Pilota

Altuna, Ezkurdiaren amets gaiztoa

Guaixe 2024ko uzt. 1a, 09:20

Joseba Ezkurdia. UTZITAKOA

Amezketako txapeldunak 5 tantotan utzi zuen arbizuarra, eta Sanferminetako Lau eta Erdiko finala jokatzeko ametsa zapuztu zion. Altunak seigarren aldiz jokatuko du uztailaren 7ko Sanferminetako kaiolako finala, Peña II.aren kontra

Sopelak hartu zuen Sanferminetako Lau eta Erdiko Aspeko adarreko finalerdia, ekainaren 29an. Ikuskizun handiaz gozatzeko asmoz bildu ziren frontoia leporaino bete zuten pilotazaleek, Altuna eta Ezkurdia distantzia txikiko espezialista handiak baitira. Txapelketan ikusgarri arituta iritsi zen finalerdietara Joseba Ezkurdia, uztailaren 7an Nafarroa Arenan egoteko asmoz, eta aurrean egungo pilotari osoena zuen, Altuna III.a, asmo berberarekin. Ezkurdiak bazekien ez zela erraza izango, baina Altunaren erauntsiaren aurrean ezer gutxi egin ahal izan zuen. 

Altunari guztia ongi atera zitzaion eta ez zuen akatsik egin, eta mendebal horren aurrean Ezkurdiak ezer gutxi egin ahal izan zuen, Altunak jokoaren ekimena izateaz gain, partidaren tempoak kontrolatu baitzituen. Ezkurdiaren aurrean oso kontzentratuta ibili behar zuela jakitun zen, eta hala aritu zen. Beste behin, Altuna Ezkurdiaren amets gaiztoa izan zen: 5 tantotan utzi zuen arbizuarra. Pena handiz, Sanferminetako Lau eta Erdiko finala jokatzeko ametsari agur esan zion Ezkurdiak. 

Altunak, aldiz, Sanferminetako Lau eta Erdiko finala seigarren aldiz jokatuko du uztailaren 7an Nafarroa Arenan 11:00etan hasiko den jaialdian. Peña II.a izango du aurkari, gipuzkoarrak 11-22 irabazi baitzuen Unai Laso, Elgetan.