Txirrindulariak

Ane Berastegiren Espainiako Kopako bigarren podiuma

Guaixe 2024ko eka. 12a, 10:55

Lasterketaren une bat. TXIRRINDULARIAK

Juniorren mailako VI. Emakumeen Lizarrako Udala sarian hirugarren sailkatu zen arbizuarra, bigarren nafarra. Espainiako Kopako bigarren podiuma lortu zuen.

Ekainaren 8an VI. Emakumeen Lizarrako Udala Saria jokatu zen, kadeteen, juniorren eta masterren mailan, aldi berean Nafarroako Txapelketa zena. Juniorren mailan (77,7 km) Paula Ostizek (Baque) sekulako erakustaldia eman zuen eta bakarrik iritsi zen helmugara (2:07:12). 1:46ra bederatzi txirrindulariz osatutako taldea iritsi zen, Aitana Calabuig (Tenerifebikepoint) buru zela. Hirugarren postuan Ane Berastegi Jaka arbizuarra (Ecologicos Navarra-Beratxa) sailkatu zen.

Lasterketa Espainiako Koparako baliagarria zen, eta Ane Berastegik Espainiako Kopako bigarren podiuma egin zuen, aurretik Pontevedran lortutakoaren atzetik. Paula Ostiz lehen nafarra izan zen, eta Ane Berastegi bigarrena.

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Ane Beltran de Heredia altsasuarra (Timec Agro Lacturale) 30. sailkatu zen, 6:03ra, eta Siets Goikoetxea urdiaindarra (Ecologicos Navarra-Beratxa) 40., 9:19ra. 

Kadeteen mailan (40,4 km), Alejandra Neirak (Cambre) irabazi zuen esprintean erabaki zen lasterketa (1:06:42). Eider Mazkiaran altsasuarra (Zu-k Limousin) 85. iritsi zen (1:10:11).