Pilota

Lekunberriko ezina

Guaixe 2024ko urr. 14a, 10:10

Joseba Ezkurdiak bere onetik aterata bukatu zuen partida. PATXI CASCANTE

Joseba Ezkurdia ez da Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkara sailkatu Artolaren kontra 11-22 galdu eta gero. Lehen zatian nor baino nor aritu ziren bi pilotariak, baina hamarna berdinduta zeudela Artolak partida hautsi zuen

Urriaren 13koa arratsalde oso gogorra izan zen Joseba Ezkurdiarendako. Aurrelari arbizuarra, Lau eta Erdiko hiru txapelarekin kaiolako espezialista handia dena, kaiolako final zortzirenetan erori zen Lekunberrin, presiorik gabe eta konfiantza handiz aritu zen Iñaki Artolaren kontra. Artolak bi egun lehenago konfirmatu zuen partida jokatzeko moduan zegoela, sanmateotan lesionatu baitzen, eta partida bukaeran aitortu zuenez, “ez nuen inola ere pentsatuko jokatuko nuenik; oso etsita nengoen”. Baina partida jokatu, Ezkurdia bere onetik atera eta final laurdenetako ligaxkara sailkatu zen, “sekulako saria”. 

Lekunberriko frontoia beteta zegoela jokatu zen partida. Dirua Ezkurdiaren alde atera zen, 100-40ra. Lehen zatia borrokatua izan zen, oso gogorra, tanto luzeekin. Nahiko berdintsu zihoan lehia. Hamarrera berdinduta zeudela, Ezkurdiaren pilotak txapan jo zuen. Eta hori mugarria izan zen, hortik aurrera Artolak partida hautsi zuen. Hamar tanto egin zituen segidan, Ezkurdiak behera egiten zuen bitartean. Bere buruarekin haserre zegoen arbizuarra, eta akatsak pilatu zituen. Artolak lasai eta presio gabe jokatzen zuen bitartean, Ezkurdia faboritoa zen eta irabaztera behartuta zegoen, presioarekin, eta deseroso ikusi zitzaion bigarren zati horretan, bere onetik aterata. Azkenean, 11-22 gailendu zen Artola, eta final laurdenetarako sailkatu zen, opari ederra.

“Konfiantzak gehiago balio du fisikoak baino. Ia entrenatu gabe etorri naiz, baina konfiantzarekin” azaldu zuen Alegiakoak. Partidaren gakoa Lekunberriko ezker paretan egon zela uste du. “Ezker pareta oso irregularra du, eta zorua bizia, ezker paretan ongi jotzen zuenak ”. Halaber, Ezkurdiak akaso ez zuela bere egunik onena izan aipatu zuen. “Duen ibilbidearekin, dema hau nahitaez irabaztekoa zuen. Ni hankarekin presiorik gabe etorri naiz, eta sekulako oparia izan da”.  

Ezkurdiarendako, aldiz, Lekunberrikoa gogorra izan zen, galtzeko moduarengatik, bereziki. Ez baitzen bera izan.