Duela hiru urte Nerea Perez Barbarin arbizuarra gitarra hartu eta kontzertu akustikoak ematen hasi zen, bakarlari gisa; Nerepe. Gehienbat bertsioak jotzen zituen, etxean ikasitako "hiru akordeekin". Pixkanakapixkanaka bere musika eta emanaldiak herri gehiagotara zabaltzen joan zen. "Oso ondo joan dira urte hauek. Herriz herri jotzen joan naiz eta geroz eta distantzia gehiagora nolabait esateko". Musikaren munduan hasi zen garai horretan Gasteizera ikastera joan zen, "eta jende gehiago ezagutu dut, toki gehiagotara gonbidatu naute...". Arabako hiriburuan ere musika eszena berri batekin topo egin du, eta egindako lagunekin esperimentatzen hasi da. Krd' Krudo eta Brn taldeekin kolaborazioak egin ditu.
"Gasteizen musika elektronikoagoa eta raparen mundua edo euskal raparen mundua ezagutu dut. Hemen egin ditudan lagunak zirkulu horretan mugitzen dira, eta bertan ere jende gehiagoarekin elkartu naiz. Kolaborazioak raparen inguruan egin ditut". Gasteizen "duela urte asko" euskal rapa egiten duen jendea dago eta, besteak beste, Annekdotas musikari olaztiarrarekin ere aritzen da. "Gaur egun elkarrekin bizi gara ere eta zirkulu berdinean aritzen gara". Nerepek azaldu duenez, gitarrarekin eta bertsioak egiten hasi zen "ez nuelako beste inor ezagutzen. Gitarra etxean jotzen ikasi nuen, amaren laguntzarekin, bertsioak ikasi nituen eta hortik nireak egin nituen. Baina beti gitarrarekin". Gasteizen "biten" berri izan du.
Mundu berri bat, "literalki". Euskal raparen edo raparen euskal eszena horrekin bere burua gehiago ezagutzeko eta "musika egiteko eta probatzeko bide desberdinak" egiteko aukera eman dio.
Izaera
"Egia esan Arbizun bizi nintzenean musika hori ere entzuten nuen. Ziakhus taldea entzuten nuen; Haizeatxo euskal rapa egiten duen emakume bat dela... Rap musika entzun izan dut, baina ez dut izan pertsonaren bat zeinarekin hori partekatu; esan nahi dut, ez dut izan norbaitekin komentatzeko: 'abesti hau entzun dut, bestea...'". Arbizun, "nire inguruan behintzat", oi musika eta streetpunk musikaren inguruan mugitzen direla esan du Nerepek, "orduan, hona etorri arte ezin izan dut gustu hori inorekin partekatu".
Hasiera batean lagun egin zituela azaldu du arbizuarrak, "rapa ezagutzen hasi nintzen, punka...". Atentzio gehien eman ziona musika sortzeko eta egiteko modua izan zen: "Lagun asko lokal batera joan, momenturen batean base bat hartu eta musika egiten hasi, bakoitzak bere letrekin eta batbatean: ze abesti puska egin dugun hemen!". "Pila bat" gustatu zitzaiola esan du musikariak, "denbora pasatzeko, lagunekin egoteko eta disfrutatzeko modu bat zelako, lan bezala edo profesionalki bezala hartu beharrean".
Gasteizen musika eszena berri batean murgildu eta lagun berriak egin ditu; "neure burua ezagutzen lagundu nau pila bat. Burua irekitzeko modu izugarria izan da". Musikaren aldetik "bilatu nahi dudan tokia" aurkitzeko bertako jendea oso lagungarria izan dela gaineratu du: "Hemendik dabilen jendea entzutea. Niretzako erreferente bat dira egin nahi dudan musika egiteko".
"Nire burua gehiago ezagutu dut; izaera honetan inspiratuta sortu nahi dut"
Raparen eta elektronikaren mundu berri honetan sartzeak ez du esan nahi gitarra alde batera utziko duenik. "Gitarra eta kontzertu akustiko horiek ez ditut utzi nahi, bertsioak jotzen eta abar, gustura egoten naizelako. Deitzen didatenean jarraituko dut". Baina proiektu pertsonal gisa beste musika estiloarekin egingo du: "Nire izaera askoz gehiago ezagutu dut jende gehiagoarekin topo eginez. Pertsona berri horietan inspiratuta eta izaera berri honetan inspiratuta sortu nahi dut". Gainera, ez die beste estiloei atea ixten: "Denetarik egiten dut: beste lokal batera joan eta baxuarekin, jotzen ez dakidala, bateriarekin eta abarrekin punkarradak ere egiten ditugu; baina hori, ba, guztiz denborapasa dela".
"Mundu honetan hasiberria naiz eta ez zait gustatzen gauzak asko planifikatzea. Ez ditut ondo eramaten planeatutako gauzak, orduan, pixka bat modu eroan eramaten ditut". Nerepek argi daukana da ingurua ezinbestekoa dela musika berria egiteko:"Ondoan daukadan laguntzez eta erreferentziaz hartuz estilo berriak deskubritzen joan naiz, oso gustuko ditudanak, eta estilo horietan arazorik gabe abesten dut. Nire ahotsa horretara bideratu nahi dut". Momentuz, bi kolaborazio egin ditu: Kdr' Krudo taldearekin Grasa abestia eta Brn taldearekin Barkatu abestia. "Bat dena rapa da eta bestea melodikoa, abesten. Horrelako nahasketa bat egin nahi dut".
Musikarekin esperimentatzea gustatzen zaio, eta ondoan duen jendeari esker gauza asko proba dezakeela azaldu du Nerepek: "DJ asko ezagutzen ditut, bitmakerrak, raperoak, Annekdotas ere ondoan daukat ordenagailuarekin soinu asko egiten dituela... Esperimentatzeko eta probatzeko aukera handiak ditut; hori da gehien gustatzen zaidana, erreferentetzat hartu dudan jendearekin aritzea. Hori da gehien motibatzen nauena eta nire burua ezagutzera eraman nauena".
Etorkizunari begira, sortzen ari den musikarekin "zerbait" egin nahi du: "Bai pentsatzen dut ez dela gitarrarekin bezala izango. Gitarrarekin ditudan abestiak ez ditut grabatuko; zerbait berezi dira. Baina orain gauzak asko planteatzen ditut ez naizelako ni bakarrik". Raparen munduan "lagunekin, base batekin eta abarrarekin" sortu behar ditu abestiak.