Pilota

Joseba Ezkurdia, Sanferminetako Lau eta Erdiko final laurdenetan

Guaixe 2024ko eka. 24a, 09:15

Ezkurdiak bere laugarren partida irabazi du jarraian, oporren ondoren. EITB

Arbizuarra ikusgarri aritu zen Astelenan, eta Zabala 11 tantotan utzi zuen

Sanferminetako Lau eta Erdiko final zortzirenak jokatu zituzten Joseba Ezkurdiak eta Javi Zabalak ekainaren 23an Astelenan, Eibarko pilotaren katedraleko denboraldiko azken partidan. Joseba Ezkurdia beteranoak eta kaiolako espezialista handiak (lau eta erdiko hiru txapela ditu) aurtengo sentsazioetako bat, Javi Zabala, zuen aurkari. Arbizuarra erasokor hasi zen hasieratik, pilotari sekulako abiadura emanez. Hasieran Zabalak eutsi zuen, baina berehala amore eman eta Zabalak ezer gutxi egin ahal izan zuen piloten indarra eta abiaduraren aurrean. Launako berdinketaren eta 6-5ekoaren ondoren, ihes egin zuen arbizuarrak eta di-da batean 10-5 eta 13-9 aurreratu zen, eta segidan 19-10 jarri zen markagailuan. Ikusgarri aritu zen Ezkurdia. Gainera, ohi baino akats gehiago egin zituen errioxarrak, eta, azkenean Ezkurdiak 22-11 irabazi zuen, Sanferminetako Lau eta Erdiko final laurdenetarako sailkatuz. 

Peio Etxeberria, zain
Joseba Ezkurdiak Peio Etxeberria lagun mina izango du aurkari Sanferminetako Lau eta Erdiko final laurdenetan. Partida ekainaren 27an, ostegunarekin, jokatuko da Zumarragako Beloki pilotalekuan, 22:15ean.