Pilota

Arbizuko VI. San Fermin Torneoko finalerdiak ikusgarriak izan ziren

Guaixe 2024ko eka. 28a, 08:15

Finalistetako batzuk, Arbizuko finalerdiak jokatu baino lehen. EMAKUME MASTER CUP

Uztailaren 13an, Labriten, Amaia Aldai-Uxue Osesek eta Aizane Ibarrola-Enara Gamindek jokatuko dute final handia

Arbizuko festen egitarauaren barruan, ekainaren 27an San Fermin Torneoko finalerdiak jokatu ziren Arbizuko kiroldegian. Giro ederra zegoen, eta jende asko gerturatu zen frontoira pilotariak animatu eta primerako jokoaz gozatzera. Uztailaren 13ko Labriteko final handian finalistek Arbizun bezala jokatzen badute, ikuskizun itzela biziko dute Bomboneran bilduko diren zaleek, finalerdiak ikaragarriak izan zirelako, maila handiko partidak, emozioari azken tantoraino eutsi ziotenak. 

Amaia Aldaik eta Uxue Osesek Goiuri Zabaleta eta Nora Mendizabal 22-21 hartu zituzten mendean partida estu, borrokatu eta itzelean. Maila handia erakutsi zuten laurek, eta Zabaleta gazteak egungo pilotari onenen artean dagoen Amaia Aldairi aurre egiteko erronka nota onaz gainditu zuen, nahiz eta finalerako ez sailkatu.

Beste finalerdian, Aizane Ibarrolak eta Enara Gamindek 22-20 hartu zituzten mendean Olatz Arrizabalaga eta Itxaso Erasun, emozioz betetako beste finalerdian. Alazne Ibarrola gaztea ikusgarri aritu zen. 

San Fermin Torneoko final handia, beraz, Amaia Aldai-Uxue Osesek eta Aizane Ibarrola-Enara Gamindek jokatuko dute, uztailaren 13an, Labriten. ETB1ek zuzenean eskainiko du final borrokatua espero dena.