Pilota

Artola jokatzeko moduan da, eta Ezkurdiak final laurdenetako txartela du berarekin du jokoan

Guaixe 2024ko urr. 11a, 13:30

Artola eta Ezkurdia, material aukeraketan. ASPE

Lau eta Erdiko hiru txapela ditu Joseba Ezkurdiak eta 2024ko txapelaren borrokan sartu nahi du. Horretarako, Lekunberriko final zortzirenetan Iñaki Artola gainditu beharko du.

2024ko Lau eta Erdiko Txapelketa martxan da. Joseba Ezkurdia eta Iñaki Artola urriaren 13an Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuko final zortzirenetan lehiatuko dira. Irabazleak txapelketan aurrera jarraituko du, final laurdenetako ligaxkarako sailkatuz. 

Ezkurdiaren eta Artolaren partida airean egon da azken unera arte, Artolak berriki erabaki baitu jokatzeko moduan dagoela. Urriaren 11n frontoian proba egin du, eta orduan hartu du Lekunberrin jokatzeko erabakia. Nolanahi ere, urrriaren 8an pilota aukeraketan izan zen, Ezkurdiarekin batera. 

Ezkurdiak Artolak jokatuko zuela uste zuen material aukeraketa egunean, eta asmatu du. "Bitartean, ni nirea egiten ari naiz, Lekunberrira ahalik eta hobekien iritsi, eta sentsazio onekin jokatzeko. Nirean zentratuta nago, ea gero zer pasatzen den".