Arbizuko Udalak Fernando Urkia kaleko sareak eta zorua berritu nahi ditu. Horretarako proiektu behar du eta, hain zuzen ere, proiektuaren erredakzioa emateko deialdia egin du. Egiteko horrengatik udalak 23.887,65 euro (BEZik gabe) emateko deialdia egin du.
Lurralde Kohesiorako Departamentuak Arbizuko Udalaren dirulaguntza eskaera Toki Inbertsioen Planeko erreserban utzi zuen. Baina uda hasieran jakinarazi zioten Arbizuko Udalari laguntza emanen ziotela. Udalak Fernando Urkia kalean lau lan egin nahi ditu. Batetik, ur hornidura eta hondakin uren sareak berritzeko lanak, 105.396,48 euroko aurrekontua dutenak. Bestetik, euri ura jasotzeko sarea berritzeko lanak, 47.877 euroko balioa dutenak. Azkenik, behin sareak berrituta kaleko zorua berritu beharko da eta horretarako udalak 278.329,30 euro aurreikusi ditu. Guztira 431.602,78 euroko inbertsioa (BEZik gabe).
Arbizuko Udalak uraren inguruko eskumenak Sakanako Mankomunitatearen esku utzi zituen. Beraz, ur hornidura eta hondakin uren sareak egiteko lanak ibarreko erakundearen ardura dira. Hark pagatuko lituzke. Gainontzekoak, berriz, Arbizuko Udalak.