Argiteria publikoa berritzeko egitasmoan beste pauso bat

Guaixe 2024ko ira. 30a, 11:54

Arbizuko Iruñeko etorbidea. ARTXIBOA

Udalak bigarren faseko lanak eman nahi ditu.

Arbizuko Udalak herriko argiteria publikoaren energia auditoretza egin zuen 2020an. Urte hartan bertan udalak San Joango koadroa eta handik pizten diren farolak berritu zituen. Azken horietan LED argiak jarri zituen. Oraingoan Arbizuko Udalak Iruñeko etorbideko kanpoko argiteria publikoa berritu nahi du. Horretarako, LED argiak jarriko ditu. Gainera, bost farola tokiz aldatuko ditu zebrabideen parean jartzeko. Aldi berean, Loinazen dagoen koadroa egungo legedira egokitu dute. Horretarako, Arbizuko Udalak lanak emateko deialdia egin du. Lanek 32.728,70 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. Lana egin nahi duen enpresak bere eskaintza lastailaren 1eko 10:00ak arte aurkez dezake. Lanak azaroaren 7rako despeditu beharko ditu. 

Lan horiek eginda,  Arbizuko Udalak argi horien kontsumo arrazionala lortuko du, instalatutako potentzia murriztuz, kontrolatuz eta erregulatuz, eta arauak eskatzen eta gomendatzen dituen argiztapen mailak murriztu gabe. LED motako argiztapenek eraginkortasun energetiko handiagoa dute, eta kontsumo mailak gaur egun instalatuta dauden luminariek baino txikiagoak dira; horrela, onura energetikoak, ekonomikoak eta ingurumenekoak lortuko lirateke.