1.500 pintxo txistor eman zituzten XIV. Txistor egunean. Bitartean oholtzan zegoen epaileek txistor pintxo lehiaketako sei proposamenak dastatu eta haien inguruko iritzia partekatu zuten. Edizio honetako epaileak izan ziren Javier Diaz (Alhambra jatetxea), Juantxo Saenz (Herriko taberna), Nerea Caballe (Izar Ondo) eta Aroa Petriati; saria Juanito tabernako Bonbona pintxoarendako izan zen. Jon Razkinek jaso zuen 300 euroko saria, baina Mª Jesus Lopez de Sabando eta Zhara Boujaja sukaldariekin banatu zuen. Hiruren artean txistorra, tipula eta zitriko ikutua zuen pintxoa sortu zuten.
Txistor egunari soinu banda, alde batetik, Nafarroako hainbat tokitatik etorritako 65 trikitilarik jarri zioten. Bestetik, erraldoi konpartsarekin kalejiran aritu ziren gaitariak. Eta, azkenik, Sakana Kantuzek. Kantuan Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Bakaikuko kantu taldeetako kideek parte hartu zuten.
Kale Nagusian zegoen azokan denetarik erosteko aukera izan zuten arbizuarrek eta bisitariek: gazta, eztia, barazkiak, patea, hestekiak, txistorra, arropa, arrautzak, sukalderako tresnak, ukenduak, jostailuak, artisautza eta beste eskuratzeko aukera izan zuten. Berrogeita hamar postu izan ziren. Haietatik pasatuta, bisitariak eskuetan erosketa poltsak zituztela bueltatu ziren autorantz. Txistor eguna behar bezala antolatzeko makina bat arbizuarrek auzolana egin zuten.