Pilota

Ezkurdia Sanferminetako Lau eta Erdiaren bila doa

Guaixe 2024ko eka. 28a, 09:30

Ezkurdiak Altuna du zain ekainaren 29an, Sopelan. ARTXIBOA

Peio Etxeberria erosotasunez irabazi eta gero, final erdietan Altuna izango du arerio ekainaren 29an Sopelan

Ekainaren 27an, osteguna, Joseba Ezkurdiak Peio Etxeberria izan zuen aurkari Sanferminetako Lau eta Erdiko final laurdenetan. Partida Zumarragako Beloki pilotalekuak hartu zuen, eta Ezkurdiak Sanferminetako Lau eta Erdiko torneoa bere helburuetako bat duela erakutsi zuen, maisuki jokatuta 8 tantotan utzi baitzuen Peio Etxeberria laguna. 

Buruz Burukoaren ondoko oporraldiak mesede handia egin dio aurrelari arbizuarrari, oporren ondoren bueltatu denetik jokatu dituen partida guztiak irabazi dituelako. Airea hartzea eta askatzea behar zuen Ezkurdiak, reset egin eta berriro zerotik hasi. Eta ongi joan zaio. Lau eta erdian espezialista hutsa dela erakusten ari da Sanferminetako Lau eta Erdian. Peio Etxeberriaren kontrako partidan serio jokatu zuen, ongi sakatu, eta arerioa kantxan handik ona mugiarazi zuen, pilotari abiadura handia emanez. Jokoaren ekimena berea izan zen, eta bolearekin eta bi paretekin Zenozko pilotariari min handia egin zion. Peio Etxeberria, aldiz, ez zen batere fin ibili. Bukaeran aitortu zuenez, “oso partida txarra” egin zuen.

Beraz, Peio Etxeberriari 22-8 irabazita, Sanferminetako Lau eta Erdiko final erdietan Jokin Altuna izango du aurkari Joseba Ezkurdiak ekainaren 29an, larunbata, Sopelan. Sarrera guztiak agortuta daude. Arbizuarrak uztailaren 7an Nafarroako Arenako final handian egon nahi du, eta guztiz konektatua dago. Egungo areriorik gogorrena du aurrean, baina ea finalean egotea lortzen duen.