreskuratzeko aukera aztertu nuen. Baina Emausko Trapuketariak arduratzen dira horretaz hemen. Debagoieneko Mankomunitatean lan egiten dut gaur egun, han saiatu nintzen bizikletak eskuratzen. Haien aldetik ez zen egon arazorik eta handik hartzen ditugu.
4. Diagnosia eginda heldu dira, edo hemen aztertzen dituzue?
Haurren bizikletak kentzen dira txiki geratu direlako eta, normalean, nahiko ondo egoten dira. Baina mendi bizikleta handiak, gehienak, kolpe handi batekin edo tratu oso txarra jasota, aberia dezenterekin etortzen dira. Lehenagoko bizikletak errazagoak dira konpontzeko, mekanika sinpleagoa daukate. Baina azken belaunaldiko bizikleta horiek, berriak, zailagoak, konpontzeko orduan lan gehiago daukate.
5. Dudan bizikleta zuei ematerik dut?
Bai. Zenbat eta bizikleta gehiago guretako hobeto. Jakina, egoera oso txarrean baldin badago, ez. Interesatzen zaigu jendeak etxean dauzkan eta erabiltzen ez dituen bizikletak berreskuratzea.
6. Bakarrik aritzen zara?
Momentuz hiru gaude: Inko Iriarte, Katxo Barandiaran eta hirurok. Aurrera begirako asmoa da proiektu honetarako gero eta bizikleta gehiago biltzea eta bideratzea. Zulaketak eta halako gauza sinpleak egiteko edonor da gai. Baina gero zailtasunak etortzen dira: aldagailua kableak, gurpilak zentratzea... Inko da artista. Rallyetan-eta ibili da eta mekanika nahiko kontrolatzen du. Bestela, kaleko unibertsitatean ikasitakoa, txikitatik bizikleta zaleak izan baikara.
7. Konponketarako materiala, nondik?
Piezetarako oso hondatuta dauden bizikletak erabiltzen ditugu.
8. Zertara bideratu nahi dituzue?
Iruñeko Ayuda Contenedores gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) itsasontzi edukiontziak bete eta Sierra Leona, Siria, Honduras bezalako herrialdeetara bidaltzen dituzte. GKE horrek Sakanan bilketa asko egiten ditu: arropa, eskola materiala...
9. Dagoeneko konpondu dituzue batzuk?
Bai, zortzi edo hamarren bat erabiltzeko prest daude. GKEkoak Sakanara etortzen direnean jaso eta aurreneko bidalketa eginen genuke. Ez dakigu zehazki nora eramanen dituzten, baina lehen aipatutako herrialdeak izanen dira. Baina badakit Afrikako beste leku askotara bidalketak egiten dituztela. Pozik ikusiko ditugu bizikletak hemendik ateratzen, hainbeste bizikletekin lokala txiki gelditzen ari baita.
10. Laguntza behar duzue?
Bai. Ez dugu egun eta ordu zehatzik ezarrita; telefonoz jartzen dugu hitzordua. Ez zaigu bakarka aritzea gustatzen. Nahiago dugu lagunartean etorri, barre egin, denbora tarte bat gustura pasatu eta elkartasun helburu bat bete. Konpontzen laguntzeko edo bizikletak emateko 634 911 754 telefono zenbakira hots egin edo mezua bidali dezala jendeak. Mekanikoak, proba egiten dutenak, muntatzaileak... denetarik behar dugu hemen.
11. Bizikletan ibiltzen zara?
Bai. Ez naiz hainbeste joaten, baina azken urteetan 2.000 kilometro inguru egin ditut urtero. Egia esan Sakana bizikletan ibiltzeko paradisua da. Ataun alderantz joaten naiz, beste batzuetan Lezaun alderantz, Urbasara joatea ere gustatzen zait. Denok bezala, denbora falta beti.