Aritz Etxeberria

"Suertea izan genuen eta Kalifornian gaude"

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko abu. 2a, 09:00

Sacramenton bizi da arbizuarra, emaztearekin batera. Lantegi bitxi batean ere lan egiten du

Amerikako Estatu Batuetako (AEB) Kalifornia estatuko hiriburuan, Sacramenton, bizi da Aritz Etxeberria Alonso, Edurne emaztearekin batera. "Oraintxe bertan bi urte egin du hemen bizi garela". Edurne irakaslea da. "Hezkuntza Ministerioak urtero atzerrian gaztelania irakasle lan egiteko irakasle plazak ateratzen ditu". Duela bi urte eta erdi aurkeztu zuen Kaliforniara joateko eskaera. Baita onartu ere. 

Biek Kaliforniako bidea hartu zuten. "Nik lan egiten nuen enpresan eszedentzia eskatu nuen". Etxeberria gaur egun "marihuana landareak hazten lan egiten dut". Izan ere, Kalifornian medikuntza eta aisialdi erabilerak legezkoak dira. Lan egiten duen lantegian denetariko marihuana motak ekoizten dituzte: osasun terapietarako eta aisialdirako. "Uste dut baita kosmetikarako ere erabiltzen dela, gauza askotarako", azaldu du arbizuarrak. "Enpresa oso handia da. Ez du kalean hazten. Lantegi batean lan egiten dut. Hogei areto handi daude eta bakoitzean 700 eta 900 landare artean daude". 

"Egon nahi zenuen jende batzuekin beharbada ez zara hainbeste egoten"

Esan duenez, "Arbizu moduko herri batetik halako hiriburu batera joatea, AEBn, alde handia dago. Dena askoz ere handiagoa da. Beste hizkuntza bat, beste kultura bat, bizitzeko modu oso desberdina ere". Aurreiritzia berretsi digu, "edozertarako autoa erabiltzea beharrezkoa da, distantziak oso handiak baitira". Hori bai, lanera bizikletan doa, lantokia etxetik "nahiko gertu" duelako. 
Arbizuarrak azaldu duenez, hiriburua "nahiko laua da. Ordu erdiko bidaia egin edozein norabidetan eta nahikoa laua da. Baina gero natura asko-asko duzu… Kosta aldera mendi dezente daude. Barrualdean Sierra Nevadarako mendilerroa dago". Han daude Sekuoia edo Yosemite parke nazionalak. "Mendilerro hori oso handia da". Beraz, "naturan ibiltzeko aukera badaukagu. Hori da ere hemen egoteko gogoa mantentzen dizun arrazoi garrantzitsuenetako bat ere". 

Joan-etorriez

Arbizura sanjoanetan bueltatzen da urtero. "Hilabete guzti-guztia ez, baina, ia-ia guztia egoten gara, bai". Etxeberria Arbizura iritsi eta egiten duen aurreneko gauza da familiarekin eta lagunekin egotea, ordena horretan. Azken finean, "gehien maite dituzunekin egotea". 

Sorterrian dela bizikletan ibiltzea gustuko du. "Bizikletan ibiltzeko zaletasun handia dut". Mendiko bizikletarekin batera eta bestera ibiltzen da, Aralar, Urbasa-Andia… Horregatik, "hilabete horretan ematen dudan denbora ahalik eta hobekien aprobetxatzen saiatzen naiz. Egia esan motz gelditzen zaigu".  

Arbizuko egonaldietan ezin parrandak faltatu. "Kalifornian parranda ere badago, baina oso desberdina da. Kalifornian parranda gehiago egiten da egunez, Arbizun gehiago gauez. Kalifornian 00:30erako dena ixten dute normalean. Eta kalean eskaleak besterik ez dira gelditzen". Aurten San Joan festetan bueltatu ziren Kaliforniara. "Gustatuko litzaidake Arbizun egunen bat gehiago gelditzea". Bestela, denbora muga ere traba da eta "egon nahi zenuen jende batzuekin beharbada ez zara hainbeste egoten". 

Kaliforniara bueltan Arbizutik berarekin eramaten duena da "sanjoanetako giroa, jende guztiarekin egoteko une hori". Baita herria utzi beharragatik "pena sentipena" ere. Berarekin gustura eramanen luke jatekoren bat AEBra. "Baina debekatuta dago jatekoak hara eramatea. Ez dakit osasun kontuagatik-edo den ez dutela jatekoa sartzen uzten". Beraz, ezin eraman maletan ez gazta, ez txorizo ez beste ezer. "Arbizuko janaren zaporearekin etortzen gara". Etxeberriak berarekin Kaliforniara "beti" eramaten duen bestea Beriainen irudia da. Dena ongi joanez gero, hurrena, heldu den urteko festetarako izanen dira Arbizun.