Pello Reparaz musikari arbizuarrak 2019. urte amaieran musika elektronikoa oinarri zuen ZETAK proiektua jarri zuen martxan. Lehengo diskoak taldearen izen bera zuen, ZETAK, bigarrena Zeinen ederra izango den izan zen eta pandemia garaian sortu zuen eta hirugarrena Aaztiyen 2023. urtearen amaieran kaleratu zuen. Besteak beste, musika elektronikoa, euskal doinuak, mitologia eta Unanuko inauterietako estetika uztartu zituen diskoan. "Bilaketa prozesu" baten emaitza izan zen Aaztiyen.
"Bosgarren urteurrena da, eta 'Mitoaroa' prozesu horren isla izan behar da"
ZETAK proiektua martxan jarri zuenetik bost urte pasa dira, eta modu berezian ospatu nahi dute: Mitoaroa ikuskizuna egingo dute 2025eko urtarrilaren 4an, Nafarroa Arenan. Gonbidatu bereziak izango dituzte ere: Unanuko mamuxarroak, Arbizuko txatarrak, Altsasuko momotxorroak, baita Iturengo eta Zubietako joaldunak, Lantzeko inauteria eta Tuterako zipoteroak ere. Ekainaren 4an, 08:00etan, sarrerak salgai jarri dituzte, eta bi orduta baino gutxiagoan agortu dira. Hortaz, bigarren data atera dute, urtarrilaren 3an, eta sarrerak ekainaren 6an, 08:00etan, izango dira salgai.
'AAZTIYEN'
Nondik sortu zenuen 'Aaztiyen'?
Urtetako prozesu bat da. Bilaketa prozesu bat. Aaztiyen-en zergatia ulertzeko oso atzera joan behar garela uste dut. Musika profesionalean Vendettarekin hasi nintzen. Urte horietan guztietan nire tendentzia izan da ahots baten bilaketa eta prozesu horri eustea. Urteak aurrera joan ahala partikularraren bilatzeko prozesu bat egiten joan naiz. Hau da, musika generikoagoa bilatu eta generokotasun horrekin jende gehiagorengana heldu beharrean, urteen poderioz prozesua pixka bat kontrakoa izan da: partikularragoa, bereziagoa eta bakarrago horretara jotzea. Prozesu horretan zehar inflexio puntu garrantzitsuak izan dira; adibidez, Vendettan euskaraz eta gaztelaniaz jotzen genuen, eta Vendettatik ZETAKera emandako saltoan estiloak eta horrelakoak alde batera utzita, nik uste oso garrantzitsua izan zela ZETAK bakarrik euskaraz izatea. Prozesu horretan, harago joan nahi izan horretan, heldu naiz puntu batera non ondoko herrian, 60 bat biztanle dituen Unanu herrian, zerbait oso berezia dagoen; bertako mamuxarroak. Euskal Herrian ez da oso ezaguna, eta horri heldu nahi izan diot. Bakarra, berezia eta partikularra den horren bilaketa prozesu bat izan da. Hortik dator, adibidez, Aaztiyen diskoak Sakanaz, Arbizuz eta bertako detaileaz hainbeste edatea.
Aurreko bira amaituta, ZETAKen amaiera zela zirudien, eta 'Aaztiyen' sortu zen gero. Nolakoa izan da prozesua?
Komunikatiboki zabaldu genuen amaiera bat eta beste hasiera bat izango zela. Musikaren munduan askotan egiten da, eta ni ez naiz zalea askotan espektatiba horien alturan ez delako egoten ondoren datorren hori. Baina hiru urte pasa ditut soinu horren bilaketak, Aaztiyen soinu horren bilaketan, eta benetan sinisten nuen aurretikoaren amaiera bat zela eta zetorrena beste zerbait zela. Loturekin eta konexioekin, noski; prozesu natural baten ondorioa da. Aaztiyen-ek badauka sonoritate oso propio bat, ZETAKen aurreko sonoritatetik edaten duena, baina euskal soinu identitatearen historiatik edaten duena ere. Horregatik komunikatiboki gure planteamendua hain agresiboa izan zen, benetan sinisten genuelako zetorrenak zerbait aportatuko zuela. Hori da Aaztiyen, eta izugarri pozik nago horrekin.
Partikulartasun horretan euskal mitologiaren erabilpena dago ere. Mitologia aurretik jarraitzen zenuen?
Beti gustatu izan zait mitologiaren gaia. Oso eszeptiko erradikala naizen horretan, nahiko kontraesana da, baina nik neuk oso indartsu sentitzen dut kontu hori. Perspektiba arrazional batetik analisi eginez gero, ez dut inolaz ere mitologiako kontuetan sinisten, baina uste dut horrek guztiak zenbait emozio eta sentipen azalerazten dituela euskaldunongan, eta horiek erabili eta eskuztatu ditu modu batera edo bestera esatearren. Ikaragarri emozionatzen naiz. Adibidez, Aralarko Dama idatzi nuen garaian emozionatu nintzen, benetan sinisten nuen oso-oso nirea zela. Nigan zituen sentipen batzuk edo emozioren bat pizten zuen abestigintza prozesu bat zen, orduan, uste dut badagoela zerbait oso-oso gurea dena, eta hortik harago joatea ere espero dut.
Zer da tradizioa?
Tradizioa lotu izan dut urtetan norbaitek historioaren une zehatz baten izan guk izan ditugun ohiturak deskribatu eta definitu nahi izan dituen hori bezala; horiek gara horretan bezala babestu nahi izan dituen zerbait. Horrekin apurtzeko ariketa pertsonal garrantzitsua izan da Aaztiyen. Uste dut abertzaletasun ranzio baten ikuspegitik, ez da hori nire abertzaletasuna, ariketa hori egin nahi izan dela; deskribatu, islatu eta izoztu gure ohiturak historiaren garai zehatz batean. Nik uste dut horrekin apurtu eta guk tradizioa bera ere eskuztatu behar dugula, aldatzen joan behar dela eta urteak aurrera joan ahala artista desberdinek eta herritarrek horrekin jokatu behar dutela eta aldatu behar dutela. Likidoak ez bagara ez gara izango. Esaldi hau asko erabili dut azken urtetan lan taldearekin, eta benetan sinisten dut horrekin.
Unanuko katolak irudi bihurtu dira. Zergatik Unanuko inauteriak?
Hasieran aipatutako partikulartasun horrekin lotuta dago. Altsasuko inauteriak nazioarteko perspektiba batetik oso gauza partikularra eta bereziak dira, baina harago joan nahi izanez gero, Altsasukoak Euskal Herrian oso ezagunak dira, eta partikularragoa, ezezagunagoa edo bereziagoaren bilaketa prozesuan Unanuekin egin nuen topo. Gertu bizi izan ditugu, eta iruditzen zitzaidan ariketa koerenteagoa zela diskoaren sormen intentzioarekin. Unanuko inauterien janzkeraren berrinterpretazio txiki bat egin dugu.
Unanuko inauterietan egon zara?
Aurten izan gara, eta nik duela urte nahikotxo, gaztetxo nintzela, esperientzia ez hain atsegin bat ere izan nuen. Baina maitasunez gogoratzen dudan zerbait da, nire gazteriaren beste gertaera bat.
Zer gertatu zen 2009an?
Milio bateko galdera. Askotan erantzun izan dudana, erantzun gabe. Nik aldarrikatu nahi dut fikzioa euskal abestigintzan. Euskal zineman asko egiten ari da, eder eta fin; azken urtetan puntako fikzioa egiten ari da eta etortzear dauden ikusentzunezkoetan ere etorriko da. Baina abestigintzan ez hainbeste. Abestigileoi Euskal Herrian eskatu izan zaigu edo horrela sinisten dut, behintzat, gardentasun bat gure izaerarekin edota guk kontatzen ditugun istorioak izan behar direla guk bizitutako istorioak. Azken hamarkadetan horrela izan da. Orduan, fikzio hori aldarrikatu nahi dut. Argi eta garbi nire abestietan badira egiak eta ez hain egiak ere. 2009az ari garela, horri heldu diot abestien artean konexioak sortzeagatik, jendeari atzean dauden istorio horiek pertsona bat amankomunean duten sentsazioa emateagatik. Pertsona hori ni neu naiz. Azkenean, nik bizipen asko izan ditu, hemen Sakanan, eta ZETAKen imajinarioarekin bat egiten du bertako istorioak, izenak eta izen propioak erabiltzearena. Egia da badagoela nire abestietan dagoena baino egi gehiago aurkitu nahi duenik, eta Sakana are gehiago. Jende askok galdetzen dit, juergan ere bai, norendako den abesti hau edo bestea. Ondo dago jendeak hitz egitea, horretarako ere balio du. Baina, esandako, erantzuna da fikzioa aldarrikatu nahi dudala.
IKUSKIZUNAK
Sortze prozesuan ikuskizunak ere buruan dituzue edo gerora sortzen dituzue?
Zuzeneko showak muntatzea izugarri gustatzen zait. Orduan, askotan ezin dut ekidin abestigintza prozesuan zuzenekoan nola egin dezakedan pentsatu. Baina egia da ere disko bat egitearen prozesua geroz eta gehiago maite dudala. Konplikatuagoa da exigentzia maila nahiko puntu goren batean aurkitzen naizelako, eta horrek badauka buruhauste pila bat, baina saiatzen naiz disko bat sortzean erabateko askatasuna izaten. Aaztiyen-en, adibidez, bazirela ideia batzuk hasieratik zuzenekoetarako pentsatu nituenak, baina diskoan eta soinu identitate horretan erabat zentratu nintzen. Gerora istorio horiek zuzenekora begira beste batera uztartzea nahi izan dut, eta istorio berri bat eskaini.
Aretoen biraren arrakasta espero zenuen?
Espero genuen aurreko biretan baino jende gehiago etortzea. Horregatik aukeratu genituen Euskal Herriko areto handienak eta horregatik Madrilen eta Bartzelonan La Sala Wizink eta Apolo aretoetara joan ginen. Baina ez genekien, ez genuen espero, hainbeste data eta aretoak errepikatu behar izatea. Iruñean Zentral batean egitetik Totemen egitera pasa ginen jende gehiago sartzen delako, eta hiru emanaldi jarraian egin ditugu. Espero genuen harrera ona izatea ikusten genuelako gure zalegoaren ibilbidea eta bagenekien lan on bat genuela eskuartean. Baina ez genuen hainbesterainokoa izango zenik espero. Poza ikaragarria da. Azkenean, horrelako proiektu baten atzean jendea asko dago, hamarnaka eta hamarnaka pertsona gaude saltsan, eta jendearen soldatak ordaindu behar ditugu, duinak, eta zalegoaren babesak horrelakoa izatea gaitasuna ematen digu proiektu berrietan murgiltzeko eta stand by zeuden hainbat proiektu aurrera eramateko. Ideia asko ditugu, baina horiek nahiko garestiak izaten dira; horiek garatzeko aukera jendeak eskaini digu. Polita da komunitate baten bidez proiektuak aurrera eraman ahal izatea.
MITOAROA
ZETAKek bost urte beteko ditu, eta Nafarroa Arenan ospatuko duzue. Zer ari zarete prestatzen?
Burubelarri murgilduta gaude. Nire bizitzako erronkarik handienetarikoa da. Nafar talde bezala eta euskaraz abesten dugun horretan, Nafarroa Arena bezalako toki batean kontzertu bat egitea inflexio puntu bat da nire bizitzan. Ez dut sekula horrelakorik egin. Ezin emozionatuago nago, bertigo pixka batekin ere; dudarik gabe nire bizitzako unerik garrantzitsuenetarikoa izango da.
Nafarroa Arena helmuga bezala jarri zenuen?
Uste dut errazago dela Nafarroa Arenan kontzertu bat ez egitea, kontzertu bat egitea baino. ZETAKen izaerarekin bat dator gure buruari horrelako erronkak jartzea. Anbizio horretan kokatzen da kontzertu hau, bosgarren urteurrena. Polita da. Gainera, kontzertu honen testuinguruan izango duen forma kontuan hartuta, egun horretarako bakarrik sortutako show bat izango da. Show horrek nafar iruditegi herrikoia aldarrikatuko du, eta militantzia apur bat du ere egun horrek. Benetan harro nago erronka honekin eta gogoz eta ilusioarekin hartu dut. Ez da gauza makala 10.000 pertsonatik gora bildu nahi duen ikuskizun bat egitea.
Gonbidatu bereziak izango ditu.
"Euskal mitologian uztartzen diren eta identitateaz ari den showa prestatzen ari gara"
Show honen izena Mitoaroa da. Show oso berezia da. Bost urte beteko ditu ZETAKek eta Nafarroa Arenan izango da, hori ezin dugu alde batera utzi. Uste dut oso garrantzitsua dela ulertzeko apustu honen garrantzia. ZETAK heldu den puntu eta partikulartasun hori kontuan hartuta, gure euskal izaera eta euskal mitologia uztartzen dituen eta identitateaz ari den show bat sortzen ari gara. Nafar eta euskal iruditegi herrikoi hori ulertzeko laguntza behar genuen, eta hilabeteko hausnarketaren ondoren erabaki dugu gonbite batzuk luzatzea eta horiek baiezko erantzuna izan dute. Zorionez, Unanuko mamuxarroak, Arbizuko txatarrak, Altsasuko momotxorroak, Iturendik eta Zubietatik ere joaldunak etorriko dira, Lantzeko inauteriak eta Tuterako zipoteroak ere izango dira. Uste dut oso ente garrantzitsuak direla nor garen, nondik gatozen eta ziurrenik ere nora goazen erantzuna emateko. Hori da gure erronka. Hori da pertsonalki gehien interesatzen zaidana eta entitate horien guztien parte hartzea ezinbestekoa da Nafarroa Arenan urtarrilaren 4an gertatuko den hori ulertzeko. Aspektu horretan berezia izango da; ederra eta historikoa. Gonbidatuen artean ere Erramun Martikorena egongo da. Niretzako oso garrantzitsua zen bera egotea.
Zein izango da haien papera?
"Pertsonaia horiek hor izatea ezinbestekoa da; beste maila batera eramango dute"
Mitologiaz busti. Mikrofonotik esaten ditudan gauzak, kontatzen ditudan istorioak eta Aaztiyen unibertsoa ulertzen laguntzen dute. Musika elektronikoa, sonoritate euskaldunak eta mitologia tematika uztartzen dira, eta sinisten dut bisualki euskal erlijio zaharraren birtopaketa historiko bat gauzatuko dugula. Showa beste maila batera eramango dutela sinisten dut.
Urtarrilaren 4a baino lehen abesti berriak egongo dira?
Ez. Showarekin ari gara, eta Aaztiyen-i heldu behar diogu; ZETAKen abestiei. Azkenean, bosgarren urteurrena da, eta prozesu horren isla izan behar da Mitoaroa. Gelditzeko eta atzera begiratzeko momentua da.
Eta atzera begira nola bizi izan duzu ZETAK?
"ZETAK proiektuari nire bizia eman diot, erabat; harro nago, oso pozik"
Bost urte izan dira, eta 30 izango balira bezala sentitu dut. Proiektu honi nire bizia eman diot, erabat, eta harro nago; oso pozik nago. Egia da ere nire lagun batek zioen bezala, Izarok zioen bezala, berriz hau guztia egin behar izan banu, ez dakit egingo nukeen. Energia asko jarri diot proiektu honi.