pilota

Arbizu, Herrien Arteko Txapelketa Txikitik kanpo

Guaixe 2024ko eka. 21a, 11:20

Aldabide klubeko pilotariek Baztanen kontrako hiru partidak galdu zituzten

Herrien Arteko Pilota Txapelketa Txikian ekainaren 15ean eta 16an final laurdenak jokatu ziren. Arbizu zen txapelketan geratzen zen Sakanako herri bakarra, Irurtzun final zortzirenetan erori baitzen. Arbizuko Aldabide klubeko pilotariek Baztango klubekoak izan zituzten aurkari ekainaren 15ean Elizondon, eta gauzak ez ziren ongi atera Arbizuko taldearendako. 

Izan ere, Arbizuko eta Baztango pilotariek hiru partida jokatu zituzten elkarren kontra, eta hiru partidetan Baztan gailendu zen. 

Benjaminen mailan, Agerraldek eta Jaurenak (Baztan) Loidi eta Mauduit (Arbizu) 18-11 hartu zituzten mendean. Kimuen mailan, Agesta eta Otxandorena (Baztan) 18-8 gailendu ziren Loidiren eta Lopetegiren (Arbizu), eta, haurren mailan, Agestak eta Brañak (Baztan) 18-6 irabazi zieten Mendinuetari eta Urtasuni (Arbizu). 

Herrien Arteko Txapelketa Txikiko finalerdiak asteburuan jokatuko dira, Lesakan. Ekainaren 21ean, ostirala, 18:00etatik aurrera Bera eta Lizarra taldeak lehiatuko dira, benjaminen, kimuen eta haurren mailan. Hurrengo egunean, 9:30ean, Leitza eta Baztan klubak izango dira lehiatuko direnak, aipatu hiru kategorietan.